Ekinbat proiektua jarri dute martxan, desabantailak dituzten gazteei enplegurako bidea errazteko

Egitasmoaren sustatzaileen arabera, gazteen eta komunitateko eragileen artean harremanak sortzea da inklusiorako gakoa.

Ekinbat proiektuaren koordinatzaileak. EKINBAT!
Ekinbat proiektuaren koordinatzaileak. EKINBAT!
2024ko uztailaren 21a
05:05
Entzun

Lana bilatzea berez erraza ez bada, desabantailak dituzten gazteentzako, are zailagoa da. Arazo horri aurre egiteko proiektu berri bat sortu dute Gipuzkoan: Ekinbat. 2025eko abendura bitarte iraungo du.

16-30 urte bitarteko gazteentzat izango da. Hain zuzen, Hasierako Lanbide Heziketan daudenentzat, Lanbide Heziketa zentroen komunitateetan egon daitezken gazteentzat eta Lanbide Heziketako ziklo maskulinizatuetan, helduentzako ikastetxeetan eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babes-emantzipazio sisteman dauden emakume gazteentzat.

Ikaslan Gipuzkoak, Ikertze kultur elkarteak, Zabalduz kooperatibako Batzen proiektuak eta Sorginlore gizarte elkarteak bultzatu dute Ekinbat, EHU, Zehar-Errefuxiatuak eta lanbide heziketako zein helduentzako ikastetxeekin elkarlanean. Kutxa fundazioak finantzatu du proiektua. 

«Desberdinkeriak murrizten lagunduko dugu», esan du Zaira Garciak, proiektuaren koordinatzaileetako batek. Proiektuaren «funtsezko elementua» parte hartzea dela azaldu du, enplegu aukerak sustatzea ekarriko duelako. Gainera, inklusiorako aukerak handituz, parte hartzeak gazteen eta komunitateko eragileen artean harremanak sortzeko aukera ematen duela argitu du koordinatzaileak: «Harremanak eta gertutasuna aurreiritziak desegitea dakar». Hortaz, komunitatean «aurreiritziak lantzea» eta profil ezberdinetako pertsonen enplegua sustatzeko «ezagutzak areagotzea» espero dutela dio.  

Ikuspegi prebentiboa, sistemikoa eta generokoa duen proposamena da. «Gabeziei eta arazoei aurrea hartzen saiatuko gara», esan du Garciak. «Desabantaila egoeran edo desabantaila-egoera arriskuan dauden profilekin lan egingo dugu beraientzat erosoak diren espazioetan». 

Hiru proiektu

Ekinbat proiektua hiru ataletan banatuta dago: Gazteekinbat, Emakumeekinbat eta Eragileekinbat.

Gazteekinbat proiektuan, pedagogia feministen bitartez, Gipuzkoako Lanbide Heziketa zentro publikoetako gazteen parte hartze soziopolitikoa sustatzeaz gain, «sinergiak» sortuko dituzte tokiko ekosistemen eta zentroen artean. Zaira Garciak azaldu du ikasleak zein irakasleak prestatuko dituztela parte hartze komunitarioan eta gaitasun soziokulturaletan. 

Emakumeekinbat atalaren kasuan, berriz, teknika artistikoetan oinarritutako «introspekzio sortzaile» prozesu baten bitartez, emakume gazteak ahalduntzeko eta laneratzeko tresnak garatuko dituzte. Era askotako emakume taldeak izango direla esan du Garciak. 

Desabantailak dituzten gazteak emantzipatzeko ezagutzak sozializatzea da Eragileekinbat proiektuaren helburua. Garciak dioenez, enpleguaren bidez helduarora igarotzeko baliabideen gida eleaniztuna egingo dute. 

Proiektu bakoitzaren emaitza eragileekin eta instituzioekin sozializatuko dutela argitu du Garciak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.