ELAk eta LABek metaleko greba egunei eutsi diete

Sindikatuek greba egunak bertan behera utzi ezean, Adegik ez du lan hitzarmena negoziatuko

jakes goikoetxea
2010eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Gurpil zoroa bihurtu da Gipuzkoako metaleko lan hitzarmenaren negoziazioa: ELAk eta LABek ez dituzte bertan behera utziko indarrean dauden zazpi greba egunak, Adegik negoziazioan aurrerapausoak eman ezean; Adegik, berriz, ez du ezer negoziatuko, sindikatuek greba egunak bertan behera utzi arte. Eta ia hamar hilabeteren ostean, eduki zehatzei buruzko negoziazioak hasi gabe daude.

Egoerak horrela jarraituko du, gutxienez, asteartera arte. ELAk eta LABek negoziazio mahaiaren bilerara deitu dute egun horretarako. Haiek joango dira, baina Adegi ez. Euskadiko CCOOk astelehenean erabakiko du.

ELAk eta LABek bederatzi greba egunetatik bi bertan behera utzi dituzte, astelehenekoa eta asteartekoa, negoziazioak errazteko asmoz; baina Adegik esan die hori ez dela nahikoa, greba egun guztiak ezeztatu arte ez dela berriro negoziazio mahaian eseriko, ez duela ezer negoziatuko, ez ELArekin eta LABekin, ezta CCOOrekin eta UGTrekin ere. Ikusi beharko da asteartean ELAk eta LABek zer jarrera hartzen duten. Langileak grebara deitu dituzte urriaren 13, 14 eta 15erako, eta azaroaren 2, 3, 4 eta 5erako.

Bilera asteartean

Bitartean, batzuek eta besteek elkarri leporatzen diote negoziazioaren porrota eta akordioa lortzeko borondate falta,agerraldien eta prentsa oharren bidez. «Adegi astearteko bilerara joaten ez bada, baieztatuko du mespretxatu egiten dituela metaleko langileak», esan du ELAk. LABek espero du Adegik astearteko «aukera» baliatuko duela, «gatazkadesblokeatzeko»: «Bestela, lanean hasiko gara, datozen greba egunak prestatzeko».

Adegiko ordezkariek agerraldia egin zuten atzo, beren ikuspuntua emateko. Asteazkenean esandakoa errepikatu zuten, ia hitzez hitz. «Badirudi ELAk eta LABek ez dutela konturatu nahi mundua aldatu egin dela, baldintzak egunero aldatzen direla, eta enpresek aldaketa horietara egokitu behar dutela, abiadura berean», esan die Adegik sindikatuei. Malgutasun neurriak nahi ditu horretarako.

Gipuzkoako patronalak negoziazio mahaia utzi zuen asteazken goizean. ELAri eta LABi leporatu die negoziazioak haustea. Haren esanetan, amore eman du hainbat puntutan, negoziazioek aurrera egiteko: batetik, uko egin dio ultraktibitatea mugatzeari -hitzarmenaren iraunaldia amaitu eta urtebetez bakarrik indarrean jarraitzea nahi zuen-; eta, bestetik, LABen proposamena onartu du, hasierako eskaerak ahaztu eta negoziazioa hitzarmenaren iraupenean, soldatetan eta lan orduetan oinarritzeko.

Dena den, astearteko eta asteazkeneko bileren ostean ELAk eta LABek nabarmendu zuten Adegik zenbait eskaerari uko egin arren, enpresetako hitzarmenak bertan behera uztea proposatu zuela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.