ELAk dio Tapiaren industria politika patronalarekin «fotoak egitea» dela

Oposizioko alderdiek eta sindikatuek Jaurlaritzaren plangintza eta erreakzio falta salatu dute. EH Bilduk «herri itun bat» eskatu du, eta Elkarrekin Podemosek, bilkura monografikoa legebiltzarrean

Navaleko langileen protesta, herenegun, Sestaoko ontziolan. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Jon Fernandez.
2017ko uztailaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Oposizioak nabarmen zorroztu ditu Eusko Jaurlaritzaren politika industrialaren kontrako kritikak, azken bi asteetan hainbat enpresa ataka estura erori eta gero: hari batean dauden zazpi enpresa nagusiak kontuan hartuta, 3.200 inguru lanpostu daude jokoan oraintxe bertan. Gobernuaren «gaitasun falta» salatzeko adierazpen oldea egin zituzten atzo sindikatuek eta ezkerreko alderdiek. Arantxa Tapiak gidatutako Ekonomiarako Garapen Saila «zezenak harrapatu du», EH Bilduren ustez; halaber, Elkarrekin Podemosen arabera, gobernuaren politika industriala «erabateko porrota da». Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak «kontrol falta» egotzi dio Tapiari, eta Adolfo Muñoz ELAko buruak nabarmendu du Jaurlaritzak ez daukala politika industrialik. Estuago ere hartu du Muñozek, eta gobernuari aurpegiratu dio bere politika industrial bakarra «patronalarekin argazkiak egitea» dela.

Arazoak dituzten enpresen zerrenda kolpean luzatu da uztaileko lehen egunetan —Edesa Industrial, Naval, CEL, Xey eta General Electric egoera kritikora pasatu dira uztailarekin—, eta oposizioko alderdiek eta sindikatu abertzaleek Iñigo Urkulluren gobernua egin dute enpresa horien egoeraren erantzule. «Jaurlaritzak deskapitalizazio erabaki garrantzitsuak hartu ditu» bera ere jabe zen enpresetan, Muñozek nabarmendu duenez. «Esku pribatuetan laga ditu erabaki oso garrantzitsuak, enpresen itxierak esaterako». CNA talde katalanak Edesa Industrial konkurtsoaren aurrekora eraman izanaren «partaidetzat» jo du ELAko idazkari nagusiak Jaurlaritza.

Era berean, nabarmendu du CEL talde papergilean —hartzekodunen konkurtsoan dago orain— akzioak zituela Jaurlaritzak, eta oraindik ere badituela akzioak Zumaiako Xey altzarigilean. Bestalde, Tapiari aurpegiratu dio duela bi urte General Electriceko Ortuellako lantegia irekitzeko orduan esan izana «etorkizunerako apustua» zela; izan ere, zuzendaritzak 147 langileko lantegia ixteko asmoa agertu du orain.

Konponbide eske

Gobernuaren parte hartze zuzenaz gain, finantzaketaren garrantzia ere azpimarratu du Muñozek, horixe delako, hain zuzen, Sestaoko Naval ontziolaren arazo nagusia: finantzaketa falta. ELAko buruak horren errudun jotzen du «kutxabanken bankarizazio estrategia». «Azken 40 urteetan herrialde honetan egindako okerrik handiena, enpresen errealitatetik eta benetako ekonomiatik gero eta urrunago dagoen bankua delako»

Kritikez gain, soluzioak eskatu dituzte oposizioko alderdi nagusiek. EH Bilduk «herri akordio bat» eskatu du krisi industrialari aurre egiteko; Elkarrekin Podemosek, berriz, bilkura monografiko bat eskatuko du Eusko Legebiltzarrean, politika industrialaz eztabaida «serio eta lasaia» egiteko.

Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak gobernuaren «pasibotasuna» eta «inhibizioa» salatu du, ez delako gai izan azken asteotako lan gatazken krisiari aurrea hartzeko. «Uztail beltza» izendatu du EH Bilduk, eta egoera bideratzeko neurriak «lehenbailehen» hartzeko eskatzeaz gain, Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorra biltzea galdegin du, «epe motzera sektore industrialaren krisiari ahalik eta azkarren erantzuteko».

Koalizio abertzalearen aburuz, industria sektoreak «egiturazko arazoak» ditu: erabakiguneen galera, finantzaketarako zailtasunak, maila teknologiko apala eta lan harreman txarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.