Energia

EBk 578 milioi jarriko ditu Bordele-Gatika itsas azpiko kablea egiteko

Frantzia eta Iberiar Penintsulako argindar sareak konektatuko ditu.

Itsas azpiko zuntz optiko kablea lotzeko lanak, Sopelako Arrietara hondartzan (Bizkaia), iazko ekainean. LUIS JAUREGIALTZO, ARGAZKI PRESS
Iker Aranburu.
2018ko urtarrilaren 25a
17:39
Entzun

Inoiz Europako Batasunak argindar konexioak hobetzeko emandako laguntzarik handiena jasoko du Bizkaiko Golkoaren azpitik joango den kableak. Europako diruarekin proiektuaren heren bat finantzatuko dute, kostu osoa 1.750 milioira helduko dela kalkulatu baitute Frantziako eta Espainiako argindar sareen kudeatzaileak.

Kableak 370 kilometro izango ditu, eta horietatik 280 joango dira itsasotik. Ertz batean Bordeletik gertu dagoen herri bat izango da, Cubnezais  (Akitania Berria, Frantzia); bestean, berriz, Gatika (Bizkaia). Bi ertzetan bat egingo dute gaitasun handiko argindar sareekin.

Lau kable izango dira, eta horri esker Frantzia eta Iberiar Penintsula arteko konexioa bikoiztu egingo da: 2.800 megawatteko gaitasuna du orain, eta 5.000 megawattera iritsiko da. Interkonexioa %6koa da gaur egun, eta kablearen bitartez iritsiko da EBk jarritako %10eko helburuari. Batasunaren asmoa da epe luze batean argindarraren merkatu bateratu bat eratzea kontinente osoan.

"Merkatua guztiz interkonektatzea derrigorrezkoa da horniduraren segurtasuna handitzeko, hornitzaile bakarrekiko menpekotasuna txikitzeko, eta kontsumitzaileei aukera gehiago eskaintzeko", azaldu du Energia komisario europarrak, Miguel Arias Cañetek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.