Data garrantzitsua zen atzo Europako bankuen egoera neurtzeko, EBZk iazko ekainaren 24an utzitako 442.240 milioi euro itzultzeko eguna baitzen 1.121 finantza erakunderentzat. Denek bueltatu zuten, noski, baina banku zentralak beste 243.000 milioi utzi dizkie, eta pentsatzekoa denez, horren zati bat da EBZrekin berarekin zuten zorra pagatzeko.
Asteazkenean, banku zentralak 131.900 milioi euro utzi zizkien 171 bankuri. Hiru hilabeteren buruan itzuli beharko dute, %1eko interesarekin. Berria ontzat hartu zuten adituek, uste baitzuten 200.000 eta 300.000 milioi artean eskatuko zituztela, eta, hortaz, interpretatu zuten bankuen finantzaketa beharra ez dela hain handia.
Baina, aldi berean, kezkagarria da EBZra jo izana, bankuen arteko merkatuan bertan dirua merkeago lortzeko aukera dutelako: %0,78an zegoen atzo hiru hilabeterako euriborra. Hau da, bankuek ez direla elkarri gehiegi fio, eta nahiago diotela emaile fidagarriago bati dirua eskatu, gehiago pagatu beharko duten arren.
Eta herenegungo baikortasuna are gehiago hoztu zuen jakiteak atzo beste 78 bankuk 111.200 milioi eskatu zizkiotela EBZri, sei eguneko epean bueltatzeko. Adituen ustez, banku horiek -Europa hegoaldekoak, hedabide anglosaxoniarren ustez- dabiltza larrien likidezia aldetik, eta espero dute datorren ostegunean EBZko gobernu kontseilua biltzen denean epe luzeko maileguak berriro eskainiko dituela.
Espainiako eta Alemaniako banku batzuek ere eskatu diote urtebeteko maileguak emateko, baina ez dirudi Jean Claude Trichet buru duen erakundeak hortik joko duenik. Batetik, sisteman jarritako dirua kendu nahi du, uste baitu merkatua itxuraldatzen duela eta banku asko diru horren menpekotasuna garatu dutela. Gainera, iruditzen zaio diru horren zati handi bat ez dela baliatu enpresei eta familiei maileguak emateko, helburua hori izan arren. Izan ere, EBZri %1eko interesa pagatzea eta trukean zor publikoan %4 jasotzea negozio biribila da banku askorentzat.