Lan gatazkak

ELAk grebara deitu ditu Gipuzkoako eraikin eta aretoen garbitzaileak

Lanuztea egingo dute abenduaren 17an, sektorean dagoen %28ko soldata arrakalari aurre egiteko. 5.000 langile aritzen dira alorre horrtan Gipuzkoako hitzarmenaren menpe, haietatik %80 emakumeak.

ELAko kideen gerraldia, gaur. XABIER MARTIN
xabier martin
2019ko azaroaren 28a
17:11
Entzun

Gipuzkoako eraikinetako garbitzaileek planto egin dute, eta grebara doaz. Kale garbitzaileekin alderatuta, %28 apalagoa dute soldata. Gizonak dira behargin gehienak kaleko garbiketan, %80 hain zuzen. Eraikinetakoen artean, alderantziz gertatzen da: emakumeak dira %80. ASPEL Espainiako patronalak ukatu egiten du soldata arrakala hori, besteak beste, kalean aritzeagatik dauden plusek sortzen dutelako aldea. Jarrera hori salatu du Ana Alberdi ELAko ordezkariak, eta sektorean %54ko ordezkaritza duen sindikatuak grebara deitzea erabaki du, «desberdinkeriak sutan erreko dituen akelarrea egiteko».

Gizon eta emakume garbitzaileen artean edo, zorrotzago esanda, kaleko eta eraikinetako garbitzaileen artean dagoen aldeari kopuru zehatzak jartzen hasita, zenbaki bat azpimarratu behar da lehen-lehenik: 5.175 euro. Kopuru hori da langile mota bien arteko arrakala. Horrek esan nahi du, Ana Alberdiren hitzetan, «'hiru hilabete eta erdi doan' egiten dutela lan eraikin eta aretoko garbitzaileek.

Hamar euroko soldata igoera

Eta zer proposatzen ari da ASPEL patronala Gipuzkoako hitzarmena berritzeko martxan dagoen mahaian? «%7ko soldata igoera proposatu du lau urteko epean: 2019rako, %1,1; 2020rako, %1,5; 2021erako, %2; eta 2022rako, %2,5. Kontuan hartu behar da erosteko ahalmen handia galdu dela sektorean azken urteetan, %10 ingurukoa". Alberdik dio KPIa ere ez dela segurua aurten patronalak eskaini duenarekin, eta proposamen horrek hogei euroko isla baizik ez lukeela izango langileentzat.

Hogei euroko balizko igoera hori, ordea, lanaldi osoan aritzen direnentzat litzateke soilik, sektore feminizatu horrek beste zama garrantzitsu bat baitu: partzialtasuna. Alegia, eraikinetako garbitzaileen %80 kontratu partzial batez aritzen dira, eta ASPELek ezarri nahi duen soldata igoera hamar euro ingurukoa litzateke haientzat.

Gaixo baimenak

Soldatari dagokion errebindikazioarekin batera, ELAk gaixo baimenekin lotutako beste bat mahairatu du: absentismoarengatik langileak kaleratzeko debekua. Alberdik esplikatu du gaixo baimen ugari hartzen direla sektorean, eta gehienak, gaixotasun arrunta gisa sailkatzen diren arren, gaixotasun profesionalak direla, behin eta berriro egiten diren mugimenduekin lotutakoak direlako sarritan: tenislariaren ukondoa, disko hernia, karpoko kanala...

Horrekin batera, ELA patronalari proposatzen ari zaio ordu estren %50 kontsolidatzea kontratuetan; kontratu partzial horiek ordu gehiago jasotzea, alegia, praktikan lanaldi luzeagoak egiten direnez. Ane Alberdik gogoratu du %90 direla kontratu partzialak egiten diren kontratu berrien artean. «Eremu pribatuan garbitzen dugu, ikusezinetan alegia; ez gara eremu publikoetan aritzen, kaleko garbitzaileak bezala».

Guztira 6.700 behargin aritzen dira Gipuzkoako sektorean, baina horietatik 1.500ek baino gehiagok enpresa itun bat dute, eta 5.000ri eragiten die ELAk egindako greba deialdiak. LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuak ELAren bidaide dira lan hitzarmena berritzeko errebindikazioan, baina greba deialdiaren urratsa ELAk baino ez du egin; ordezkaritzaren %54 harena da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.