Maiatzaren Lehena

ELAk adierazi du badela garaia pertsonak aintzat hartuz politika iraultzeko

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak, bideoz, nabarmendu du pandemiak agerian utzi duela egungo "sistema kapitalista, heteropatriarkala eta arrazista gaixo" dagoela, eta adierazi du "behingoz" atzean utzi behar direla austeritate politikak.

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia, gaur. ELA SINDIKATUA
joxerra senar
2020ko maiatzaren 1a
12:55
Entzun

Maiatzaren Lehen berezia da aurtengoa, zalantzarik gabe. Ohiko manifestaziorik gabe, Mitxel Lakuntza ELAko idazkaria nagusiak bideo bat jarri du sare sozialetan. Aurtengo ospakizunean, elkarrekin egoterik ezin izan dutela egon aipatu arren, Lakuntzak nabarmendu du pandemia honek agerian utzi dituela sistemaren egiturazko arazoak. "Krisi honek gogoratzen du zer den funtsezkoa biziak jarrai dezan; zer sektore eta enplegu diren berme bakarra egun bizi dugun moduko erronka larriei aurre egiteko eta zer garrantzia duen sektore publikoak".

Bere hitzaldian, Lakuntzak pandemiaren eraginez hildakoak gogora ekarri ditu, "batez ere osasun arreta nahikorik eta behar bezalako segurtasunik izan ez dutenak". Euskaraz eta gazteleraz aritu da txandaka sei minutuko bideoan ELAko idazkari nagusia, eta gogora ekarri du "klase irakurketa bat" ere egin daitekeela pandemiaren ondorioei buruz. "Mundu guztian izan diren milaka heriotzak agerian utzi dute eredu kapitalista, heteropatriarkal eta arrazista hau gaixorik dagoela, gero eta nekezago hartzen duela arnasa eta gu ere ito nahi gaituela murrizketak eta austeritatea ezarriz".

"Mozorroak erori dira"

Lakuntzaren ikuspegitik, "mozorroak erori egin dira", neoliberalismoaren benetako aurpegia agerian geratu delako. Horren aurrean, Maiatzaren Lehenaren balioen garrantzia goraipatu du Lakuntzak. "Elkartasuna, berdintasuna eta langile klasearen parte izatea". Horregatik, aterabide bakarra ikusten du: batetik, erantzun kolektiboa beharrezkoa dela, "bizitzak elkartasun eta berdintasunetik abiatuta defenditzeko"; bestetik, "inoiz baino nabarmenago geratu da indibidualismoareneta arlo pribatuaren gezurra". Lakuntzaren irudiko, arlo pribatua eraginkorragoa dela eta ondorioz pribatizatu behar dela dioen irtenbide hori "erantzunik gabe geratu da".

Oraintxe, "langileriaren osasuna defenditzea da sindikatuaren lehentasun erabatekoa", eta hala izango da aurrerantzean ere. Horregatik, Hego Euskal Herriko bi gobernuek "arduragabe" jokatu dutela deritzo, sindikatuen mezuari entzungor eginez, "egunik larrienetan oinarrizkoak ez diren sektoreak irekitzen tematu zirelako".

Urkullurekin oso kritiko

IƱigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariarekin oso kritiko azaldu da: "Gobernu honek hanka sartu du, osasun publikoa ezin baita ez patronalaren ez interes ekonomikoen baitan jarri". Era berean, kontraesanean erori delakoan dago, Madrili aginte bakarra ezartzea aurpegiratzen baitio, baina gero "modu berean" jokatzen duelako erabakiak hartzeko orduan. "Leporatzen digute gaur osasuna eta bihar enplegua eskatzea. Ez, guk gaurko nahi ditugu osasuna eta lana, baina, lan egiteaz gainera, bizirik iraun nahi dugu", kritikatu du, eta gogora ekarri ditu, hiru hilabete geroago, Zaldibarko hondakinen azpian jarraitzen dutela bi langilek. "Inork ez du ardura politikorik hartu".

Aurrera begira, Lakuntzaren ustez, pandemiak erakutsiko du benetan gobernuek ondorio politikorik atera duten. "Ea prest ote dauden zuzenketak eta aldaketak egiteko, lehentasunak irauli eta politikak jendea aintzat hartuz egiteko, ez enpresen etekinei begira". Lakuntzaren ustez, austeritate politikak "oztopo" dira, jendea babesteko inbertsioak egiteko. Ekonomian eta gizarte politiketan, "lidergo publikoaren garaia da", ELAko buruzagiaren ustez: "Hori da bide bakarra zerbitzu publikoak sendotzeko, oinarrizko sektoreetako lan baldintzak hobetzeko edota enplegua sustatzeko". Halaber, enpresei eta errenta handiei ematen zaizkien zerga onurak amaitzeko garaia dela uste du.

Etorkizunean, babes sozialaren alde egin beharko dela deritzo, eta "trantsizio sozial, feminista eta ekologistan" aurrera egin. Alabaina, onartu du eredu horren aldeko borroka "zaila" izango dela. Horregatik, sindikalismoaren indarguneak aldarrikatu ditu: mobilizazio soziala, aliantzak, elkarlana eta kalean erakusten duen indarra: "Maiatzaren Lehen honetan, langile klasearen antolakuntzarekiko gure konpromisoari eutsiko diogu; erabakitasunez egingo diegu aurre mehatxu eta erasoei, baina baita baliatu ere aldaketa bideratzeko aukerak ere, horretarako prestatzea gure esku baitago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.