EBk ez du mugimendurik egingo Donald Trumpek muga zergak berretsi arte

«Elkarrizketa da gure lehen aukera», esan du Cecilia Malmstromek, baina Europako Batasuna «erantzuteko prest» dagoela garbi utzita

AEBetako presidentea, herenegun, muga-zergak iragartzeko agerraldian. MICHAEL REYNOLDS / EFE.
xabier martin
2018ko martxoaren 10a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Donald Trumpek mundua benetako merkataritza gerra batean sartu ote duen zalantzak erne jarri ditu nazioarteko eragile guztiak. Europako Batasunak zuhurtziari helduta ekin dio albistearen biharamunari: bere altzairu eta aluminio inportazioei muga zergak ezarri dizkie AEBetako Gobernuak, %25 eta %10ekoak hurrenez hurrenez. «Gure lehen aukera elkarrizketa da, baina, egoerak eskatzen badu, erantzun egingo dugu», esan zuen Cecilia Malmstron EBko Merkataritzako komisarioak, atzo.

Gaur bertan Robert Lightizer AEBetako Kanpo Merkataritzako arduradunarekin elkartuko da Malmstron. Trumpek iragarritakoa «ez da nahikoa argia», Batasunaren ustez, eta argitasun handiagoa nahi du AEBetako produktuen aurkako neurriak hartu aurretik. «Ez dugu gatazka bat nahi, bakea baizik; guk ez dugu hau eskatu». Dena den, asteazkenean jada marraztu zuen neurri horien zirriborroa: bourbona, kakahuete gurina, ahabiak eta laranja zukua izan daitezke EBren balizko muga zerga berrien jopuntuak. Galdera da noiz mugituko duen fitxa hori Batasunak, gaur-gaurkoz tempus-ak egin baititzake aldeak. Malmstronek 90 eguneko epea ezarri du, gehienez.

Beraz, zuhurtzia bai, baina erantzuteko prestasuna ere bai. EBk «lagun amerikarrak» MME Munduko Merkataritza Erakundearen arauak errespetatzea nahi du, eta erakunde horren bitartekaritza aktibatuko du, Trumpek ez badu atzera egiten.

Protekzionismo iraingarria

AEBetako presidenteak ez dio jaramonik egin neurri protekzionistarik ez hartzeko ehun kongresukide errepublikanok egindako deiari, ezta bere aliatuek egindako oharrei ere, eta muga zerga berriak berretsi zituen herenegun. Keinu bakarra egin zuen: Kanada eta Mexikoren inportazioak salbuetsi zituen aldi baterako, horrekin espero duelako NAFTA berritzeko negoziazioetan amore emango dutela. Beste «aliatuei» ere aukera hori eman nahi die Trumpek, baina soilik arlo militarrean eta merkataritza kontuetan AEBak «zuzen» tratatzen badituzte.

Alemaniak atzo esan zuen «erantzun zuhurra baina argia» eman behar dela. Brigitte Zypries Ekonomiako ministroak argi hitz egin zion Trumpi: «Oso gertuko aliatuak iraintzen duen protekzionismoa da, eta merkataritza librea mugatzen duena». Trumpen azken neurriek MMEren arauak urratzen dituztela ere esan zuen.

Emmanuel Macronek «merkataritza gerraren arriskuaz» ohartarazi zion telefonoz Donald Trumpi, eta Europak «modu argian» erantzungo diola esan zion. Gerra horretan sartzen diren herrialde guztiek galduko dutela ere erantsi zuen Frantziako presidenteak.

Europatik kanpo, berriz, munduko ekonomia sendoenek aduana zergak bertan behera uzteko eskatu diote Trumpi. Txinak «lehenbailehen» ikusi nahi ditu baliogabeturik, nazioarteko merkataritzan «eragin larria» izango dutelako. Japoniarentzat ere, «deitoragarriak» dira AEBetako presidenteak ezarritako neurri protekzionistak; «Japonia eta AEBen arteko elkarlanean eragin handia izango dute», ohartarazi du Taro Konok, Atzerriko ministroak.

Euskal Herrian ere ezinegona eragin du Trumpek, merkataritza gerra baten itzalarekin batera, euskal altzairuaren sektoreak milioika euroren galerak sor ditzakeelako. Beste enpresa askoren artean, Gasteizko Mercedesi ere zuzenean eragingo lioke egoera berriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA