Eurogunea krisian

EBZk eskatu du bankuak Europak kontrolatzea

Europako Banku Zentraleko buruak ziurtatu du Espainiak «gauzak ezin okerrago» egin dituela Bankiaren auzianMario Draghik ezezkoa eman dio Espainiari laguntzeko neurriak hartzeari

Iker Aranburu.
2012ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Espainia hark noiz salbatuko dituen zain dagoela, Mario Draghi EBZ Europako Banku Zentraleko presidentea agintari politikoei errieta egiten jarraitzen du. Bankiaren arazoen kudeaketa «gauzak ezin okerrago» egin direla salatu du, eta ardura EBZri kenduta, eurogunearen arazoen konponbidea gobernuen esku dagoela ziurtatu du. «Konpondu al dezake EBZk gobernu nazionalek egiturazko arazoak konpontzeko erakusten duten ekintza eza? Erantzuna ezezkoa da». Baina berak ere egin du proposamen batbankuen arazoak konpontzeko: finantza erakunde handienen gainbegiratzea Europako Batasun osorako erakunde batek egitea.

Proposamena ez da guztiz berria. Europako Batzordea eta Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidentea ildo horretatik plan bat lantzen ari dira, ekainaren amaierako goi bileran eztabaida dezaten. Baina Draghik haren alde egiteak indar handiagoa ematen dio planari, eta zaildu egiten du Alemaniak edo beste batek ezezko batekin erantzutea.

Banku nagusiak Europa mailan kontrolatu nahi izateak agerian uzten du estatukideen banku zentralen ezintasuna krisiari aurre egiteko. Nabarmen geratu da ere banku batzuk handiegiak bilakatu direla estatukideentzat, eta haiek salbatu nahi izateak estatu osoak erreskatearen atarian jar ditzaketela. Espainiako Gobernua, esaterako, Bankiari beste 19.000 milioi euro emateko prest azaldu da, baina artean ez du azaldu nola lortuko duen horretarako dirua, defizita jaisteko lan handia duenean. Zor publikoa zuzenean Bankiari ematen saiatu da, baina EBZk saio hori geratu da, funtsean bere esku uzten duelako likidezia enkanteen bidez zor hori diru fisiko bihurtzea.

Europako Legebiltzarrean egindako agerraldan, Draghik ez du aukera galdu Espainia jipoitzeko bere bankuen arazoen kudeaketagatik. «Dexiaren eta Bankiaren kasuek erakusten dutena da, berkapitalizazio behar dramatikoen aurrean gaudenean, gobernuen edo gainbegiratzaile nazionalen erantzuna arazoa gutxiestea dela; lehen azterketa bat egiten dute, gero bigarrena, hirugarrena, laugarrena. Hori da gauzak ezin okerrago egitea; […] kostua handiagoa da», esan du Draghik, eta eskaera egin die gobernuei: «Hobe da huts egitea hasieran diru gehiegi jartzeagatik, gutxiegi jartzeagatik huts egitea baino». Krisiaren hasieran bere bankuen sendotasuna goraipatu zuen Espainiak, eta dagoeneko lau plan egin behar ditu haiek laguntzeko.

Gordailuen bermea, Europan

Bankuen batasuna izena hartzen ari dena lortze aldera beste proposamen batzuk ere bere egin ditu Draghik. Esaterako, bezeroen gordailuak bermatzeko funtsa Europa osokoa izatea, herrialdeetako bankuetatik diruaren ihesa eragozteko. Porrot egin duten finantza erakundeak ere Europa mailan kudeatu nahi ditu.

Euroguneak erreskateetarako sortu dituen funtsekin ere malgu jokatzeko proposatu du Draghik. Uztailaren 1ean indarrean jarriko den Europako Egonkortasun Fntsak (ESM) bankuei dirua zuzenean utzi ahal izatea sostengatu du. Eskaera bera egin zuen herenegun Europako Batzordeak, baina Alemaniaren eta Finlandiaren ezezkoa gainditzea lortuko balu ere, ez litzateke epe laburrean gertatuko, itun oso bat aldatu behar delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.