Bizkaiko autoeskoletako lan gatazkak greba egun gehiago batuko ditu datorren astean, urriaren 25etik 29ra lanuztera deitu duelako ELA sindikatuak, eta deialdi horri eutsi egin diola jakinarazi duelako. Negoziazioan urrats bat aurrera egin zitekeela ematen zuen atzo, sindikatuaren ordezkariek eta patronalak bilera bat egin baitzuten, baina ELAk dio ez duela jaso proposamen berririk, eta bere hartan dagoela greba deialdia.
Sindikatuak salatu du, Bilboko Lan Harremanen Kontseiluan egindako batzarrean, patronalak ez zuela azaldu "negoziatzeko jarrera", eta, beraz, ez zuela proposamen berririk egin sektoreko lan hitzarmena berritze aldera. Autoeskoletako langileek hamaika urte daramate lan ituna berritu gabe, "eta haien soldatak, ordutegiak eta lan baldintza orokorrak prekarioak dira, batzuetan irregularrak". Administrazioaren esparruan, berriz, genero arrakala handia dagoela azaldu du ELAk, "feminizatua dagoelako".
Aurtengo ekainaren eta uztailaren artean, bost greba egunera deitu zituen sindikatuak, eta astebeteko lanuztera irailaren 20aren eta 24aren artean, betiere lan ituna berritzeko mobilizazio gisa. Orain, berriz, urriaren 25etik 29rako astean ere lanuztera deitu du ELAk, "lan ituna duintzeko eta lan baldintzak erregularizatzeko".