Petrolioaren prezio garestiak ekonomiaren hazkuntza baldintzatzen duela inoiz baino sarriago entzuten ari den honetan, Eusko Ganberek ohartarazi zuten Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko ekonomiek, aurten bederen, ez dutela atzera egingo. «Urte hasieratik izandako erritmo berarekin joan zen bigarren hiruhilekoa, eta ez dirudi ekainetik abendura bitartean joera hori aldatuko denik». Batez beste, aurtengo ekonomiaren hazkuntza %2,7 eta %2,8 artekoa izango dela iragarri zuten.
Jarduera sektoreei erreparatuz, industriaren hobekuntza egonkortu izanak bideratu du hazkuntza, besteak beste, Ganberen hitzetan. Eraikuntza ere indartsu ibili arren, sektorearen hazkuntza leunki apaltzen ari dela ohartarazi zuten. «Zerbitzuen bilakaera, berriz, egonkortu egin da». Barne eskariaren garrantzia aitortu zuten, baina nazioarteko merkataritza harremanen suspertzea azpimarratu zuten. Ganberen arabera, aurreko urteetako beherakada gainditu ostean, nazioarteko merkataritza hartu-emanak nabarmen hazi dira. «Esportazioak indartsu hazi dira, lehen seihilekoko urtez arteko hazkuntza %16koa izan da», azaldu zuten. Inportazioak %14,5 hazi ziren tarte berean.Emaitzak ikusirik, Euskal Industriaren Konfiantza Adierazleak hazkuntzaren bideari eutsi diola zehaztu zuten. «Industria Ekoizpenaren Adierazleak ere gorantz dirau, urte hasieran baino nabarmenago, gainera». Produkturik aipatzekotan, ekipamendu ondasunen susperraldiaren berri eman zuten.
Eraikuntza, moteltzen
Eraikuntzako hazkuntza artean ere nabarmena bada ere, azken hilabeteotan arin moteldu dela jakinarazi zuten. «Zementuaren kontsumoa murriztu egin da eta enplegua maila apalagoan hazi da». Zerbitzuen hazkuntza, berriz, egonkortu egin dela jakinarazi zuten Ganberek. Gaineratu zutenez, 2003an baino joera hobea izaten ari da. Etxeetako kontsumoak bilakaera bera izan du, Ganberen arabera. «Inbertsioaren susperraldia, berriz, ez da moteldu, nahiz eta eraikuntzakoa murriztu den».
2004ko munduko hazkuntza ekonomikoaren aurreikuspena arin hazi dela jakinarazi zuten.«Apur bat jaitsi da 2005ekoa». Dena dela, herrialde bakoitzeko egoera zehatzak aintzat hartzea ezinbestekoa dela oroitarazi zuten. «Estatu Batuetako hazkuntza iragarpena murriztu egin da. Hala ere, %4,3 haziko da».
PETROLIOA
Ekonomia hazkuntza egonkorra aurreikusi dute Eusko Ganberek
2004an EAEko ekonomia, batez beste, %2,75 haziko dela iragarri dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu