Aurten ere ezohikoa izango da Maiatzaren Lehena. Iaz, sare sozialetan eta etxeetako balkoietan ospatu zuen bere eguna langile mugimenduak; aurten kalera itzuli ahal izango du, baina pandemiari aurre egiteko neurriek dakartzaten mugak errespetatuz. Mugikortasuna txikitzeko neurri horiek gatazka sortu dute Ertzaintzaren eta ELAren artean. Poliziak sindikatuari ohartarazi dio itxiera perimetrala indarrean dagoela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hirietan eta herri nagusi gehienetan, eta, horren ondorioz, beste herrietako manifestaririk ez duela onartuko. ELAk iragarri du helegitea jarriko diola Ertzaintzaren ebazpen horri, «gehiegizkoa delako eta manifestaziorako eskubidea urratzen duelako».
Sindikatuak Eusko Jaurlaritzaren 2021/16 dekretua argudiatu du bere helegitea defendatzeko. Haren arabera, ekintza sindikalerako egiten diren joan-etorriak baimenduta daude; horien barruan ulertzen du manifestaziorako eskubidea ere. «Manifestazioek iraupen mugatua dute, aurrez zehaztutako ibilbidearekin, eta, jakina, kalean egingo dira, osasun neurri guztiak errespetatuz (maskaren erabilera, distantzia...)». Sindikatuak nabarmendu duenez, muga gutxiago eta permisibitate gehiago dago lanerako mugimenduekin, «eta langileak lanera egunero joaten dira», Amaia Muñoa ELAko idazkari nagusiaren albokoak gaineratu duenez.
Lau manifestazio
Pandemia kontrolatzeko neurriek behartuta, ELAk alde batera utzi du Maiatzaren Lehenean manifestazio bakar bat egiteko ohitura. Hego Euskal Herriko lurraldeak itxita daudenez lanerako eta larrialdiren baterako ez bada, Bilbora ez ezik (11:30ean), Gasteizera, Iruñera eta Donostiara ere deitu ditu bere afiliatuak (11:00etarako hiru horietan). Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak Bilboko manifestazioan hartuko du parte.
Muñoak azaldu du zein den aurtengo leloa: Aldaketa garaia da!. ELAko idazkari nagusi albokoak ziurtatu duenez, pandemiak inoiz baino ageriago utzi du eraldaketarako premia, milaka lagunen osasuna eta egoera ekonomikoa mehatxupean baitago —bereziki, emakumeena—, eta gizarte desberdintasunak areagotzeko bidean dira. «Zirt edo zart egiteko garaia da. Datozen aste eta hilabeteetan hartuko diren erabakiek markatuko dute zer-nolako irteera emango zaion krisialdiari».
Erabaki horien artean dago nola banatuko diren Europako Batasunaren suspertze funtsak. ELAk aste batzuk daramatza funts horien aurkako kanpaina betean, «tranpa bat» iruditzen baitzaizkio: «Murrizketak eragingo dituzte. Bruselak emandako aginduei jarraituz, Espainiako Gobernuak pentsioak urritu nahi ditu, eta erretiroa hartzeko aukera atzeratu. Europako Batasunaren trantsizio ekologiko delakoak multinazionalen makroproiektuak lehenesten ditu, murrizketak eta austeritatean oinarritutako aurrekontu politikak ezartzearen truke».
Lan erreforma bertan behera uztea ezinbestekoa dela ere nabarmendu du Lakuntzak. Gogorarazi duenez, azken hilabeteotan ehunka langilek greba egin dute edo egiten ari dira, «etekinak lortzen dituzten enpresak jendea kaleratzen ari direlako, euren neurrira egindako legedia baliatuz». Egoera horretan, lan arloko lege horiek indargabetzeko eskatu du. «Patronalak, Espainiako Gobernuak eta Urkulluk berak uste dute lan erreforma ez dela indargabetu behar, ez delako une egokia. Pandemia da orain aitzakia. ELAk, aldiz, uste du hori ere badela arrazoia lan erreformak indargabetzeko, milaka langile ez daitezen kaleratuak izan enpresek nahi bezala».
Zerga erreformaren beharra
Krisiari erantzuteko, zerga erreforma egiteko garaia ere badela aldarrikatu du: «Bestela, krisiari emango zaion irteerak desberdintasunak areagotuko ditu. Halako erreformarik gabe, zorra ordaindu beharraren lehentasunak murrizketa gehiago ekarriko baititu ezinbestean». ELAren arabera, hiru ardatz izan beharko lituzke erreforma horrek: gehiago ordaintzea errenta handia dutenek, enpresen etekinek eta ondareek.
Lakuntzak gogor kritikatu ditu Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza, haren iritziz ez direlako gai izan neurriak hartzeko «pandemiak agerian jarritako kapitalismoaren irrazionaltasuna eta injustizia» arintzeko. «Irrazionaltasun hori gurean ere agerian geratu da. Iruñeko eta Gasteizko gobernuak ez dira krisialdi honetatik ondoriorik ateratzeko gauza. Zaintza sektorea publifikatzea, Osakidetza eta Osasunbidea indartzea, hezkuntza sistema hobetzea eta krisiak eragindako pertsona eta sektoreei babesa ematea... Halakorik ez dago Urkullu eta Txibiteren agendan».