Ekarpenen jabeei 200 milioiko zorra barkatzeko eskatuko die Eroskik

Eperik ez duten ekarpenak trukatzea proposatuko du kooperatibak, bankuen eta Kontsumobideren oniritziarekinJarritako diru inbertsioan ez duela galerarik onartuko ohartarazi du Kaltetuak elkarteak

Eroski supermerkatu bateko hainbat gurdi, eraikinaren kanpoaldean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
2014ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
200 milioi euroko zorra barkatzeko eskatuko die Eroskik menpeko ekarpenak erosi zizkioten 30.000 inbertitzaileei. Proposamen hori menpeko ekarpenen auzia itxi nahi duen akordio zabalago baten parte da. Jarritako diruaren %30 barkatzeaz gain, ekarpenen truke dirua eta epe finkoa duten bonuak eskainiko dizkie kooperatibak zordunei. Eskaintzak finantza erakundeen eta Kontsumobideren babesa du.

Baldintza zehatzak atzo arratsaldez jakinarazi zituen kooperatibak, CNMV Espainiako burtsa ikuskatzaileari igorritako ohar batean. Gaur egun merkatuan dituen eperik gabeko ekarpenen truke, bi ordain proposatu ditu. Alde batetik, hamabi urteko epea duen bonu bat ematea, ekarpenek duten balioaren %55 izango duena. Bonu horren truke interesak ordainduko ditu urtero: Euriborra +%3. Horrekin batera, dirutan ekarpenen balioaren %15 itzuli nahi die erosleei: 3,75 euro ekarpen bakoitzeko. Jarritako diruaren %30 galduko lukete inbertitzaileek: 7,5 euro ekarpen bakoitzeko.

Oraingoz, proposamena finantza erakundeekin lortutako akordiorako oinarria dela nabarmendu du Eroskik bere idazkian. Azkenean aurrera egitea erabakiko balitz, lau baldintza bete beharko lituzke trukeak. Hasteko, finantza hartzekodun aldetik beharrezko akordioa lortzea eta CNMVren baimena eskuratzea. Ondoren, bankuekin duen finantza zorra berriz finantzatzeko prozesua bururaino eramatea. Eroskik kalkulatu du bederatzi hilabete beharko dituela horretarako. Hots, aurtengo iraila edo urria izan liteke. Azkenik, Eroskiko batzar orokorrak onartu beharko luke.

Akordioa borondatezkoa izango da, eta ekarpenen jabeek ez dituzte itzuli behar izango orain arte urtero kobratu dituzten interesak. Hurrengo ordainketa — 2013. urteari dagokiona — urtarrilaren 31n egingo du Eroskik. Jaulkipenaren arabera, %3 eta %3,5 bitartean jasoko dute inbertitzaileek. Ekarpenen jabe guztiek trukea onartzen badute, dirutan 99 milioi euro ordainduko dizkie Eroskik, eta beste 363 milioi hamabi urterako bonuetan.

Goizean goiz, CNMV Espainiako burtsa ikuskatzaileak menpeko ekarpenen kotizazioa etetea erabaki zuen. Vocento taldeko hedabideek balizko trukeari buruzko informazioa argitaratu zuten, eta horrek kotizazioak normalaurrera egitea trabatzen zuela iritzi zion CNMVk. Halako kasuetan egin ohi duenez, merkatutik atera zituen ekarpenak, informazio gehiagoren esperoan. Ekarpenak bigarren mailako merkatuan salerosteko aukera dago, baina krisiak likidezia txikia utzi eta balio galera handia eragin die. Hala, jatorriko prezioarekin alderatuz, tituluek %68-62 gutxiago balio dute orain.

Kaltetuak elkartea, aurka

Trukearen iragarpenari buruz Eusko Legebiltzarrean hitz egin zuen ekarpenen erosleak biltzen dituen Kaltetuak elkarteak. Hasieran jarritako diruaren parte bat galtzea dakarren edozein akordio ez dutela onartuko esanzuen Jose Antonio Urrutia elkarteko ordezkariak. Fagorren kasuari buruz azalpenak emateko zegoen Urrutia Legebiltzarrean.

Kontsumobideren bidez Eroskiren eskaintzak Eusko Jaurlaritzaren babesa izatea «onartezina» iruditzen zaie elkarteko ordezkariei. «Normala da Eroskik eta bankuek proposatzea, eurena defendatzen dutelako, baina ezin da onartu Eusko Jaurlaritza, bitartekari lanak egin dituena, horretaraino iristea. Lasai-lasai alde egingo dute», Urrutiaren hitzetan.

Zalantzan jarri dute, era berean, orain eskaintzen zaizkien bonuen fidagarritasuna. Menpeko ekarpenen kasuan, enpresak porrot egiten badu, inbertitzaileak ia azkenak dira hartzekodun zerrendan, eta jarritako dirua galtzeko arrisku handia dute. Fagorren hala gertatu da, eta menpeko ekarpenetan jarritako sosak ia galdutzat jo dituzte elkartekoek, ez bada epaitegien bidetik.

Halako truke akordio global baten ordez, bana-banako salaketen bidea lehenetsi dute elkarteko kideek. Hasi dira hala Eroskirennola ekarpenak saldu zituzten finantza erakundeen aurkako salaketak jartzen.

Berriz finantzatzeko prozesua

Kooperatibak duen zorpetze osoa berriz finantzatzeko negoziazioetan buru-belarri sartuta dago Eroski. Hiru esparru dituen prozesua da: langileak, bankua, eta ekarpenen jabeak. Langileek galeren zati bat euren gain hartzea onartu dute, bankuekin elkarrizketak aurrera jarraitzen du, baina hirugarren partea, banakako zordunak, akaso korapilatsuena izango da, menpeko ekarpenak oso finantza produktu polemikoak direlako.

Kapitala biltzeko asmoz bi zor jaulkipen egin zituen Eroskikjoan den hamarkadan. Guztira, 660 milioi euro saldu zizkien, bankuen bidez, 30.000 inbertitzaileri. Jarritako diruaren truke erosleek interes jakin bat jasotzen ari dira urtero. Arazoak krisia iritsi denean eztanda egin du: ekarpen horiek betiko dira. Hots, ezin da dirua berreskuratu kooperatibak atzera erostea erabaki edo Eroski bera desegin arte.

Eperik gabeko izaera horrekin haserre, erosle ugarik «iruzurra» egin izana leporatu diote Eroskiri eta salmenta egin zuten finantza erakundeei. Kooperatibak, berriz, egindako jaulkipena legezkoa izan zela esan du beti. Bi jaulkipen horiek CNMV ikuskatzailearen baimena jaso zuten.

Polemikak egoera deserosoa sortu du Eroskirentzat. Orain, zorpetze osoa berriz finantzatzeko prozesu batean buru-belarri sartuta dago. Kooperatibak 2.500 milioi zor dizkie bankuei. Hasieran, zorra 2017. urtera atzeratzea lortu zuen, baina, krisiaren ondorioz epe hori ez dela nahikoa izango iritzita, berriro negoziatzen hasi da. Urte hasieran berregituratze plan zabala jakinarazi zuen Eroskik, eta bide orri horrek hartzekodun banku guztien oniritzia jaso zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.