Ekonomiaren erorketan oinarrituta, gastu publikoa gehiago murrizteko erabakiak ari dira iragartzen Hego Euskal Herriko administrazio publikoak. Atzo, langile gastua 25 milioi eurotan murrizteko neurri sorta iragarri zuen Nafarroako Gobernuak. Bitartean, Eusko Jaurlaritzak ez du baztertzen aurrera begira murrizketa gehiago egin behar izatea.
Nafarroako Gobernuak bi multzo ezberdinetan banatu ditu neurriak. Diruaren erdia aurrezteko erabakiak bere kasa hartu ditu, baina beste erdia martxan jarri baino lehen sindikatuekin negoziatu beharko du. Hala, 12,9 milioi euro lau aldaketen bidez aurreztu nahi ditu: ordezkapenak %25 gutxituko dira, Osasunbideko produktibitate osagarria jaitsiko da, erretiro hutsuneen laurden bat bete gabe utziko du, eta Foruzaingoaren nahiz suhiltzaileen aparteko orduak %25 murriztu nahi ditu.
Langileen ordezkariekin neurri gogorragoak aztertu beharko ditu Yolanda Barcinaren gobernuak, ordea. Horien artean dira, besteak beste, gaixoaldietako osagarria «berrikustea», opor hilabeteko ordainaren osagarriren bat kentzea, edo bidaiatzeko dietak ezabatzea. Era berean, 300.000 euro aurreztu nahi ditu sindikatuen liberatuentzako orduak %10 murriztuta.
Erabaki horiekin Nafarroak bat egin du orain dela aste batzuk Eusko Jaurlaritzak ireki zuen bidearekin. Hain zuzen ere, gaixoaldi laburretan soldataren erdia baino ez dute jasoko Jaurlaritzako funtzionarioek. Beste neurri batzuk ere hartu ditu Patxi Lopezen gobernuak, 95 milioi euro aurrezteko helburuarekin. ELA, LAB eta EILAS sindikatuek lau orduko lanuzte batekin erantzun zieten murrizketei, joan den otsailaren 9an. Eusko Jaurlaritzan 67.000 langile daude, eta beste 25.000 funtzionario ditu Nafarroako foru gobernuak.
Gastu publikoari egindako murrizketa ezberdinek ekonomia osoa ari dira trabatzen. EAE eta Nafarroa atzeraldiaren ertzean daude, joan den urteko azken hiruhilekoan hazkunde negatiboa izan ondoren. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, esaterako, administrazioen kontsumoa %3,6 jaitsi zen urritik abendura, aurreko urtearekin alderatuz. Udaren ondoren nabarmen bizkortu da kontsumo publikoaren jaitsiera.
Egoera berrikusiko du Agirrek
Euskal Autonomia Erkidegoaren ekonomia %0,2 uzkurtu zen 2011 urteko azken txanpan. Hori ikusita, atzeraldian erortzea posible dela onartu zuen Carlos Agirre Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak, Eustaten datuak aztertzeko egin zuen agerraldian. Orain dela aste batzuk atzeraldian erortzea «ehuneko batzuen kontua» izango zela adierazi zuen Agirrek. Zuhurrago mintzatu zen atzo, eta artean ez dutela datu nahikorik adierazi zuen.
Laster kontuak onbideratzeko plana aurkeztu beharko dio Patxi Lopezen gobernuak Espainiakoari, aurten defizit publikoa %1,3 izateko baimenaren truke. Txosten horretan aurrekontuaren eta egoera ekonomikoaren irakurketa gaurkotuko du Jaurlaritzak, eta Espainiako kontularitzari egokitu beharko dio. Diru sarrera eta gastu propioen proiekzioa egiteaz gain, eredu horretan sozietate eta enpresa publiko ugariren kontuak bere gain hartu beharko ditu. Aritmetika guztia egin ondoren geratzen zaion defizit aurreikuspenak %1,3 gainditzen badu, neurriak hartuko direla aurreratu zuen Agirrek.
Balizko murrizketa horietan langile publikoei begira beste neurri batzuk hartzea baztertu du Jaurlaritzak. Gastu korrontea doitzea izango da lehen urratsa, baina alor horretan «oso aukera gutxi» geratzen zaizkiela onartu zuen sailburuak. Hurrengo aukera inbertsioak mugatzea litzateke. Aurrekontuak 612 milioi euroko inbertsio errealak jasotzen ditu. Horiekin nahiko ez balitz, murrizketa gordinagoak erabaki beharko lituzke gobernuak.
Kontu publikoen estutasunak zerga bilketarekin harremanetan jarri zituen berriro Agirrek. Hala, 2006-2007 urteetan ekonomiak hazkunde indartsua zuenean bilketa BPGaren %20 inguru izatetik %17,5 baino gutxiago izatera igaro da orain. «Hori 2.000 milioi euro dira, erakunde publiko guztiok ditugun finantza desorekak baino gehiago», Agirren hitzetan.
Europatik, albiste txarrak
2012. urtean EAEko ekonomia %0,7 haztea da gobernuaren azken aurreikuspena. Ez du oraingoz aldatuko, EBko koadro makroekonomiko berria izan arte behintzat. «Europan eta Espainian gertatzen denaren arabera egingo dugu aurrera, eta horien egoera oso aldakorra da».
Momentuz, Europatik datozen albisteak ez dira onak. 2011 urteko azken hiruhilekoan %0,3 erori zen EB osoko eta euroguneko ekonomia. Bost herrialde honezkero atzeraldi teknikoan sartu dira. Horien artean Italiaren egoera da kezkagarriena, %0,7 atzera egin ondoren. Europako Batzordeak datorren otsailaren 23an aterako ditu aurreikuspen berrituak.
Ekonomiaren erorketak berriro ere murrizketak jarri ditu martxan
Nafarroak prest ditu langile gastutik 25 milioi euro aurrezteko neurriak; Jaurlaritzak ez du baztertu murrizketa gehiago egiteaEuropako Batasuna eta Hego Euskal Herria atzeraldi ekonomikoaren ertzean daude
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu