Aurrez uste baino erorialdi handiagoa eta suspertze txikiagoa. Europako Batzordeak panorama beltza marraztu du ekonomiaren bilakaerari buruzko bere udako aurreikuspenetan, udaberrian egindako iragarpenak are gehiago ilunduz. Europako Batasuneko ekonomia aurten %8,3 amilduko dela dio —%7,4ko erorikoa iragarri zuen udaberrian—, eta hurrengo urterako suspertze apalagoa espero du, %5,8koa, aurrez iragarritako %6,1eko hazkundearen azpitik.
Konfinamendutik irteteko prozesuek udaberrian uste zen baino denbora gehiago hartu dutela azaldu du Batzordeak, hori dela atzeraldi sakonago bat espero izateko arrazoia.
Batzordearen eurogunerako datuak ere okerragoak dira. Euroan biltzen diren herrialdeetako ekonomiek %8,7 egingo dute atzera aurten —%7,4ko jaitsiera aurreikusi zuen udaberrian—, eta 2021ean hazkundea %6,1ekoa izango da.
Herrialdeka, Italia da eroriko handiena izango duena (-%11,2). Espainiako ekonomia %10,9 amilduko da aurten, eta 2021ean %7,1 suspertu. Frantzian ere %10etik gorakoa izango da atzeraldia (%10,6), eta, Batzordearen arabera, ekonomia %7,6 suspertuko da.