Lehen krisi ekonomiko globalaren amaierari kutsu ofiziala eman dio Nazioarteko Diru Funtsaren atzoko txostenak. Aurrerantzean kezka ez da ekonomiak noiz itzuliko diren zenbaki positiboetara, baizik eta krisiak utzitako hondamena noiz zuzenduko den.
Krisia globala izanagatik, desberdin sentitu dute munduko hiru bloke nagusietan. Aberatsok hartu dugu kolperik handiena, edo hobe esanda, mundu aberatseko klase apalenek. Aspaldiko partez, langabezia %10era iritsi da eurogunean eta AEBetan, eta okerrena da kopuru horietatik jaisteko 2010a urte galdua izango dela. OITk berak atzo gogorarazi zuenez, beste hamasei milioi lagunek enplegurik gabe bukatuko dute urtea. Eta jakina da langabezia handitzea baino askoz zailagoa izaten dela jaistea.
Mendebaldean, 2009a atzeraldiaren urtea izan da, baina moteltzearena baizik ez gorabidean dauden herrialdeetan. Txina gai izan da bi zenbakiko hazkundera itzultzeko urteko azken hiruhilekoan, eta Indiak eta Brasilek ere erritmoa uste baino bizkorrago berreskuratu dute. Horrek zer esan nahi duen? Baldintza okerrenetan ere herrialde batzuk gai izan direla dinamika positibo bati eusteko. Eta munduaren erdigunea Atlantiko iparraldean ez ezik, Asia ekialdean ere badagoela. G8ko taldea krisiaren kalte kolaterala izan da.
Hirugarren talde bat ere badago, munduko herrialderik pobreena. Hazkundea gorabehera, krisian hasi zuten krisialdi ofiziala, eta krisian jarraituko dute orain.
EKONOMIA. NAZIOARTEKO DIRU FUNTSAREN AURREIKUSPENAK. Hiru abiadura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu