Osteguneko saioan Navarra Sumaren osoko zuzenketak atzera bota ondotik, Nafarroako Gobernuak bideratuak ditu zergen inguruko hiru lege proiektuak. Europa Press berri agentziak zabaldu duenez, EH Bilduk gutxieneko akordioa erdietsi du gobernuarekin. Koalizio abertzaleak ahalbidetu egingo ditu bai zerga neurrien proiektua, bai eta amatasun baimenen kenkariena ere. Era berean, gobernuak hainbat konpromiso hartu ditu: besteak beste, prest agertu da sozietate zergan hainbat aldaketa egiteko.
Nafarroako Gobernuak hiru lege proiektu aurkeztu ditu. Proiektu nagusia zenbait zerga aldatzeko proposamena da —tartean, errenta zergan %2ko deflaktazioa inflazioaren eragina leuntzeko asmoz—. Bigarrenean, berriz, kenkariak ezarri nahi dituzte 2015etik 2018rako amatasun laguntzen gainean. Azkenik, ondare zergan, enpresa partaidetzak eta ondasunak zergapetzeari uztea proposatu du.
Zergan neurrien kasuan, EH Bilduko Adolfo Araizek azaldu du abstenitu egingo direla. Amatasun laguntzen gaineko kenkariei dagokienez, ez dute erabaki zer boto emango duten, baina, edonola ere, abstentzioaren edo aldeko botoaren bidez egitasmoa onartzea ahalbidetuko dute. Enpresen ondasun eta partaidetzen proiektuari dagokionez, kontrako botoa emango dute, Ezkerraren moduan. Hala ere, kasu honetan, lege proiektua aurrera ateratzeko giltza Navarra Sumak du.
Sei konpromiso
Araizek azaldu duenez, gobernuak «sei konpromiso» hartu ditu. Osteguneko saioan, Araizek garrantzi berezia eman zion sozietate zergaren bilketa apalari, eta horren ingurukoa da lehen konpromisoa: gobernua prest dago zerga horren kenkari eta murrizketak aztertzeko, eta zerga kredituen baldintzak mugatzeko —kredituok erreminta bat dira krisi garaietako galerak konpentsatzeko—. Araizen arabera, instrumentu hori mugatu egin nahi dute, enpresen oinarri likidagarri negatiboak ugaritu egin direlako azken urteetan, nahiz eta irabaziak handitu.
Berriki, gobernuaren enkarguz, NUPeko ikerketa talde batek itzalpeko ekonomia aztertu du, eta, orain, gobernuak konpromisoa hartu du ikerketa hori sozietate zergara zabaltzeko. Araizen arabera, ikerketak errenta zerga aztertu zuen, baina sozietateen zerga ez.
Hirugarrenik, zergak moduluka ordaintzeko eta estimazio objektiboa egiteko modua murriztu nahi dute. Araizen arabera, gai horri konponbidea jarri behar zaio, eta, apurka, aukera hori kendu egin behar da. Autonomoen kasuan arazoak sor daitezkeenez, gobernuak konpromisoa hartu du gai hori aztertzeko.
Laugarrenik, aitorpenak epez kanpo egiten direnean ogasunak ezartzen dituen gainkargak aztertzeko prest dago gobernua. Halaber, gehien kutsatzen duten jarduerei «zerga berriak» jartzeko aukera aztertuko du. Azkenik, ikertuko du ea Ogasunak, ofizioz, alargun pentsioei eta beste pentsio ez-kontributiboei laguntzak zuzenean eman diezazkiekeen —nabaritu dute balizko onuradun batzuek ez dutela dagokien eskubide hori eskatzen, ez dutelako horren berri—.
EH Bilduk atzera botako ditu gai horien inguruko zuzenketak, gobernuarekin konpromisoa hitzartu duelako.