Koronabirusa

Egoera normaltzen ari da supermerkatuetan

Eroskik eta BMk uste dute ez dela hornidura arazorik izango.

Bezeroak ilada egiten supermerkatu baten atean, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iker Aranburu.
2020ko martxoaren 17a
18:21
Entzun

Etxe batzuetako apalak komuneko paperaz eta esnez bete ondoren, eta izozkailuak haragiz gainezka daudenez, egoera normalagoa da pixkanaka Euskal Herriko supermerkatuetan.  

Itxialdia bazetorrela ikusita, joan den astearen amaieran herritarrak trumilka inguratu ziren supermerkatuetara, eta ohi ez bezalako erosketak egin zituzten. Egun arruntetan halako bi ere saldu zutela aitortu zuten Euskal Herriko kate nagusiek, Eroskik eta Uvescok (BM eta Super Amara).

«Egoera oraindik ezohikoa da, baina, gutxika-gutxika, eskaera zerbait jaitsi da; edonola ere, koronabirusaren aurretik baino handiagoa da», onartu diote Eroskiko iturriek Efe agentziari. Hornidura arazorik ez dela izango uste du Elorrioko kooperatibak, eta azaldu du langile gehiago jarri dituela dendetan eta plataforma logistikoetan.

«Nolabaiteko normalizazioa» ikusi du BMko marketin arduradunak, Miguel Angel Zamoranok. «Jendea gero eta arduratsuagoa da; gutxiago joaten da supermerkatura, banan-banan joaten da, eta erosketak pilatu gabe».

Erositako produktuetan ere antzeman dira aldaketak. Joan den astearekin alderatuta, handitu egin da produktu freskoen erosketa. iragarri du ez dela faltako produkturik, ohi baino gehiago baitute biltegietan.

Bere langileen osasuna bermatzeko eta kontziliazioa errazteko, BMk txikitu egin du saltokien ordutegia: supermerkatuak 10:00-22:00 artean izango dira irekita, eta denda txikiagoak, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.