Abenduko ordainsaria ez dute jasoko EHU Euskal Herriko Unibertsitateko langileek. Iñaki Goirizelaia errektoreak gutun bat igorri die unibertsitateko langileei, eta azaldu die EHUk ezin diezaiokeela bizkar eman abenduko ordainsaria bertan behera uzteko Espainiako Gobernuak emandako aginduari. Beste erakunde batzuek hartutako bidea proposatu du EHUk: datorren urteko ekaineko ordainsaria aurreratzea. Aurrerapen gisara pagatuko diete ekaineko ordainsaria abenduan hala nahi duten langileei. Dirua abenduan jaso nahi ez dutenek bost eguneko epea dute hori adierazteko.
Espainiako Auzitegi Konstituzionalera jo du Espainiako Gobernuak abenduko ordainsariaren harira, Eusko Jaurlaritzak bere langileei ordaindu egingo dielako. EHUk dio abenduko ordainsaria pagatuko duela Konstituzionalak baiezkoa ematen badio.
Sindikatuen salaketa
LAB sindikatuak salatu du emandako hitza jan egin duela Goirizelaiak: "Errektore hautagaiak azaroak 30eko klaustroan 'abenduari dagokion lansariaren balio osoa' ordaintzeko adierazi zuen asmoa ez du bete". EHUk esan du bete egin behar duela ordainsaria ez pagatzeko araua; LABek uste du "aitzakia" dela hori, eta salatu du sindikatuei ez diela gaur arte erabakiaren berri eman. Ostegunean bilera dute egoera aztertzeko, eta horren ostean "erantzun bat" emango duela iragarri du LABek.