EBren aurrekontuaren sakoneko aldaketa proposatu du Von der Leyenek

Malgutasun handiagoa eman nahi die estatu kideei dagokien dirua nola banatuko duten erabakitzeko, baina trukean, Bruselaren baldintza batzuk bete beharko dituzte. Batzordeak tasa berriak sortu nahi ditu, estatu kideei diru gehiago eskatu behar ez izateko.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea, EBren 2028-2034 aurrekontu proposamena aurkezten. OLIVIER MATTHYS / EFE
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea, EBren 2028-2034 aurrekontu proposamena aurkezten. OLIVIER MATTHYS / EFE
Iker Aranburu.
2025eko uztailaren 16a
18:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Europako Batasuneko aurrekontua hitzartzea bi urteko prozesu neketsu baten ondorio izan ohi da, eta 2028-2034 eperakoa hitzartzea ez da salbuespena izango. Are gehiago, inoiz baino zailagoa izateko itxura osoa dauka, sakoneko aldaketak proposatu baititu Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak.

«Malgutasuna» eta «sinplifikazioa» dira hitz gakoak Von der Leyenen proposamenean. Malgutasuna, Bruselak aukera handiagoak eman nahi dizkielako estatu kideei EBren diruaren zati bat egokitzat ikusten duten moduan gastatzeko. Sinplifikazioa, berriz, EBren programa mordo bat elkartu nahi dituelako Batzordeko lehendakariak; zehazki, 52tik hamaseira gutxitu nahi ditu.

Defentsa eta lehiakortasuna izango dira EBren lehentasunak zazpi urteko aurrekontuan, eta arlo horietarako sos gehiago jarri nahi ditu Von der Leyenek. Nondik aterako da dirua? Estatu kideei diru gehiago eskatzea alferrik izan daitekeela ikusita, EBk tasa propio gehiago sortzea proposatu du, baina aukera irekita utzi du eskualde pobreenak laguntzeko eta laborantzan diru gutxiago jartzeko.

Zenbat diru izango du EBk?

Gaur egungo dirutan, eta Von der Leyenen taldearen proposamenak aurrera egingo balu, EBk 1,86 bilioi euroren aurrekontua izango luke 2026tik 2034ra. Hau da, EBren errenta nazional gordinaren %1,26. Aurreko aldian, 2019-2025, errenta nazional gordinaren %1,13 izan du Bruselak. Baina inflazioaren eragina kontuan hartuz gero, Europako Batzordeak kalkulatu du azkenean bi bilioi euro gastatuko dituela.

Nola banatuko da aurrekontua?

Lau atal nagusi izango ditu aurrekontuak. Lehenengoak Elkarlan Nazionalerako eta Erregionalerako Plana izena izango du, eta hor bilduko dira gastu nagusiak —laborantza eta kohesio funtsak—, baina baita mugen zaintza eta Next Generation funtsa itzultzeko gastuak ere. Bilioi bateko aurrekontua izango du.

Beste atal bat Lehiakortasun Funtsa izango da. Horretan biltzekoak dira Europako Batzordeak zuzenean kontrolatzen dituen programak, hala nola Horizon (ikerketarako), Erasmus (ikasleak atzerrian ikasteko), Life (ingurumenerako), Connecting Europe (digitalizazio sareak) eta Agora EU izeneko programa berri bat, kultura eta hedabideak laguntzeko. 589.600 milioi euro izango ditu, eta horietatik 131.000 milioi izango dira «defentsan, segurtasunean eta espazioan» gastatzekoak, orain arte baino bost aldiz gehiago.

Hirugarren adarra Europa Globala izenekoa izango da, 215.200 milioi eurorekin. Hor sartuko dira EBtik kanpoko herrialdeei emandako laguntza humanitarioa eta garapenekoa.

Azken atala, barne gastuarena izango da, 107 milioi eurorena.

BELGIUM EU BUDGET
Ursula von der Leyen, aurrekontu proiektua aurkezten. OLIVIER MATTHYS / EFE

Baina lau atal arrunt horietatik harago, beste bi izango dira. Batetik, Ukrainari laguntzeko programa guztiak 100.000 milioi euroren funts batean bilduko ditu EBk. Bestetik, krisiei aurre egiteko beste 400.000 milioi euro prest izango ditu Bruselak. Azken horri buruz, Von der Leyenek azaldu du diru hori ez dela eguneroko gastuetarako erabili, eta soilik baliatuko dela krisi izaera onartuta daukaten egoeretarako. Beste atalak ez bezala, zor komunaren bitartez finantzatuko dute, eta mailegu bitartez banatuko dute.

Zer aldaketa dago?

Orain arte, EBren dirua proiektu jakin batzuetarako jasotzen zuten EBko kideek. Aurrerantzean, ordea, Bruselak nahi du estatuek planak egitea EBren dirua nola banatuko duten erabakitzeko. Horren bitartez, estatu kideek aukera handiagoa izango dute jasotako dirua nahieran gastatzeko, betiere EBren barruko irizpide batzuk jarraituz gero. Hau da, lehen atalaren barruan estatu kide batek erabaki dezake, esaterako, eskualde pobreei gutxiago ematea eta laborariei diru gehiago ematea. Von der Leyenek azaldu duenez, horrekin eragotzi nahi dute gaur egungo egoera; hots, urte asko lehenago erabakitzea dirua zertan baliatuko den, unean uneko beharrei erantzun gabe.

Hori bai, malgutasunak muga bat izango du. Laborantzarako laguntza zuzenak, esaterako, ezingo dira ukitu, ezta arrantzaleek jasotzen dituztenak ere. Gainera, burokrazia txikituko diela agindu du Bruselak. Era berean, eskualde pobreetan garapen proiektuak finantzatzeko gutxieneko kopuruak izan beharko dituzte estatu kideen planek. Horrekin, eskualdeen matxinada saihestu nahi du, nahiko argi baitago proposamen berriarekin erabakitzeko ahalmena galduko dutela.

Beste aldaketa nagusi bat da funtsak jasotzeko baldintzak finkatu nahi dituela Bruselak, Next Generation planarekin egin bezala. Hau da, dirua jaso nahi duen estatuak haren truke zenbait baldintza bete beharko dituela.

Nora joango da dirua?

Irizpide mordo bat kontuan hartuko ditu Bruselak —biztanleria, errenta nazionala, mugen luzera, nekazaritzarako lurren hedadura...—, baina sinplifikatuz, Von der Leyenen taldeak nahi du ekialdera diru gehiago joatea eta gutxiago EBko aspaldiko kideetara.

Eta hori bezain garrantzitsua da dirua nork jarriko duen. Ohi bezala, negoziazioaren hasieran ateak ixten ari dira batzuk. Alemaniak jartzen du diru gehien —laurden bat, gutxi gorabehera—, baina dagoeneko ohartarazi du ez duela jarriko euro bakar bat gehiago, eta antzera mintzatu dira ekarpen gehien egiten dutenak (Suedia, Herbehereak...).

Hori ikusita, bere baliabideak handitzeko proposamenak egin ditu Bruselak. Orain estatu kideetatik jasotzen du zatirik handiena, baina, horretaz gain, muga zergetan eta BEZaren zati bat eskuratzen ditu. Bost diru iturri berri proposatu ditu, eta horiekin urtean 58.000 milioi lortuko dituelakoan dago: CO2 emisioen merkatua, atzerriko herrialdeetako inportazio batzuei jarri nahi dien karbono tasa, ekipamendu elektriko eta elektronikoen hondakinen gaineko tasa bat, tabakoaren gaineko beste bat, eta urtean 100 milioi eurotik gorako salmentak dituzten konpainia handien ekarpen berezi bat.

Zer falta da?

Proposamenean gabeziak ere badaude, eta horietako bat da ez dela zorra bateraturik izango EBn. Hori eskatu zuen Mario Draghi EBZko lehendakari izandakoaren txostenak, EBk galdutako lehiakortasuna galtzeko inbertsioak egin ahal izateko.

Eta zer gertatuko da Next Generationekin?

EBk 2028an hasi behar du Next Generation funtsa hornitzeko eskatu zituen 800.000 milioi euroak itzultzen. Horrek esan nahi du urtero, 2058. urtera arte, 24.000 milioi ordaindu beharko dituela zorra pagatzeko.

Aurrera egingo al du?

Europako Batasunaren aurrekontua aurrera ateratzea oso prozesu luzea (bi urte) eta nekeza da, interes kontrajarriak dituzten herrialdeak eta sektoreak daudelako, eta denek dutelako presio egiteko modua. Gaur bertan Bruselan bildu dira batasun osoko nekazariak; izan ere, beldur dira aurrekontu berriak ez ote dituen gutxituko haientzako sosak, eta salatu nahi dute nekazaritza politika, EB osokoa izan beharrean, estatu kide bakoitzaren menpekoa bihurtuko dela. Halakorik ez dela gertatuko agindu die Von der Leyenek, eta, malgutasunari esker, aukera dutela diru gehiago jasotzeko.

EBren aurrekontuak 27 estatu kideen babesa behar du, eta, gainera, Europako Parlamentuarena. Horrek esan nahi du Von der Leyenen proposamen batzuek bidean geratzeko aukera handiak dituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.