BPG-a

Ekonomia eta enplegua %20 inguru jaitsi dira bigarren hiruhilekoan

Eusko Jaurlaritzak aurreikusi baino gehiago uzkurtu dira, esan baitzuen %13,4 eta %10,7 jaitsiko zirela apiriletik ekainera. «Bake garaian sekula bizi izan gabekoa bizitzea egokitu zaigu», esan du Azpiazu sailburuak.

Ped Azpiazu Ogasun sailburua. BERRIA
xabier martin
2020ko uztailaren 24a
10:37
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiak inoizko eroriko handiena izan du urteko bigarren hiruhilekoan: %20,1 urte arteko tasan. Ez dago seriean horrelakorik, ezta enpleguarenean ere, koronabirusak eragindako konfinamendua eta haren ostekoa modu gordinean islatu baita enpleguaren datu makroan: %19,8. Eusko Jaurlaritzak ohartarazi zuen jaitsiera handiak izango zirela 2020ko bigarren hiruhilekoan, baina labur geratu da, Pedro Azpiazuren Ogasun Sailak %13,4 eta %10,7ko aurreikuspenak egin baitzituen, betiere BPG barne produktu gordinari eta enpleguari dagokienez. Horrenbestez, EAE atzeraldian sartu da bi hiruhileko jarraian ekonomiak atzera egin ondoren.

Parekorik ez duten jaitsiera horiek urteko lehen hiruhilekoan gertatutakoei gehitu zaizkie. Urtarriletik martxora, itxialdiaren egun batzuk baino jasotzen ez zituen epealdia izanik ere, %3,2 uzkurtu zen ekonomia, eta %2,8ko galera izan zuen enpleguak. Apirilaren 14an abiatu zen neurrien arintzea, baina ekainaren 21era arte iraun zuen prozesuak, eta epealdi horrek bere gordinean islatu du ekonomiaren geldialdia; edozein modutan, Gasteizko gobernuak aurreikusi baino askoz larriagoa da.

Eustaten arabera, ez dago serien hiruhilekotik hiruhilekorako sortu den koskaren parekoa, aurtengo lehenetik bigarrenera %16,9 uzkurtu baita Jaurlaritzaren eskumeneko lurraldeen BPGa. Enpleguaren alorrean, berriz, %17ko jaitsiera jaso du hiruhileko aldaketak. Datu beldurgarria izanda ere, are okerragoa izan zitekeen aldi baterako erregulazioak aintzat hartuko balira langabeak zenbatzeko. Erregulazio horiei esker, ez da eroriko handiagoa izan enpleguan, oraindik ere milaka langile baitaude haiei loturik, nahiz eta gehienak atera diren dagoeneko dosierretatik.

Bi digitukoa izango da urte amaierako uzkurtzea

Egungo jokalekuaren iluntasuna zenbaterainokoa den finkatuta dagoela, Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak onartu du urte bukaerako hazkunde aurreikuspena aldatu beharko duela bere sailak, apalduta noski. Aurreratu du «bi digituko erorikoa» izango duela BPGak 2020an. «Bake garaian sekula bizi izan ez duguna bizitzea egokitu zaigu, inoiz ez dugulako ezagutu bi digituko jaitsierarik». Azpiazuk Europako Batasunean egindako suspertze planari erreparatu dio egoera ekonomiko-soziala orekatzeko, eta batez ere Espainiako Gobernuari mintzatu zaio, Kontzertuaren Batzorde Mistora deitzeko eskatzeko, defizita asko igoko dela ohartarazi ondoren. Sailburuak esan du aldundien bilketa %18 inguru jaitsiko dela urte amaieran, hau da, 2.000 milioi euro inguru. Zorpetze gaitasuna handitzea presazkoa dela esan du.

Enpleguaz hitz egitean, ezkortasuna adierazi du Ogasun eta Ekonomia Sailak, uste baitu beste 36.000 lanpostu gal daitezkeela urte amaiera arte. Kalkulatu dute defizita %3,5 inguruan kokatzea «beharrezkoa» izango dela industriak eta zerbitzuek izango duten jardueraren galerari aurre egiteko. Sailak gogoratu du 2019an BPGaren %2,2ko hazkundea izan zutela Jaurlaritzaren eskumeneko lurraldeek, eta sei urteko zikloa «hazkunde sendo batekin» itxi zutela. «Baina hori iragana da», esan du Azpiazuk.

Urtearen bigarren zatian ekonomia zertxobait suspetzea espero ote daitekeen galdetuta, Azpiazuk baietz esan du, baina zuhurtzia handiz erantzun du, «kutsatze mailaren arabera» izango dela garbi utzita. Ez du ezkutatu urte amaieran ekonomiaren uzkurtzea «ezezaguna» izango dela, baita urteko bigarren erdia hobea izanda ere. «Ahalegin guztiak beharko ditugu, publikoak eta pribatuak, egoera honi aurre egiteko».

Ekonomiak indar handiz egin du atzera Hego Euskal Herri osoan. Nafarroaren zenbakiak luze gabe jakinaraziko ditu Iruñeko gobernuak, baina urteko lehen hiruhilekoan argi ikusi zen lurraldeko ekonomia izoztu egin zela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.