EBZk deflazio arriskua baztertu du, baina prest dago esku hartzeko

Gaur egun euroguneko inflazioak helburutik urrun segitzen du, baina Draghik uste du «epe ertainera» %2ra hurbilduko delaEkonomiak okerrera egiteko arriskua duela ikusita, interes tasa baxuei eutsiko die

Ivan Santamaria.
2014ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
EBZ Europako Banku Zentralak bere horretan utzi du diruaren prezioa beste hilabete batez. Joan den azaroan, tasa %0,25era jaitsi zuen, inoiz izan den txikiena. Bestelako esku hartzerik ez du martxan jarriko, oraingoz, erakundeak. Hori bai, egoera okertuz gero, «eskura dituen tresna guztiak» erabiltzeko prest daudela berretsi du Mario Draghi EBZko presidenteak. Aurrera begira, indar bereziarekin nabarmendu du interes tasak egungoak bezalakoak edo txikiagoak izaten jarraituko dutela ere bolada luze baterako.

Zuhurtziaz azaldu zuen EBZko buruak egoeraz eginiko interpretazioa. Zenbait herrialdetako agintari politikoek krisia gainditutzat jotzen zabaldutako mezua errotik moztu zuen. «Ez dut garaipena aldarrikatuko», zehaztu zuen. Bankuak uste du ekonomiak okerrera egiteko arriskuek bere horretan segitzen dutela, eta, hori dela eta, prest legoke neurriak hartzeko. Politika aldatzeko beharra balizko bi gertaerari lotu zizkion, gainera. Batetik, laburrera begirako diru merkatuetan finantzatzeko baldintzak gogortzea. Bestetik, epe ertainera begirako inflazio aurreikuspenak aldatu eta okertzea.

Inflazioaren egoerak kezka sortu du azken hilabeteotan. EBZren mandamentu nagusia da inflazioa «%2ren azpitik hurbil» egotea. Abenduko datuaren arabera, euroguneko inflazioa %0,8 izan zen, hamarren bat atzera egin ondoren, eta, hortaz, helburutik geroz eta urrunago. Deflazioaren mamua ere bueltaka dabil zenbait herrialdetan. Alegia, prezioak jaitsiera espiral amaigabe batean erortzea, ekonomiari hazkunderako aukera oro kenduta.

Deflazio hori gertatzeko arriskua baztertu zuen Draghik, ordea. Hasteko, abenduan prezioek eurogunean izandako jaitsieraren jatorria Alemaniak egindako aldaketa tekniko batera mugatu zuen, eta urtarrilean distortsio hori desagertuko dela iragarri zuen.

Aurrera begira, hala inflazioaren igoera neurrigabea nola deflazioan erortzeko aukera oso mugatua ikusten du EBZk. Hots, inflazioak baxu jarraituko du, baina epe ertainera %2ra hurbilduko da. Gakoa bankuak epe ertaina nola neurtzen duten izango da. EBZko ekonomialariek egindako aurreikuspenen arabera, 2015. urtean asko jota inflazioa %1,3 izatera iritsiko da, berriro ere helburutik urrun. Tarte hori luzeegia iruditzen bazaio, Draghik esku hartu beharko luke kontsumoa animatzeko. Aurreikuspen horiek betetzen ari diren bitartean —eta betetzen ari direla uste du— EBZk ez du aparteko neurriak martxan jartzeko asmorik.

«Ez gaude Japoniatik hurbil»

Deflazioaren ondorio txarrak aski ikertu dituzte ekonomialariek. Adibide hurbila izan dute Japonian. Asiako herrialdea deflazio espiral batean sartu zen 90eko hamarkadan, higiezinen burbuilak eztanda egin ondoren, eta krisia gainditu ezinik ibili zen gero; hamarkada hura galdutzat jotzen da. «Ez gaude Japoniatik hurbil», ziurtatu zuen EBZko presidenteak, parekotasunak hizpide. Draghiren aburuz, banku zentralak krisiaren hasierako uneetan esku hartzeko harturiko erabakiari esker ezabatu zen halako egoera bat pairatzeko aukera. Horrekin batera, nabarmendu zuen enpresen eta bankuen balantzeen egoera ez zela Japoniakoa bezain kaxkarra. Abenduko datuen arabera, Europako Batasuneko lau herrialdek inflazio tasa negatiboak zituzten, horien artean Grezia eta Zipre.

Inflaziotik aparte, beste neurri batzuk ere tiraderan gorde ditu oraingoz bankuak. Asko hitz egin da azken hilabeteotan berriro ere bankuei likidezia bermatzeko enkante bat martxan jartzeko aukeraz. Are gehiago, halako enkante bat baldintzapekoa izango zela iragarri zuen Draghik, dirua benetan kredituak ematera bideratzen dela bermatzeko. Oraingoz, ez du urrats hori egin.

2014. urte garrantzitsua izango da EBZrentzat. Urtea amaitzen denerako, garrantzi sistemikoa duten euroguneko bankuen ikuskatzaile bakarra bihurtuko da. Horren aurretik, banku horiei azterketa egingo zaie, orain arteko zorrotzena. Urtarrilaren amaieran prozesuari buruzko jakingarri gehiago argitaratuko ditu.

Oro har, Draghik ez du erantzun nahi izaten herrialde zehatzei buruzko galderak. Atzo, ordea, Alemania defendatzeko baliatu zuen agerraldia: «Ez zait iruditzen Alemania ahultzeak beste herrialde batzuen mesederako izan daitekeenik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.