Bilbo

ELAk 1.450 eurora handitu du erresistentzia kutxa, gutxieneko soldataren %105era

Azken lau urteetan 3.224 afiliatu irabazi ditu, eta 104.159ra iritsi da. Erresistentzia kutxa haien jardun sindikalaren oinarrietako bat dela berretsi du Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak.

Mitxel Lakuntza urrian, Bilbon, ELAren nazio ekitaldian. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Mitxel Lakuntza urrian, Bilbon, ELAren nazio ekitaldian. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2025eko maiatzaren 8a
15:20
Entzun 00:00:0000:00:00

ELA sindikatua 104.159 afiliatu izanda iritsiko da 16. Kongresura. Duela lau urte egin zuen aurreko biltzar orokorra, eta orduan zituenak baino 3.234 gehiago dira horiek. Azken lau urteetan hazkundeari eutsi dio, eta 2012ko datuetatik oso gertu dago dagoeneko: 105.312 afiliatu zituen orduan. Aurretik krisi ekonomikoak gogor eragin zien sindikatuei, eta 2017an 98.960 afiliatu zituen. Dena den, oraindik pixka bat urrun ditu 2008ko 109.318 afiliatuak. 

ELAk afiliatuen auditoretzaren ondoren eman ditu datu horiek. Auditoretza hori kongresu nazional bakoitzaren aurretik egiten duen protokolo ekintza bat da. Hainbat kazetarik 240 afiliaturen zenbakiak aukeratzen dituzte, eta ordubeteko tartean haien kuotak kobratzen dituzten bankuek agiri bat bidaltzen dute berretsiz afiliatu horiek haien kuotak ordaintzen dituztela. Gardentasun ekintza bat da hori, eta afiliatu kopurua benetakoa dela erakusteko egiten dute.

«Erresistentzia kutxa Euskal Herrian egiten den elkartasun ekintza handienetako bat da. Beldurra eta indibidualizazioa gainditzea du helburu»

MITXEL LAKUNTZAELAko idazkari nagusia

«Azken lau urteetako afiliazioak bi albiste on utzi dizkigu», nabarmendu du Mitxel Lakuntza sindikatuko idazkari nagusiak. «Batetik, afiliatu kopurua handitu dugula; eta, bestetik, emakume eta etorkin kopurua handitu dugula, haiek baitira prekarioenak». Izan ere, afiliatu berrietatik 3.196 dira emakumeak, eta, gauzak hala, egun ELAko afiliatuen %47,7 dira emakumeak (2021ean %46 ziren).

Hazkunde hori kudeaketa txostenean jaso du ELAk, baita erresistentzia kutxaren datuak ere. Greban dauden langileek hilean jasotzen duten zenbatekoa da. Azken lau urteetan %25 handitu da zenbateko hori, eta aurten 1.450 eurokoa da —zenbait aldagairen ondorioz handiagoa izan daiteke—, gutxieneko soldataren %105. Iaz, 5.653 langilek jaso zuten ordainketaren bat.

ELAko afiliatuen auditoretza
ELAko afiliatuen auditoretzako agiriak. Bankuek berretsi dute hautaturiko afiliatuek haien kuota ordaintzen dutela. BERRIA

Lakuntzaren hitzetan, ELAren erresistentzia kutxa Euskal Herriko elkartasun ekintza handienetako bat da, eta elkartasun horrek «beldurra eta indibidualizazioa» gainditzea eragiten du: «Erresistentzia kutxak bermatzen du grebak iraun bitartean langileek bizitzeko behar duten dirua jasoko dutela. Haren eskutik aldarria bizirik mantentzen dugu».

Hego Euskal herriko ORDEZKARITZA SINDIKALa (2024KO ABENDUA)

  • ELA. 9.568 ordezkari (%35,80). 
  • LAB. 5.274 ordezkari (%19,73).
  • CCOO. 5.176 ordezkari (%19,36).
  • UGT. 2.893 ordezkari (%14,26).
  • Besteak. 2.893 ordezkari (%10,82).

ELAren hilabeteko kuota 27,1 eurorena da, eta haren laurdena bideratzen da erresistentzia kutxara. Azken lau urteetan 16,1 milioi euro jarri dituzte kutxarako. ELAk, izan ere, 124 milioi euroren diru sarrerak izan ditu denbora tarte horretan, eta horren %90,76 kuoten bidez bildu du (hau da, iturri propioen bidez bildutakoa %92 da guztira).

Gastuei dagokienez, 107 milioirenak izan dira. Lakuntzak azaldu du ez dutela inolako mailegurik bankuekin, eta adierazi du sarreren gehiengo handia kuoten bitartez jasotzeak autonomia ematen diela kontrabotereko sindikalismoa egiteko. 

HEL-ak baliatu nahi duen aukera

ELAk, LABek, Steilasek, ESK-k, Hiruk eta Etxaldek herri ekinaldi legegile bat abian jarri dute Euskal Herrian gutxieneko soldata propioa ezartzeko, eta hasiak dira sinadurak biltzen. Eskaera horren bidez Eusko Legebiltzarra behartu nahi dute Espainiako Gobernuari eskumen hori eskatzera. Hori egin ahal izateko, Espainiako Langileen Estatutuko 27. artikula aldatu behar dute. Artikulu horren arabera, gutxieneko soldatak bera izan behar du Espainia osoan; sindikatu subiranistek zera nahi dute, Eusko Legebiltzarrak proposamen bat egin dezala artikulu hori aldatu dadin eskatzeko. Aldaketaren muina eskumen hori erkidego autonomoen esku gelditzea litzateke; hala balitz, Nafarroak ere jasoko luke ahalmen hori. 
Aukera egon badagoela uste dute sindikatuek. Espainiako Gobernuak abian du ekinaldi legegile bat langileen estatutua aldatzeko, bertan zehaztu dadin gutxieneko soldatak batez besteko soldataren %60 izan behar duela. Sindikatuek aukera hori baliatu nahi dute, behin aldaketa bat eginda bestea ere egitea errazagoa izango delakoan. Alabaina, herri ekinaldi legegileak bi bozketa irabazi beharko lituzke hori lortzeko, lehenbizikoa Eusko Legebiltzarrean eta bigarrena Espainiako Kongresuan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.