EBko autogileek beste bi urte izango dituzte CO2 emisioak gutxitzeko

Europar Kontseiluak eta Europako Parlamentuak hitzartutakoaren arabera, 2027. urtera arteko epea izango dute 2021ean egindako emisioak %15 txikitzeko. 2030erako eta 2035erako mugak, ordea, ez dituzte ukitu.

 Volkswagen ID7 modelo elektrikoak Emdengo lantegiko ekoizpen katean. GREGOR FISCHER / EFE
Volkswagen ID7 modelo elektrikoak Emdengo lantegiko ekoizpen katean. GREGOR FISCHER / EFE
Iker Aranburu.
2025eko maiatzaren 8a
14:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Europako autogileen presioak fruitua eman du. 2025erako ez, 2027. urtea bukatu arteko denbora izango dute beren auto eta furgoneta berrien batez besteko CO2 emisioak 2021. urtekoak baino %15 txikiagoak izateko. Europako Batzordeak egin zuen proposamena, eta gaur jaso du azken oniritzia Europar Kontseiluaren (gobernuen) eta Europako Parlamentuaren eskutik.

Eurodiputatuen aldetik babes zabala jaso du neurriak: aldeko 458 boto izan dira, aurkako 101 eta hamalau abstentzio. Kontserbadoreek, liberalek eta sozialdemokratek, oro har, aldeko botoa eman dute, eta aurkakoa ekologistek.

Sistema berriarekin, 2025-2027 epeko batez besteko emisioak hartuko dira kontuan, eta ez urte bakarrekoak. Horrek esan nahi du 2025ean %15eko murrizketara iristen ez badira, 2026an eta 2027an gehiago murriztuta irits daitezkeela kopuru horretara.

EB epeka ari da autoen eta furgoneta txikien emisio kutsatzaileak txikitu nahian. Azken epea 2035. urtea da, hortik aurrera debekatuta egongo baita 27 herrialdeetan atmosferara CO2-a isurtzen duten autoak matrikulatzea. Protestak protesta, epe horri eusten dio Bruselaren proposamenak, baita aurrekoari ere: 2030erako, auto eta furgoneta berriek 2021ean baino %55 gutxiago kutsatu beharko dute.

%15,2

Elektrikoen kuota. Iazko etenaren ondoren, berriro handitu da auto elektrikoen salmenta Europako Batasunean. Urtarriletik martxora matrikulatutakoen %15,2 izan dira; iaz, epe horretan, %12 izan ziren.

Baina bazegoen beste epe bat, 2025ekoa, eta horren aurka kanpaina gogorra egin dute autogileek. 2021. urtearekin alderatuta batez besteko emisioak %15 gutxitzea eskatzen zuen, baina auto elektrikoen salmenten gorakada eten egin zen iaz —%5,9 txikitu zen—, eta horrek zaila egiten zuen helburua betetzea. ACEA autogileen patronalak ohartarazi zuen 16.000 milioi euroren isunak ekar zitzakeela helburua ez betetzeak, baina Batzordeak 2.000-4.000 milioira jaitsi zituen balizko isun horiek.

Azkenean, baina, 2027. urtera arte izango dute denbora %15eko murrizketa lortzeko. Horretan lagun dezake auto elektrikoen salmentaren gorakada: %12 handitu dira urteko lehen hiruhilekoan, eta jada merkatuaren %15,2 dira. Hego Euskal Herrian, %9,8ra iritsi da elektrikoen kuota urteko lehen lau hilabeteetan, eta %9,6ra, berriz, hibrido entxufagarriena. Azken horiek ehun kilometroraino arteko tartea egin dezakete motor elektriko batekin, eta ondoren pizten da errekuntzako motorra.

Erreakzioak

ACEAk ontzat hartu du EBko erakundeen erabakia, «behar-beharrezkoa duen malgutasuna» emango diolako kontinenteko auto industriari. Edonola ere, «epe luzerako deskarbonizazio estrategia bat» eskatu dio Sigrid de Vries ACEAko burua EBri. Estrategia horren barruan egon beharko luke kargaleku gehiago jartzea, auto berriak erosteko laguntzak, «energiaren prezio bidezkoagoak» eta «teknologia kritikoetan EBren autonomia estrategiari eustea».

Kontrara, haserre azaldu da T&E Garraioa eta Ingurumena elkartea. «Ironikoa da EBk auto industriaren emisio helburuak murriztea auto elektrikoen salmentak handitzen ari diren garai batean. Boom horren arrazoia da autogileak auto berriak eta eskuragarriak eskaintzen hasi direla EBren hasierako helburua bete ahal izateko. Atzerapenak aukera emango dio industriari auto elektrikoen pedala gutxiago sakatzea eta inbertsioak moteltzea», azaldu du Lucien Mathieu E&Tko autoen adarreko arduradunak.

TXINAko auto GEHIAGO, BAINA EZ ELEKTRIKOAK

Txinako autogileek aurkitu dute bide bat EBk bere auto elektrikoei jarritako muga zergen eragina txikitzeko: konbustioko auto gehiago saltzea. Dataforcek bildutako datuen arabera, Txinako autogileek 150.000 auto baino gehiago matrikulatu dituzte EBn 2025eko lehen hiruhilekoan, inoiz baino gehiago. Baina horietatik %30 baizik ez ziren elektrikoak, kopururik apalena 2020az geroztik. 

Auto elektrikoen bitartez sartu dira autogile txinatarrak kontinente zaharrean, baina EBk haien gaineko muga zergak jarri zituen iaz, argudiatuz neurriz kanpoko laguntza publikoei esker lortu zituztela prezioak beheratzea. Muga zerga horiek desberdinak dira ekoizlearen arabera: %35ekoa ordaintzen dute SAICen autoek (MG), eta %17 BYDrenek. Tarifa horiei gehitzen zaie orain artekoa, %10ekoa. MIGen auto elektrikoen salmenta, esaterako, erdira jaitsi da 2025 hasieran, baina bikoiztu egin du beste modeloena. 

Gaiaren inguruan negoziatzen ari dira orain Brusela eta Pekin, eta aukeretako bat da Txinako auto elektrikoei gutxieneko prezio bat ezartzea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.