EHNE, UAGA eta UAGN Errioxako mahastizainen manifestazioan egongo dira

Aurtengo uztaren errendimenduak murrizteko erabakia eurentzat kaltegarria dela salatuko dute

Erredakzioa
Gasteiz
2010eko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Errioxako ardoaren sor-markako mahastizainak eta laborariak biltzen dituzten sindikatuek manifestazioa egingo dute etzi Logroñon (Errioxa, Espainia). Arabatik UAGA sindikatua eta Nafarroatik EHNE eta UAGN egongo dira mobilizazio horretan, eta atzo Errioxako UAGR eta UPArekin batera parte hartzeko dei egin zuten.

Azken bi urteetan krisi ekonomikoak hautsi egin du sor-markan egon izan den adostasuna. Hain zuzen ere, mahatsaren prezioaren jaitsiera buruhauste bihurtu da laborarientzat. Testuinguru horretan, Errioxako Ardoaren Lanbide Arteko Erakundeak aurtengo uztarako mahastien errendimendua murrizteko hartu duen erabakiari aurre egin nahi diote sindikatuek. Mahats beltzari dagokionez, errendimendua %90era murriztuko da, 5.850 kilo hektarea bakoitzeko.

Erabakia hartu zenetik, joan den martxoaren 8an, hautsak harrotu ditu. Mahastizainen errentagarritasuna bermatzeko inolako neurririk ez dela hartu uste dute nekazariek, eta ez duela merkatuaren oreka ekarriko. «Bidezko prezioak eskatzen ditugu soilik, ustiapenak bideragarriak izan daitezen», Luis Torres UAGRko ordezkariaren arabera.

Mahatsa, erdi prezioan

Sor-markak porrot egiteko inolako arriskurik ez duela nabarmendu zuen EHNEko ordezkari Alberto Saenzek, manifestazioaren aurkezpenean. Hala, ardo botilaren prezioa %6 merkatu den bitartean, mahatsaren truke ordaintzen den prezioa erdira jaitsi dela salatu zuen. «Upategiek diotena egia balitz, prezioa %15 jaisteraino iritsiko ginateke, baina beste guztia gure kontura dirua egitea da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.