ELAk desobedientziara deitu ditu alderdi politikoak eta erakundeak

Sindikatuak uste du autogobernuaren defentsa gauzatzeko bide bakarra PPren neurriak arbuiatzea dela

Lanbideren egoitza baten aurrean igaro den astean egindako protesta bat, Bilbon. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2012ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak onartutako legeak direla eta, ELAk desobeditzera deitu ditu Euskal Herriko alderdi politiko eta erakunde publiko guztiak: «Egoera soziala oso larria da, eta erantzuteko modu bakarra desobeditzea da». ELAren arabera, subiranotasuna eta autogobernua aldarrikatzen dutenen proposamen politikoa «ez da sinesgarria» aldi berean PPren neurriak aplikatzen badituzte: «Autogobernuaren defentsa gauzatzeko bide bakarra dago: gobernuaren erabakiak erabat arbuiatzea».

ELAk salatu du egungo egoera «larriak» denei ez diela berdin eragiten, eta enpresa handiak eta bankuak «zorionekoak» direla: «Euren zor pribatuak publiko bihurtzen dira, eta gobernuek ordaintzea erabaki dute, horretarako eskubide sozial zein laboralak txikituz eta zerbitzu publikoak pribatizatuz». Sindikatuaren arabera, Europako eta Espainiako botere politikoek sistema bat eraiki dute, «injustizia legezko bihurtzeko».

Nahiz eta PPk adierazi legea bete egin behar dela, ELAk uste du alderdi bakarreko sistema ezin dela ontzat eman: «Erabakiak onartzea politika alternatiboari eta gizarteko orekari uko egitea litzateke, baita langabezia eta pobreziaren hazkundearen lankide izatea ere».

Bestalde, ELA eta LAB irailaren 26ko greba orokorrarekin UGTk eta CCOOk bat egitearen alde agertu dira. LABeko Igor Arroyoren ustez, hori da herritarrek nahi dutena, erantzun bateratu bat. Hori dela eta UGTri eta CCOOri eskatu die «Madrilera begira egon beharrean», herriaren deiadarrari erantzuteko.

Alderdiak, ika-mikan

Murrizketei aurre egiteko, EH Bilduk «lehenbailehen» harremanetan jartzera eta adostasunak bilatzera deitu ditu Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentea, Patxi Lopez EAEko lehendakaria eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak. EH Bilduren arabera, hiru gairen inguruan lortu behar dute adostasuna: batetik, Espainiako Gobernuak onartu dituen dekretuei eman beharreko erantzunaren inguruan; bestetik, zerga politika berri bati buruz; eta azkenik, «ekonomiari lagunduko dion» aurrekontu politika bat adostearen inguruan.

Dani Maeztu Aralarko legebiltzarkidearen esanetan, autonomien eredua «hilik» dago, eta Euskal Herriak «esparru berria eta berehalakoa» behar du. Hala, EAJri galdetu dio zergatik ezin duen Euskal Herriak Europako instituzioetan parte hartu, Arabak, Bizkaiak, Gipuzkoak eta Nafarroak erregimen fiskal propioa baldin badute: «Espainiak ukatu egiten digulako», esan du.

EAJren EBBko lehendakari Iñigo Urkulluk adierazi du autonomien ereduaren porrota «soilik» PP eta PSOEren ardura dela, eta aurre egingo diola lurralde guztiak berdin tratatzeko Espainiak duen asmoari. Espainia «amildegira» doan itsasontzi batekin alderatu du Urkulluk.

Jose Antonio Pastor PSEko bozeramaileak EAJri egotzi dio bere «ekimenik ezarekin» Raxoiren murrizketei laguntzen ari zaiola. Bere helburu bakarra «hondamenditik eskukada bat bozka ateratzea» dela leporatu dio, Eusko Jaurlaritza herritarren aurkako neurriak hartzera behartuz. Gainera, autogobernua foru aldundiek dituzten zerga eskumenak «erabiltzea» dela gogorarazi du; eta ez, adibidez, Espainiako Senatua kentzea, EAJk proposatu duen moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.