Jardunaldiak

Ekonomista euskaldunen lehen biltzarra egingo dute, azaroaren 14ean

Juan Jose Ibarretxe, Joseba Barandiaran, Maria Jose Aranguren eta Jule Goikoetxea izango dira hizlarien artean, Euskaltzaindiaren Donostiako egoitzan.

Biltzarraren aurkezpena, Donostian. JON URBE/ FOKU
Iker Aranburu.
2019ko urriaren 31
13:25
Entzun

UEUren eta Ekonomisten Euskal Elkargoaren arteko lehen kolaborazioaren fruitua da Ekonomialari Euskaldunen I. Biltzarra. Ekonomista euskaldunen sarea sortu nahi dute bi erakunde horiek, "azken joera teorikoen berri izan eta pil-pileko gaiez modu kritikoen eztabaidatzeko", gaur Donostian azaldu dutenez.

Oskar Arantzabal UEUko Ekonomia sailburuak onartu du duela 25 urte saiatu zirela lehen topaketa egiten, baina, "masa kritikorik" ez zegoela eta, amore eman zuten. "Orain badago", esan du, eta horren seinale da biltzarrean parte hartzeko izen emateak  erritmo onean doazela eta eserlekuen erdia bete dutela jada. Izen emateko epea zabalik dago www.ueu.eus helbidean, azaroaren 11era arte. Doakoa da.

Lanbide erdalduna

Ekonomisten lanbidea "oso erdalduna" dela eta euskara oso gutxi erabiltzen dela ziurtatu du Imanol Urbieta Ekonomisten Euskal Elkargoko ordezkariak, baina egoera aldatzen ari dela. Erakunde horretan hamarretik seik badakite euskaraz, eta azken graduatu gehienak ere euskaldunak direnez, kopuruak gora egingo du hurrengo urteetan. Gauzak horrela, elkargoaren barruan Euskara Komunitatea sortzea erabaki dute, euskararen erabilera areagotu eta arlo horretan dabiltzan beste erakundeekin elkarlanean aritzeko.

Alde horretatik naturala izan da UEUrekin batera biltzarra antolatzea, Ane Sarasua UEUko idazkari nagusiak gogorarazi duenez, unibertsitateko adituak eta alorreko profesionalak "euskaratik eta euskaraz eraikitzeko" biltzen dituen erakundea baita haiena.

Hamar hizlari

Teoriaren munduan aritzen den jendearen eta enpresaren "mundu praktikoan" aritzen direnen arteko zubi lana egin nahi dute biltzarraren bitartez. Hamar hizlari izango dituzte entzungai, gehienak hogei minutukoak. Horrela, genero arrakala izango du hizketa gai Jule Goikoetxea EHUko irakasleak, lehiakortasuna eta ongizatea Orkestrako Maria Jose Arangurenek eta Amaia Zumeagak, robotizazioa Joseba Permachek (EHU), eta ekonomia zirkularra Aitor San Franciscok (Bilibin kooperatiba) eta Iñigo Ruiz de Apodakak (CAF).

Denbora gehiago izango du, berriz, Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak. K izenburua jarri dio bere hitzaldiari, ekonomia munduan kulturak —eta haren barruan hizkuntzak— duen pisua nabarmendu nahi duelako.

Bazkariaren ostean, Baleren Bakaikoa  Euskal pentsio sistema baterantz tailerra gidatuko du, eta Joseba Barandiaran Ekonomisten Euskal Elkargoko kideak Wikipedian ekonomiari buruzko artikuluak elikatzeko ikastaro praktiko bat emango du.

Bi urtean behin egin nahi dute biltzarra UEUk eta Ekonomisten Euskal Elkargoak. Hurrengoa, 2021ean, Bilbon.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.