EBZ: «Europarentzat lehentasun existentziala da defentsa gastua handitzea»

Luis de Guindos EBZko presidenteordea izan da BBK-k antolatutako Gran Via foroko lehen gonbidatua.

Luis de Guindos EBZko presidenteordea BBKren Gran Via foroan, gaur. OSKAR MATXI EDESA / FOKU
Luis de Guindos EBZko presidenteordea BBKren Gran Via foroan, gaur. OSKAR MATXI EDESA / FOKU
jokin sagarzazu
2025eko azaroaren 21a
13:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

BBK fundazioak Gran Via foroa sortu du, eta gaur egin dute haren lehen ekitaldia, Bilbon, Luis de Guindos Europako Banku Zentraleko presidenteordearekin. Hura entzuten izan dira, besteak beste, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia, Juan Ignacio Perez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburua, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, eta enpresa alorreko hainbat ordezkari; tartean, Kutxabankeko presidente Anton Arriola eta Sidenorreko Jose Antonio Jainaga.

EBZko buruak aktualitate ekonomikoko hainbat gai jorratu ditu. Nabarmendu du «Errusiaren eraso mehatxua» dela Europako erakundeak gehien kezkatzen dituzten gaietako bat, eta, «Europaren etorkizun estrategikoari» begira, adierazi du «lehentasun existentziala» dela defentsa gastua handitzea. Gaineratu du Europak NATOrekin duen mendekotasuna apaldu behar duela, eta bere gaitasun propioak indartu.

Horrekin bereziki kezkatuta azaldu den arren, EBZko agintariak azaldu du euroguneko ekonomiak «espero baino bilakaera hobea» izan duela azken hilabeteetan, eta inflazioa ezarritako helburura, hau da, %2ra hurbiltzen ari dela pixkanaka. Zalantza agertu du, hala ere, hirugarren sektorearekin, produktuak eta zerbitzuak batezbestekotik gora garestitzen ari direla eta. Dena den, EBZren diru politika defendatu du; De Guindosen ustez, interes tasen egungo maila —%4tik %2ra jaitsi izana— «egokia» da gaur egungo egoerarako.

Ekonomia, «presiopean»

Nazioarteko merkataritza hizpide hartuta, De Guindosek kritikatu egin du Europako Batasunak eta AEBek egindako akordioa, Europako produktuei ezarritako muga zergak %3 ingurutik %15era igoko direlako, eta horrek kalte egingo dielako Europako esportazioei. Horrekin batera, ohartarazi du Txinako industria lehiakorragoa izateak ere eragina izango duela bai Europako Batasunaren hazkundean eta bai prezioen bilakaeran: alor horietan «presioa» eragingo duelakoan dago, hain zuzen.

Euskal Herriko ekonomiari buruz, De Guindosek esan du «zenbait presiori» aurre egin beharko diola —«Txinaren lehiakortasuna eta muga zergen eragina»—, baina ziur dago asmatuko duela nola erantzun. Haren ustez, gako nagusia enpresen lehiakortasuna handitzea izango da, eta, horretarako, oso garrantzitsutzat jo du aldagai hauen bilakaerari adi erreparatzea: langileen kostuak —«soldatari dagokionak eta soldataz bestelakoak»—, Gizarte Segurantzako gastuak, eta zergak. «Euskal industriak garai konplexu asko bizi izan ditu, baina beti eutsi dio, eta ziur nago aurrerantzean ere hala izango dela».

Kutxabank, «sendo»

De Guindosen aurretik, Xabier Sagredo BBK fundazioko presidenteak hitz egin du, eta, hain zuzen, bereziki nabarmendu du Europako gainbegiratze agintariek emandako SREP ebaluazioan Kutxabankek lortutako emaitza: euroguneko bankuen artean, puntuaziorik onenetan hirugarrena lortu du. Sagredoren esanetan, «entitateak duen arrisku profilaren kudeaketa eta kapital sendoa» daude balorazio horren atzean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.