Navarra Suma bakarrik geratu da zergen eztabaidan

Beste taldeek atzera bota dituzte eskuineko koalizioaren osoko zuzenketak. PSNk esan dio oposizioan «urte asko» egingo dituela, jarrera horri eutsiz gero

Navarra Suman, eguneko protagonismoa hartu zuen atzo Maria Jesus Valdemorosek (eserita). IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2019ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Lau orduz, «zergen oturuntza». izan dute Nafarroako Parlamentuan. Halaxe deitu zion atzoko saioari EH Bilduko Adolfo Araizek, gobernuak aurkeztutako hiru lege proiektuei buruz luzaro eztabaidatu baitzuten taldeek. Navarra Sumak proiektu bakoitzari osoko zuzenketa aurkeztu zien, eta banan-banan atzera bota zituzten beste taldeek. Azkeneko proiektuaren bozketan emozio dosi bat izan zen: arrazoi erabat diferenteengatik, enpresen ondasun eta partaidetzak zergapetzeari uzteko egitasmoari zuzenketa aurkeztu zioten EH Bilduk eta Ezkerrak ere. Dena den, Navarra Sumak ez zituen bi talde horien zuzenketak babestu, eta taldeok modu berean erantzun zioten. Osoko zuzenketak atzera botata, agerian geratu zen eskuineko koalizioaren bakardadea.

Nafarroako Gobernuak hiru lege proiektu aurkeztu ditu. Proiektu nagusia hainbat zerga aldatzeko proposamena da —tartean errenta zergan %2ko deflaktazioa inflazioaren eragina leuntzeko asmoz—. Bigarrenean, berriz, 2015etik 2018rako amatasun laguntzen gainean kenkariak ezarri nahi dituzte, iazko Gorenaren epaiak irekitako egoerari konponbidea emateko asmoz. Azkenik, ondare zergan, enpresa partaidetzak eta ondasunak zergapetzeari uztea proposatu du. Aldaketa horiek guztiek 46 milioi euro inguruko kostua izango dute. Eduki hori hiru proiektutan bereizita, gobernuak Navarra Sumari keinu egin nahi izan dio; era berean, ezker-eskuin akordioak lortzeko gai dela erakutsi nahi izan du.

Eskuineko koalizioak, aldiz, jokaleku politiko horretatik ihes egin nahi izan du. Bakarrik geratuta, denak aurka dituen irudia lortu du. Maria Jesus Valdemoros Navarra Sumako parlamentariak aurpegiratu dio PSNri eurekin hitz egiteko benetako borondaterik ez izatea eta aurreko legealditik hona kontraesanean erortzea. Haren ustez, sozialistek Uxue Barkosen gobernuaren zerga neurriak kritikatzen zituzten, eta orain onartu egin dituzte %99tan.

Alternatiba gisa, eskuineko koalizioak zerga sistemaren erreforma sakona proposatu du; zehazki, errenta, sozietate, ondare eta oinordetza zergetan jaitsiera orokorrak nahi ditu. Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak ohartarazi dio proposamen horrek 250 milioi euroko kostua lukeela ogasunarentzat, eta Airef Espainiako Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak «auzitan» jarriko lukeela, «ez delako bideragarria».

Valdemorosek erantzun dio «zorroztasun teknikoagatik» ezin dela halako kalkulurik egin, lanpostuak eta kontsumoa hauspotuz diru sarrerak handituko liratekeelako. «Auzitan jartzen al duzu Ogasun Departamentuaren zorroztasun teknikoa?», galdetu dio Saizek. Haserre, kritika ez du ongi hartu Valdemorosek.

PSNko Ramon Alzorrizen arabera, Navarra Sumak ez zion gobernuari inongo agiririk aurkeztu azaroaren 27an egindako bileran, eta osoko zuzenketak aurkeztuta agerian utzi du ez duela borondaterik. «Itxurakeria hutsa da; espantuka ari zarete orain. Mundu paralelo batean bizi zarete, baina urte asko egingo dituzue oposizioko besaulkietan muturreko jarrera horrekin jarraituz gero».

EH Bilduren mezua PSNri

Osoko zuzenketak atzera botata, zatikako zuzenketen garaia da. Astebete du aurretik gobernuak EH Bildurekin hitzartzeko. Adolfo Araiz «harro» agertu da zergen arloan 2015ean laukoak hartu zuen bidearekin, eta horregatik garrantzitsutzat jo du PSNk bide hura ez desegitea. Aldi berean, kezkatuta agertu da sozietate zergaren bilketa apalarekin: enpresen irabaziak gora egiten ari diren honetan, bilketa beherantz doa, oinarri likidagarri negatiboak ugaritu direlako eta kenkarien «anabasa» dagoelako. «Ez dakigu zer gertatzen ari den», onartu du. Hartara, Araizek argi utzi du akordiorako giltza non dagoen: sozietate zergako kenkariak berrikustearen alde agertu da. Bere garaian PSNk antzeko proposamen bat egin zuela gogoratu du. «Proposamen hori erosten dizuegu», esan die sozialistei.

Beste bi lege proiektuei dagokienez, bidea libre du gobernuak. Azken urtean, amatasun laguntzen auzia presente egon da parlamentuan, eta Nafarroako Auzitegi Nagusiaren urriko azken epaiaren ondotik, gobernuak proposatu du 2015etik 2018ra bitartean %25era arteko kenkariak ezartzea: 2020ko errenta aitorpenean itzuliko lirateke. Elma Saizek argudiatu du atxikipenak ezin direla zuzenean itzuli, baina kenkarien irtenbidea «antzekoa» dela deritzo, laguntza hura jaso zutenen errentaren arabera banatuko delako. Hainbeste jira eta bira egin du auziak, nekez oztopatuko duela inork neurria. 30 milioiko kostua du.

Enpresa ondasunen zerga kentzearen aurka azaldu dira EH Bildu eta Ezkerra, eta Ahal Dugu-k zuzenketarekin bat egin du. Araizen ustez, Europan aberastasunaren gaineko zergak kentzeko joerari erantzuten dio proposamen horrek. Hala ere, kasu horretan, Navarra Sumak du giltza. Valdemorosen arabera, neurri hori gobernuaren «goxoki bat besterik ez da», euren zerga erreformari ezetz esan diolako. Goxoki izan zein ez, nekez bozkatuko du ezetz datorren astean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.