Kontu publikoak

EBk eta Italiak akordioa lortu dute aurrekontuaren inguruan

Bruselak ontzat jo du Italiak azken proposamena, eta ez dio isunik jarriko.

Pierre Moscovici eta Valdis Dombrovskis, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE
Iker Aranburu.
2018ko abenduaren 19a
20:55
Entzun

Bi hilabeteko lehia akordio batekin amaitu dute Europako Batzordeak eta Italiako Gobernuak. Valeris Dombrovskis EBko lehendakariordeak jakinarazi du onartu egin dutela Erromak gobernuak joan den astean aurkeztu zion azken proposamena. Lehen aurrekontu proiektuak BPGaren %2,4ko defizita aurreikusten zuen, baina azkenekoak dio %2,04 izango dela, gastu batzuk atzeratu egin dituztelako.

Dombrovskisek ziurtatu du azken proposamenak ez dituela "egiturazko kalteak" eragingo Italiaren kontu publikoetan, eta hori nahikoa dela zigor prozedura bertan behera uzteko. Baina gaineratu du ez dagoela erabat gustura: "Garbi mintzatu gaitezen: irtenbidea ez da perfektua. Baina zigor prozedura ireki behar izatea eragozten du. Eta Egonkortasun Ituna serioski ez betetzeko egoera zuzendu du".

Abendu hasierara arte Bruselak Italia zigortzeko asmoa zuen, Erromako gobernuari eta beste euroeszeptikoei erakusteko ez zuela bigun jokatuko arauak hautsi nahi dituztenekin. Baina Jaka Horien mugimenduari erantzunez Frantziako Gobernuak 10.000 milioi euroko gastuak agindu eta defizit aurreikuspena %3,2ra igo ondoren, bere jarrera bigundu behar izan zuen Batzordeak. Gauza bat baita gobernu euroeszeptiko batekin borrokan aritzea, eta beste bat arazoak sortzea establishment europazalearen ikur nagusiari —Emmanuel Macroni—.  Ofizialki, Italiaren eta Frantziaren kasuak desberdinak direla aldarrikatu du Batzordeak, baina bi kasuak alderatzea saihestezina zen. 

Bruselak ez ezik, Erromak ere bere jarrera bigundu du. "Aurrekontuan ez dugu kakots bat ere aldatuko", ziurtatu zuen Matteo Salvini lehen ministrordeak, aurrekontua aurkeztu zutenean. Baina ikustean EB prest zegoela isunak jartzeko, eta ikustean finantza merkatuek Italiaren jarrera zigortzen zutela —300 puntura igo zuten arrisku saria—, aldaketa esanguratsu batzuk egin ditu.

[youtube]https://youtu.be/NsS7HYUG_Ek[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.