AEBen muga zergek gogor zigortuta, Europako Batasunak munduko beste bazterretan bazkideak bilatzen jarraitzen du, harremanak sustatu nahian eta, batez ere, merkatu haietarako sarbide handiagoa izatea lortu nahian. Mercosurreko herrialdeekin akordioa lortu ostean —hitzarmena ezartzear dago—, eta, Indiarekin ere merkataritza librerako ituna sinatu ondoren, hurrengo akordioa Australiarekin egin nahi luke EBk.
Eta Australiak ere nahi du, herrialde hari ere eragiten baitiote Etxe Zuriaren politika berriek. EB eta Australia merkataritza librerako ituna sinatzear egon ziren 2023an, baina akordioa bertan behera geratu zen azkenean.
Orduko hartan, eta orain ere, nekazaritza gaiak dira trabarik handiena. Australiako abeltzainek ez dute onartuko hitzarmenik ez bazaie haien ekoizpenei EBko merkatuetara sartzeko modua errazten.
Baina, hain zuzen, baliteke horrek nekazari europarren haserrea areagotzea, eta haiek dagoeneko suminduta daude EBren eta Mercosurren arteko itunaren harira.
Behikia
Australiako behikia eta ardikia dira salgai arantzatsuenak, baina azukrea, arroza eta esnekiak ere sartu nahi dituzte australiarrek akordioan.
Europako Batasunak, berriz, bere jatorri izenak erabiltzea galarazi nahi die ekoizle australiarrei. Alegia, Australiako supermerkatuetan saldutako gazta parmesano, feta gazta eta prosecco ardo guztiak EBko sor-markadunak izatea. Eta hor ere badago eztabaida negoziazioetan.

Australiarrentzat garrantzitsua bada beren haragia EBra esportatzeko modua izatea, EBrentzat garrantzitsua da Australiako lehengaiak —litioa, uranioa, zilarra, bauxita— modu onean erosteko akordio bat egitea.
Era berean, Australiak luxuzko autoei ezartzen dien %33ko zerga ez du batere gustuko EBk. Zaila da herrialde bateko zerga bat merkataritza libreko akordio batean sartzea, baina zurrumurruek diote posible dela Australiak zerga ezabatzea, trukean EBk kuota handiagoa ezartzen badu haren behikiarentzat.
Indo-Pazifikora ere bai?
EBrentzat beste merkatu erraldoi bat dira Indo-Pazifikoko herrialdeak. Eta haietako batzuk daude CPTPP (Lankidetza Transpazifikorako Akordio Zabal eta Progresista) blokean: Australia bera, Brunei, Erresuma Batua, Japonia, Kanada, Malaysia, Mexiko, Peru, Txile, Singapur, Vietnam eta Zeelanda Berria.
Haietako askorekin EBk dagoeneko baditu merkataritza libreko akordioak, baina Indo-Pazifikoko blokearekin akordio orokor bat eginez gero sendotu egingo lirateke europarren hornikuntza kateak.
Akordiorako aukera aste honetan bertan aipatu du Politico hedabideak, eta Mark Carney Kanadako lehen ministroa horretarako zubi lanak egiten ari dela esan du. Aurretik, Carneyk berak azaldu zuen ideia Davosko Foroan: Jatorri arau deiturikoetan, eta haien araberako baldintzetan, 40 herrialdeko eta 1.500 milioi pertsonako bloke bat osatuko litzateke, aurrez denak ados jarrita.
Luze hartuko du horrelako hitzarmen bat lortzeak, baina herrialde askok bultzada handia eman diote ideia horri. Izan ere, xede nagusia nahiko argia da: Donald Trump AEBetako presidentearen eraginaren kontrako merkataritza aliantzak eratzea.
Carneyren arabera, jada hitz egin du gai horretaz, besteak beste, Australiako eta Zeelanda Berriko lehen ministroekin, baita Erresuma Batuko lehen ministroarekin ere. Hizketan aritu da Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentearekin eta Antonio Costa Europar Kontseiluko presidentearekin ere.
«EBren eta CPTPPren arteko loturak sendotuz gero, hornikuntza kateak indartuko dira, negoziorako aukerak zabalduko zaizkio Kanadari, eta arauetan oinarritutako merkataritza sistema irmotu egingo da», esan zuen herenegun Maninder Sidhu Kanadako Merkataritza ministroak.
muga zergak pagatzen, estatubatuarrak
Atlantikoaren beste aldean, AEBetan, Donald Trumpen muga zergak zeresan handia ematen ari dira. Gero eta estatubatuar gehiagok sentitzen dute bizimodua gehiegi garestitu zaiela eta kontsumo gai garrantzitsuenen prezioak ez direla eskuragarri haientzat. Besteak beste horregatik ari da murrizten Trumpekiko eta Alderdi Errepublikanoarekiko atxikimendua agintaldi erdiko hauteskundeei begirako inkestetan —azaroan egingo dira bozak—.Â
Jokaleku horretan, joan den astean New Yorkeko Erreserba Federalak ikerketa bat plazaratu zuen, eta erakutsi zuen AEBetako enpresek eta kontsumitzaileek hartu dutela bere gain Trumpen muga zergen zama ekonomikoaren %90. AEBek atzerriko produktuei ezarritako batez besteko muga zergak, 2025ean hainbat gorabehera izan ostean, %13an kokatu ziren abenduan, eta urte hasieran %2,6koak ziren.Â
Herenegun, Trumpen aholkulari ekonomiko garrantzitsuenetako batek, Kevin Hassetek, gogor kritikatu zuen Erreserba Federalaren ikerketa. «Lotsagarria» dela esan zuen, «Erreserba Federalaren sisteman ikusi dudan artikulurik kaxkarrena». Hasseten aburuz, azterketan ondorio hori ateratzeko erabilitako analisiak «ez lirateke ekonomia ikasgaietako lehen mailan ere onartuko», eta ikerketa «albiste oso alderdikoiak» sortzeko erabili da. «Artikulu horrekin lotura duen jendea diziplinatu egin beharko litzateke», esan zuen Etxe Zuriko aholkulariak.