Izan ere, langile batzordeak atzo eman zion zuzendaritzari, ofizialki, haren plana ez onartzeko erabakiaren berri. «Xantaia» zen proposamena, langileen esanetan. Eskaini zien erregulazio dosierretik 160 langile salbatzeko aukera ematea, %10eko soldata jaitsierarekin, eta Garagartzako lantegia itxita —Eskoriatzakoa eta Basaurikoa mantenduta—. Beharginek ez dute onartu, uste dutelako ez dagoela plan industrialik gera zitezkeen 160 langileentzat, «ez zegoen oinarrizko bermerik».
Beraz, astelehenetik aurrera, hilabeteko epea izango dute langileek eta zuzendaritzak negoziazioetarako. Langile batzordeak ez du ulertzen CNAk behin kaleratze espedientea aurkeztuta zergatik ez duen eskatzen Edesa hartzekodunen konkurtsoan sartzea. «Ez dakigu hemen egosten ari direnaren erdirik ere, baina argi dago ez dutela interesik konkurtsora joateko. Guri ikusarazi nahi digute ez dagoela konponbiderik, horrela, guk txarrenetan onena aukera dezagun. Zertarako? Balizko inbertitzaile horrentzat hau guztia garbi-garbi izateko», azaldu dute langile batzordeko iturriek.
Edonola ere, CNAk esan du langileekin «negoziatzen jarraitzeko» prest dagoela. Beharginen ordezkarien helburua, hain zuzen, horixe da: hilabeteko kontsulta epea baliatzea negoziatzeko. Astelehen arratsaldean, esaterako, Arantxa Tapiarekin, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuarekin, bilduko da langile batzordea, egoera aztertzeko eta instituzioei laguntza eskatzeko.
NAVAL
Konkurtsoa «ahalik eta hoberena prestatzea» helburu
Aste osoa eman dute Navaleko langile batzordeko ordezkariek alderdi politikoetako arduradunekin biltzen, eta horiei guztiei azaldu diete negoziazio mahai bat sortzeko helburua dutela. Mahai horretan, Eusko Jaurlaritzak ordezkaritza izango luke, baina, Arantxa Tapiarekin bildu ostean, aukera horri bizkarra eman dio Gasteizko gobernuak.«Orain, hartzekodunen konkurtsoa ahalik eta hoberena prestatu behar dugu, ontziolaren jarraipena bermatzeko», esan du Tapiak. Izan ere, hartzekodunen konkurtsoa saihestu ezinezkotzat jo du sailburuak.
Hala eta guztiz ere, ez dio mahaia osatzeko aukera horri aterik itxi: behin hartzekodunen konkurtsoko epaile eta administratzailea izendatuta, halako negoziazio mahai batean esertzeko prest legokeela esan du, baina orain ez da bere lehentasunen artean agertzen aukera hori. Oraintxe ontziolan eraikitzen ari diren lau ontziak ondo amaitzea da, haren ustez, helburu nagusia.
Navaleko langile batzordea bilera horretatik «hotz» atera dela adierazi du Juanjo Llorden idazkariak. Auzi honetan parte hartze zuzenagoa eskatu dio sailburuari, eta, horretarako, Ferrolgo (Galizia) eta Cadizko (Espainia) ontzioletako adibideak jarri dizkio: «Bertako gobernu autonomikoek erabateko babesa eskaini zieten ontziolei, eta gauza bera egiteko eskatzen diegu». Bien bitartean, astelehenean Barakaldo, Sestao, Portugalete eta Santurtziko alkateekin bilduko dira langileak.
CEL
Beste hiru inbertitzaile posible
Asteon, Txileko talde bat izan da CEL konpainia papergilean bisitan, hura bereganatzeko asmoz;datozen bi asteetan, beste hiru konpainia dira etortzekoak: bik lehenagotik ezagutzen dute CEL, eta bestea berria da. CELeko zuzendaritzak 230 langile kaleratzeko dosierra aurkeztu zuen —Zallako eta Gueñesko langile guztiak; ez, ordea, Artziniegakoak—.Langile batzordearen esanetan, «albiste ona» da hainbat enpresek interesa izatea, «baina, oraingoz, ez dago ezer». Langile batzordeak «zuhur» jokatu nahi du, eta bertako kideek gogora ekarri dute gaur-gaurkoz langileak kalera doazela.