EBZk nahi baino polikiago jaisten ari da inflazioa eurogunean

Uztailean %5,3koa izan da prezioen igoera, aurreko hilean baino bi hamarren txikiagoa. Inflaziorik apalena da 2022ko otsailetik

jokin sagarzazu
2023ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
EBZ Europako Banku Zentralaren egutegian gorriz markatua dago Eurostatek euroguneko inflazioa jakinarazten duen eguna, eta ez, preseski, jaiegun gisa. Aurrera begirako politikak ezartzeko ezinbesteko datua da hori Christine Lagarde presidentearentzat eta gainerako buruentzat. Helburu argia dute: inflazioa %2ra jaistea, baina muga hori urrun dute oraindik.

Azkeneko hamar hilabeteetan behera egin du etenik gabe, baina EBZk nahi baino polikiago: %5,3 izan da uztailean, ekainean baino bi hamarren gutxiago. Dena den, 2022ko otsailetik izandako apalena da. EBZ irailaren 14an bilduko da berriz, eta orduan erabaki beharko du interes tasak igotzen jarraituko duen, aurreko bederatzi bileretan egin duen moduan, ala eten egingo duen igoera, inflazioaren bilakaerarekin konforme.

Iazko uztailean, %8,9koa zen inflazioa. Urrian jo zuen goia, %10,6ra iritsi zen, baina, ordutik, jaitsi egin da, batez ere energiaren prezioen gorakada izugarriaren eragina amaitu delako. Erregaiak eta argindarra iaz baino merkeago daude (-%6,1). Elikagai freskoen prezioen igoerak, aldiz, ez du etenik: bi hamarren gehiago aurreko hiletik, eta iaz baino % 9,2 garestiago. Eta zerbitzuetan prezioak ere gora ari dira egiten: %5,6, ekainean baino bi hamarren gehiago.

Oro har, igoera apaldu egin da euroaren eremuko ekonomia handi guztietan: Alemanian hiru hamarren jaitsi da, %6,5era; Frantzian bi hamarren, %5,1era; eta Italian lau hamarren, %6,3ra. Hego Euskal Herrian, berriz, igo egin da uztailean, %2,2tik %2,4ra. Inflazio tasarik txikienak Belgikak (%1,7), Luxenburgok (%2,0) eta Espainiak (% 2,1) dituzte. Kontrara, Hungariak (%17,5), Eslovakiak eta Poloniak (biak %10,3) dituzte handienak.

Baina datu orokorrarekin baino gehiago, azpiko inflazioarekin dago arduratuta EBZ, hau da, energiaren eta elikagai freskoen eragina kontuan hartzen ez duena. Horrek erakusten du prezioen igoera jarduera ekonomikoaren atal guztietan sustraitu dela. Uztailean, %5,5ekoa izan da, ekainean bezala.

Zerbitzuen prezioen igoerak eragin du etena, edo behera egin ez izanak, inflazio orokorrak bezala. Izan ere, zerbitzuen alorra da euroguneko ekonomiaren motor nagusietako bat, eta pisu handia du azpiko inflazioan. Iazko prezioekin alderatuta, %5,6 igoera izan dute, ekainean baino bi hamarren gehiago. Uda honetan, gainera, turismoarekin loturiko jarduerak gehiago garestitu dira, eta, EBZko adituen ustez, baliteke horregatik azpiko inflazio handia izatea beste hilabete batzuez.

Emaitza gazi-gozoa

Hilabeteak dira inflazioa handiari aurre egiteko EBZk maileguak garestitzea erabaki zuela, ekonomia moteltzeko eta horrekin prezioen igoera gelditzeko. Eta neurri handi batean funtzionatu du.

Eurostatek aste honetan berretsi duenez, 2023ko bigarren hiruhilekoan %0,3 handitu da euroguneko BPG barne produktu gordina, eta atzeralditik atera da eremuko ekonomiarik handiena, Alemania (%0,0). Beste herrialde batzuek ere hazkunde positiboa izan dute: Belgikak (+%0,2), Espainiak (+%0,4) eta Frantziak (+%0,5). Baita Euskal Herriak ere: puntu erdi bat Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta lau hamarren Nafarroan. Badira hazkunde tasa negatiboan daudenak ere: Austria (-%0,4), Letonia(-%0,6) eta Suedia (-%0,6).

EBZren aurreikuspenen arabera, euroguneko ekonomiak %0,9 egingo du gora aurten. Dena den, datu horri buruzko zalantzak oso handiak dira, industriaren eskaerak nahiko eskasak izan baitira bigarren hiruhilekoan, eta berdin jarraitzen dute uda honetan.

Hala ere, banku zentralaren kezka nagusia inflazioa da, BPGa baino gehiago, Lagardek uztail amaierako bileran azpimarratu zuenez, eta horren araberako erabakiak hartuko ditu aurrerantzean. Hori bai, baztertu egin du interes tasak jaisteko aukera. Badago EBZ asko kezkatzen duen beste elementu bat ere, prezioen eta soldaten arteko arrakala. Hori gertutik zainduko duela adierazi du Lagardek.

Izan ere, prezio garestiek bezala, interes tasak igotzeak isla zuzena dute enpresek bankuei ordaintzen dizkieten maileguetan baina baita herritarren poltsikoetan ere. Adibidez, hipoteken indizerik ezagunena, hamabi hilabeterako Euriborra, azken hamabost urteetako mailarik gorenean dago: %4,149ra iritsi da uztailean, iaz %0,992koa zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.