Ehiza aspergarria izan liteke. Lo eragile ere bai, tarteka. Bai behintzat txerritxoen ehiza. Berri makroekonomiko nahiz mikroekonomiko gutxi dagoenean, atzokoa bezalako saioak gertatzen dira: %0,33ko jaitsiera izan zuen Ibex-35 indizeak, eta eskerrak Florentino Perez buru duen ACSk (+%2,95) Alemaniako Hochtief filialaren %50 erdiesteko asmoa agertu zuen (egungo %30eko partaidetzatik gora). Munduko hirugarren eraikuntza enpresa bihurtuko litzateke, eta kontu publikoetan bateratzeko aukera izango luke. Hori bai, dirua eskaini ordez, ACSko akzioak eskaini ditu. 1.481 milioiren salerosketa apalean, 51 baino ez ziren ACSko akzioetan izan. Edurnezurik (-%0,06) soilik gainditu zuen 300 milioiren salerosketa (355 milioi), eta gorrian OHL (-%1,77) eta Gas Natural (-%1,5) soilik nabarmendu ziren. Ehiztarien zurrungek bat egin zuten Atlantikoaren bi aldeetan, eta AEBetako datu industrialek uzkurtzea adierazten dute bigarren hilabetez.
ACSk Hochtiefen kontrola lortuta ere, ez dirudi sinesgarria Iberdrolari (-%0,65) uko egingo dionik. Gardoki kalekoen lehen akzioduna da oraindik ere ACS, eta administrazio kontseiluan kokatu nahi du bere burua. Demak jarraitu egingo du.
Espainiako Altxorrak 4.000 milioiren zorra saltzea lortu zuen atzo, 10 eta 30 urterako epeetan. Zor hori bera saldu zuen azken aldian baino %1 gutxiago ordaindu beharko du interesetan, eurogunearen gaineko zalantzak txikiagoak diren erakusgarri.
Ehiztarien loa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu