2005eko abendutik aurtengo ekainera bitartean zortzi aldiz igo ditu interes tasak EBZk. Bazirudien irailean ere gora egingo zutela, Trichetek berak hori iradoki baitzuen hainbat adierazpenetan. Baina AEBetako arrisku handiko hipotekek eragindako krisia dela eta, diruaren prezioa mantendu egin zuen. Eta hilabete honetan ere hala egin du.
Konfiantza ezari aurre egin nahi dio EBZk, AEBetan gertatutakoak kezka eragin baitu Europako Batasunean. Sammelindex ekonomiaren gaineko konfiantza neurtzen duen indizea, esaterako,irailean hiru puntu jaitsi da, eta joan den urteko maiatzetik izan duen mailarik baxuenean dago.
Interes tasak igotzen dituenean inflazioa kontrolatzeko egiten duela esanez arrazoitzen du EBZk.Oraingoan, mantentzea erabaki du. Horrek, ordea, ez du esan nahi inflazioa kontrolpean dagoenik. EBZren helburua %2an mantentzea bada ere, egun %2,1ean dago, eta urte amaierara bitartean eta 2008ko aurreneko hilabeteetan ere maila horretan ibiltzea espero da.
Trichetek berak behin baino gehiagotan esan zuen atzo inflazio arriskuak ekarriko dituela erabakiak. Eta petrolioaren eta hainbat lehengairen prezioen garestitzea aipatu ditu. Brent upela 77 euro inguruan dabil, eta joan den astean 80 dolarrera ere iritsi zen. Hori dela eta, etorkizunean ekonomia politika «murriztaileagoa» ezarri beharko dela azaldu du, baina ez du eperik eman.
EUROPAKO EKONOMIA, «SENDO». Hala eta guztiz ere, Trichetek Europako ekonomia sendo dagoela nabarmendu du.Haren esanetan, «epe ertainera begira, euroguneko ekonomiaren oinarriak egoera onean daude. Enpresen irabaziei eta ekoizpen kopuruari eusten ari gara, gero eta enplegu gehiago sortzen da, eta langabezia jaitsi egin da».2008an, ordea, aurten baino gutxiago haziko dela EBko ekonomia uste du presidenteak.
Europako Batzordeak hiru hilean behin kaleratzen duen txostenak ere hori bera dio. Haren arabera, aurten krisiaren eraginak «apalak» izango dira, eta euroguneak arazoei aurre egiteko ahalmena du.
Euroak dolarraren aldean duen balioaz ere hitz egin du Trichetek, azken asteetan hainbat errekor historiko hautsi baititu. Enpresaburuak kezkatuta daude egoerarekin, batez ere horrek esportazioetan duen eraginagatik. Hala, Ernest-Antoin Seillierek,Europako BusinessEuropeo patronaleko presidenteak, arriskuei aurre egiteko neurriak hartzeko eskatu dio EBZri. «Espero dut EBZk ekonomia politikaren funtzionamendu egokia ziurtatuko duela. Lehentasun gisa, euroak dolarraren aldean duen kotizazio altuak dakartzan arriskuei aurre egitea eduki behar luke», esan du Seillierek.
Estatuburu batzuek ere hizpide izan dute euroaren balioa. Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak, esaterako, publikoki eskatu dio EBZri euroaren kotizazio gero eta handiagoari aurre egiteko. Tricheti ez zaizkio askorik gustatu haren adierazpenak, eta izenik aipatu gabe erantzun dio. «Hitzezko disziplina» eskatu du, EBZ alderdi politikoekiko independente dela aldarrikatu nahian.
Gainerako herrialdeek ere badute erantzukizunik, Tricheten arabera. Hala, Txinak eta Japonek berebiziko garrantzia dutela dirua aldatzeko tasetan esan du. Behin baino gehiagotan kritikatu dituzte bi herrialde horiek bai EBk bai AEBek, esportazioak oso merke egin baititzakete.
EBZk ez ezik Ingalaterrako bankuak ere interes tasak mantentzea erabaki zuen atzo bertan. %5,75eko mailan daude.
Euribor indizea goreneko mailarairitsi dela uste dute hainbat adituk
Hipotekaren bat eskatuta daukatenek lasaitu ederra hartuko zuten atzo Europako Banku Zentralaren erabakia jakin ostean. Hainbat adituren arabera, Euriborrak dagoeneko goia jo du, eta aurrerantzean merkatzen hasiko da. Horren erakusle izan daiteke azken egunetan indizeak izan duen jaitsiera. Haien esanetan, EBZk aurrerantzean ere interes tasak mantentzen baditu, eta finantza merkatuek dituzten likidezia arazoak arintzen badira, hipoteka gehienek erreferentziatzat erabiltzen duten indizea ere etengabe orekatuko da.Iritzi horretakoa da Jose Luis RodriguezZapatero Espainiako presidentea ere. Hori dela eta, «lasaitasunerako» deia egin du, eta familien zorpetze maila oraindik oso txikia dela nabarmendu du, eta aurrerantzean ere hala ez izateko arrazoirik ez dagoela. Urte amaieran %4,4 inguruan ibiliko delauste duenik ere bada.
Hala ere,oraindik Euriborrak 2000. urteko abendutik izan duen mailarik gorenean jarraitzen du. Iraila %4,725ean itxi zuen, 24. aldiz jarraian igo ostean. Gainera, indizearen jaitsieran eragin zuzena izango du AEBetan gertatzen denak. Zabor hipotekek eragindako krisia dela eta, bankuak uzkur ageri dira elkarri dirua mailegatzeko orduan. Geroaren beldur, dutena gorde nahiago dute, eta mailegatzeko gehiago ordaindu behar da. Horrek ere Euriborraren maila zertxobait igo du. Beraz, Euriborraren jaitsieran zerikusi zuzena izango du AEBetako krisia ez areagotzeak.
«
Garai zailak»banku zentralentzat?
Banku zentralek ziurgabetasun handiko aro bati aurre egin beharko diotela iragarri du Alan Greenspan Erreserba Federaleko burua izandakoak.Joxerra Senar
Iruñea
Jende askok gogoan du duela 20 urteinteres tasak eta inflazioa %10etik gorakoak izaten zirela. 1994an krisia gainditu eta Europako Batasunak ezarritako baldintzetara egokitu ostean, inflazioa %5etik behera ibili da, eta tasa apalak ezagutu izan dira Euskal Herri osoan. Egoera orokorra izan da herrialde garatuetan, eta diru merkeko baldintza horiek funtsezkoak izan dira azken hamarkadako hazkunde ekonomikoa ulertzeko.
Adi, ordea. Ekonomiaren urrezko aro hori amaitzear egon liteke. Adierazpen hori ez dio edonork. Azken asteetan zeresan handia eman duen Alan Greenspanen hitzak dira. 1986tik 20 urtez munduko ekonomia handienaren lemazain nagusia izan den gizonak, Erreserba Federalako burua izandakoak, BBCri iragarri dio «garai zailak» datozela banku zentralentzat, iraganean baino presio handiagoa egiteko moduan delako inflazioa. Iragan ez hain urruneko inflazioa ate joka egon liteke berriro.
Zergatik? Azken urteetako inflazio apalaren atzean, batetik, teknologia produktuek gaur egun prezioak merkatzeko joera dago. Denok dakigu atzo 800 euro balio zuen telebistak bihar 400 balio dezakeela. Baina Greenspanen ikuspuntutik, beste arrazoi nagusia Txina eta Asiako ekialdeko herrialdeak dira. Lan kostu merkeko ekonomiok produktu ugari merkatzeko joera izan dute, eta horrek neurri batean lagundu egin die banku zentralei inflazioa kontrolpean edukitzen. Haatik, Greenspanek antzeman dio joera hori amaitzear dela, txinatarrak prezioak igotzen hasi direlako, eta, ondorioz, banku zentralei amaitu egin zaielako segurtasun uhal hori. Hipotesi hori benetan egiaztatzen bada, ate atzean dagoen inflazioa ez da nolanahikoa.
Egin kontu. Uneotan petrolioaren prezioa marka historikoetatik gertu dago. Espekulazioa dela, bioerregaia dela, zerealen salneurria gorantz datoz eta horiekin eguneroko beste hainbat elikagai. Lehengai metaliko asko ere maila historikoetan daude, urrea ere bai... Nazioarteko merkatuotan produktu guztiok dolarretan kotizatzen direnez, euro sendoak behinik behin lagundu egin du garestitze horizerbait leuntzen.
OTURUNTZAREN OSTEAN, AJEA. Hori gutxi izan ez eta ziurrenik ez dator garairik onenean. Oturuntzak ajea eragin du. Adibidez, AEBetan. Tasa apalen garaian arrisku handiko subprime maileguak banatu ziren -bada Greenspan egoeraren erantzule egiten duenik-, eta finantza baldintzak gogortu direnean, krisia sortu eta hedatu da: hipoteka hori ordaindu ezin zuten sendietatik mailegatzaileetara, eta handik, zor hori finantza produktu gisa erosi dutenengana. Krisiak eragindako galerak orain ari dira azaleratzen.Krisiaren ondorioz, Citigroup finantza erraldoiak 1.300 milioi dolar galdu ditu, Deutsche Bankek 2.200 milioi euro, UBS suitzarrak 2.400 milioi euro...
Adituek ez dute uste hori gertatuko dela Europan, baina Euskal Herrian, tasa apalek etxebizitzaren burbuila utzi dute oinordeko. Aste honetan fotocasa.es erakundearen txosten batek erakutsi du prezioen igoera ez dela amaigabea: lehen aldiz urteko hirugarren hiruhilekoan prezioek behera egin dute Hegoaldean. Batez besteko bat da, eta Bilbon, Iruñean edo Donostian ez dira jaitsi.
Hasiera besterik ez dela dirudi, sakoneko mugimendua dagoelako higiezinen sektorean. Aurreikuspenek diote goranzko zikloa amaitu dela eta prezioak gutxienez gelditzen edo jaisten hasiko direla. Albiste ona erosleentzat, eta osasungarriaekonomia orokorrarentzat. Betiere, inflazioak kontrolpean jarraitzen badu...
mikel Casares Ekonomia doktorea eta NUPeko Nazioarteko Ekonomia irakaslea
«Krisiak errealitatea gertuagotik ikustera behartuko du»
J. senarIruñea
Mikel Casares Ekonomia katedradunaren iritziz, interes tasen goranzko joera amaierara iristen ari da, eta horrekin batera, etxebizitza merkatuaren beherakada jada sumatzen da. Haren iritziz, beherakada hori ona izango da ekonomiarentzat, eta batez ere erosleentzat.
EBZktasak %4an utzi ditu. Zer esan nahi du horrek?
Abuztuko finantza krisiaren ostean sortutako egoerari erantzuten dio. AEBetan sortu zen, baina badirudi hemen eurogunean ondorioren bat izan duela. Tasak hiru hiletik behin %0,25 igotzen ari ziren, eta badirudi goranzko joera hori gelditu dela.
Amaitu al da goranzko joera?
Oraingoz uste dut atea irekia uzten zaiola etorkizunean berriro tasak igotzeari, baina jada ezin du gorantz asko egin. Adituen arabera,goia %4,25 edo %4,5ean dago.
AEBetan sortu eta nazioarteko finantza sistemara hedatu den krisi hori udako ekaitza izan al da, beraz?
Nik uste dut finantza krisi horren benetako ondorioak mugatuak izango direla. Ondorioak izan ditzake bankuen emaitzetan, eta sistemaren sinesgarritasunean. Baina ekonomia errealean Europan oso sendi kopuru mugatuari eragingo dio, eta ez du askorik eragingo enpleguan, enpresen inbertsioan edo barne kontsumoan.
Baina Euriborra bai bultzatu du gorantz.
Printzipioz, EBZk merkatuan sartu duen diruak sisteman likidezia bermatu nahi zuen, eta horri esker, likidezia horren prezioa jaistea. Kontua da, baina, EBZk dirua sartu zuen egunetan Euriborrak gorantz egin zuela. Sinesgarritasun arazoa zegoen: edo garestitzen zen tasa edo dirua ez zen salerosten. Dena den, azken asteetan Euriborra egonkortu egin da. Uneko arazoa izan da.
Etxebizitzaren merkatuan prezioak moteltzen hasi dira, baita jaisten ere.
Beharbada finantza krisiak eman diezaioke amaia higiezinen zikloari. Jada prezioen igoera moteltzen ari zen, baitaerabat gelditzen ere, enpleguak eta eraikitako etxebizitzek ere beherantz egin dute... Sektorea oinak zoruan jartzera behartuko du interes tasen igoerak, eta behartu du ikustera maila horretan ezin zela zorpetu. Hori ona da ekonomiarentzat, krisiak errealitatea gertuagotik ikustera behartuko duelako, eta ahalbidetuko duelako etxebizitzen merkatua egonkortzen.
Dena den, ez al da kontuz ibili behar?
Une labainkorra da inbertsioa etxebizitzan egin dutenentzat; erosleentzat, aldiz, une ona da. Lasai jarri, egunkaria begiratu eta etxebizitzak begira ditzakete. Lehen 12.000-18.000 euro gehiago eskatzen zizuten tokian, agian eraikin berean aukera gehiago dituzu eta negoziatu egin dezakezu jabeekin. Bazen garaia une hau iristekoa erosleentzat! Niretzat eta ekonomista batzuentzat ona da etxebizitzen prezioa jaistea.
Egoera honek luze joko al du, pixkanaka nabarituko al da?
Aurreikuspena da bizpahiru urtez prezioak ez igotzea edo jaistea. Nik ez dakit honi burbuila deitu eta hori airea galtzen ari den esan, ez dudalako burbuila hitza gustuko, baina argi dagoena da goranzko zikloa amaitzen ari dela eta balio objektibora gerturatzeko joera hartuko dutela prezioek. Gerta liteke zuzenketak bi urte behar izatea, edo bost, edo hamar... Nik hori ez dakit.
Eta orain Alan Greenspanek dio«garai zailak» datozela. Zer deritzozu?
Nik uste dut datorrela gogoraraztera duela 25 urte bi zenbakitik gorako inflazioa genuela. Egoera hori berritu daiteke, edozein krisi geopolitikok petrolioaren eskaintza krisi bat eragin eta upelaren prezioa 100 dolarretik gora jarriko balu, adibidez. Nik uste dut egoera hori banku zentralen kontrolpetik at dagoela, eta une jakin bateko egoera litzatekeela. Ez dut uste benetan interes tasa handiak luzaroan mantenduko dituen krisia edukiko dugula.
Hala, interes tasak goia jotzear daude.
Bi eskema daude: EBZk epe luzera erreferentziazko interes tasa %4ra ezartzen du. Hortik aurrera, inflazioa kontrolpean denean eta eskaria sustatu behar denean, tasak behetik egon daitezke; eta, kontsumoa suspertu eta inflazioa gorantz hasten denean, tasak igo. Lehengai krisi bat ez badago, jokalekua hori da, %2-%5,5 artean (gehienez jota %6 ) mugituko den zikloa.Datorren urtean berriz, aurreikuspena Euriborra %4,5 eta %5 artean mantentzea da, eta 2009tik aurrera, agian beherantz hasiko da berriro zikloa.