ELA: «Industriarako diru publikoa badago, erakundeek erabaki ahalmena izan behar dute enpresa horietan»

Sindikatuak hainbat neurri eta erreminta proposatu ditu eredu publiko-pribatua birformulatzeko. Besteak beste, industria partaidetzarako euskal erakunde bat edo garapen banku publiko bat sortzea iradoki du.

Industriari buruzko ELAren txostena. Ezkerretik hasita, Roser Espelt eta Aitor Murgia ikerlariak eta Mitxel Lakuntza idazkari nagusia. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Industriari buruzko ELAren txostena. Ezkerretik hasita, Roser Espelt eta Aitor Murgia ikerlariak eta Mitxel Lakuntza idazkari nagusia. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2026ko ekainaren 11
16:24
Entzun 00:00:00 00:00:00

Erakunde publikoek industria bultzatzeko dirua jartzen badute, enpresa horien erabaki organoetan egon behar dute ezinbestean. Hori da ELA sindikatuak industria politika publikoak birdiseinatzeko eginiko txostenaren ondorio nagusietako bat. ELAk argi du industria ehunari eutsi behar zaiola, eta ez da laguntza publikoen aurkakoa, baina baldintzak jarri behar zaizkiela ondorioztatu du: «Diru publikoa badago, enpresa horiek lurraldearekin duten konpromisoa sustatu behar da, eta erakunde publikoak egotea erabakiak hartzen diren organoetan», azaldu du Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak.

ELAren proposamenekoak ez dira hitz edo asmo hutsak. Bi urteko ikerketa lanaren ondoren, Manu Robles Arangiz fundazioak Industria politika langile klasearen zerbitzura analisi mardula argitaratu du. 108 orrialdeko agirian, Hego Euskal Herriko industriak azken 25 urteetan izandako bilakaera aztertu dute, eta haren norabidea aldatzeko hainbat proposamen zehatz egin. Besteak beste, Industria Partaidetzarako Euskal Erakundea, banku publiko bat eta industria jarraipenerako eta alerta goiztiarrerako sistema publiko bat sortzea aholkatzen du txostenak.

«Gure asmoa industria politikan eragitea da, enpresari elkarteek egiten duten bezala. Egungo industria plana Confebaskek diseinatu du, eta Jaurlaritzak azalak baino ez dizkio jarri agiriari»

MITXEL LAKUNTZA ELAko idazkari nagusia

«Gure asmoa industria politikan eragitea da, enpresari elkarteek egiten duten bezala. Egungo industria plana Confebaskek diseinatu zuen, eta Jaurlaritzak azalak baino ez dizkio jarri agiriari», azaldu du Lakuntzak txostenaren aurkezpenean. Oinarrian, sindikatuak sektorearen inguruan dituen bost kezka handi daude: industria pisua galtzen ari dela BPGan; ez dagoela tresnarik enpresen itxierak aurretik detektatzeko; atzerriko funtsak sartzen ari direla eta horrek subiranotasuna galtzea dakarrela; inbertsio publikoek ez dietela gizarte beharrei erreparatzen, eta inbertsio horiek «diru transferentzia hutsak» direla.

Roser Espelt sindikatuko Azterketa Bulegoko ekonomialaria da txostena mamitu duten ikerlarietako bat, eta Hego Euskal Herriko erakunde publikoen industria politikaren hiru zantzu aletu ditu: «Baga, baliabide publikoak esku pribatuetan jartzen dira, ia baldintzarik gabe; biga, enpresen aginte organoak itxiak dira, eta ez demokratikoak; eta higa, irabaziak enpresetan gelditzen dira». Halaber, gaineratu du hamarkada luzez hala jardun arren politika horrek ez duela balio izan krisi garaiak aurreikusteko.

«Egungo inbertsio ereduan, baliabide publikoak ia baldintzarik gabe jartzen dira enpresetan, eta haien aginte organoak itxiak dira, ez demokratikoak»

ROSER ESPELT ELAren Azterketa Bulegoko ikerlaria

Horren eredu da, ELAren ustez, Proiektu Estrategikoetarako Jaurlaritzaren Legea. «Autobide bat balitz bezala aurkeztu dute», nabarmendu du Aitor Murgia ikerlariak; «EAJk eta PSEk harro diote burokrazia %70 murriztu dutela prozesua arintzeko, baina horrek ezin du ekarri kontrola lausotzea». Lege hori baliatuz, besteak beste, Jaurlaritzak dirua jarri du Arteche, Petronor, ITP Aero eta halako beste enpresa batzuen proiektuetan. Jarritako euro publiko bakoitzeko hiru pribatu erakartzea da helburua. Nafarroako Gobernuak Hithium bateria enpresari emaniko laguntza ere aipatu dute egileek.

Legearen muinaren harira, Lakuntzak galdera egin du: «Nork erabakitzen du zer proiektu den estrategiko eta zein ez? Zer irizpideren arabera? Zer kontrol demokratiko du erabaki horrek?». Sindikatuak, aitzitik, begi hobez ikusten ditu administrazio kontseilura sarbidea ematen duten operazioak: akzio erosketak, kapitalean sartu... Are gehiago energian, elikaduran, garraioan, teknologian eta halako sektore estrategikoetan bada. Gaur egun, Jaurlaritzak, besteak beste, Talgoren, Uvescoren, ITP Aeroren edo CAFen akzioak ditu, eta eserleku bat haien administrazio kontseiluetan.

Enpresa estrategikoak lehenestea da ELAk inbertsio horietarako proposatzen dituen irizpideetako bat, baina ez bakarra. Murgiak azaldu ditu batzuk: «Inbertsioaren truke langileei erabaki ahalmena esleitzea, gizakien behar errealei bideraturiko ekoizpenak bultzatzea, armagintza bezalako sektoreak alboratzea...». Eta, noski, «errotzea» bermatzea: «Lurraldearekiko konpromisoa legez baldintzatu behar da, batez ere atzerriko inbertsioak erakartzen direnean». Murgiak onartu du horrelako kasuetan «korapiloa» ez dela erraza, lurraldeen arteko lehia egon daitekeelako, baina ezin dela onartu atzerriko enpresa bat etorri, diru publikoa jaso eta hamar urte geroago joatea.

Hauek dira ELAk txostenean egiten dituen proposamen zehatzetako batzuk:

1

Arkitektura publiko berria

Txostenean, erakunde publikoek industriarekin harremana izateko dituzten egiturak birmoldatzea iradoki dute. Besteak beste, industria partaidetzako euskal erakunde baten sortzea aipatu dute, alor publikoaren eta pribatuaren elkarlana koordinatzeko. Industria sarearen jarraipen eta alerta goiztiarreko sistema publiko bat garatzea ere iradoki dute, egiturazko gainbeheran edo deslokalizazio arriskuan dauden enpresak detektatzeko.

2

Finantzaketa

Garapenerako banku publiko bat sortzea iradoki du ELAk. Banku pribatuek epe motzean dirua irabaztea bakarrik pentsatzen dutela uste du sindikatuak. 2.500 milioi euroko industria funts bat sortzea gomendatu du, edota BGAEetako dirua bideratzea. ELAk zehaztu du azken horiek langileen aurrezkiekin elikatzen direla, eta halakoetan kontrolak are zorrotzagoa izan beharko lukeela. Aseguru etxe publiko bat sortzeko aukera ere aztertu du ELAk, haren ustez sektore horrek finantza fluxu handiak bideratzen dituelako kontrol erregulatzaileetatik kanpo.

3

Langileak ardatz

Enpresen erabakiguneetan langileek zeresana izan behar dutela nabarmendu du ELAk. Horretarako, haien trebakuntza sustatu behar da: «Trebakuntzak langileen eta produkzio prozesuaren arteko lotura indartu behar du, bai eta egindako lanaren emaitzarekiko lotura ere». Era berean, beharrezkotzat jotzen du legez ezarritako gutxieneko soldata batez besteko soldataren %60 izatea, eta lanaldiak murriztuz joatea. Txostenean gogorarazi dute azken 24 urteetan industria langileen produktibitatea askoz gehiago hazi dela soldata errealak baino.

4

Politika propioak sektore bakoitzeko

Industria ez da jardun homogeneo bat, adar askotarikoak ditu, eta, horren arabera, sektore bakoitzak politika propioak behar ditu. Txostenak, oro har, lau erabaki mota aletzen ditu: birkokatu, indartu, birmoldatu eta inbertsioa kendu. Azken hori armagintzarentzat eta industria fosilentzat iradokitzen du ELAk. Indartu beharrekoak, aldiz, elikadura, zaintza, mugikortasuna eta ekonomia zirkularra lirateke.

5

Errotzea eta burujabetza

Errotzea eta burujabetza funtsezko bi dimentsio dira industria politika eraldatzaile baterako. Lurraldean errotutako eredu ekonomiko baten oinarrietako bi dira, besteak beste, harremanen hurbiltasuna lortzen delako. Errotzea lortzeko, iradoki du lurraldean sustraitutako zerga erregimen progresibo bat ezartzea, lurraldean integrazio txikia duten enpresen jarduerei gainkargak aplikatuta. Eta, noski, itxiera eta deslokalizazio kasuetan diru laguntzen itzulera legez ezartzea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE