Hasi dira metalgintzaren Bizkaiko lan hitzarmena berritzeko negoziazioak, eta ezustekorik ezean luze joko dute. Sindikatuek dagoeneko aurkeztu dituzte beren eskakizunak, eta, halakoetan gertatu ohi den bezala, lehen eskaeretan anbizio handia erakutsi dute. ELAk, esaterako, zera proposatu du, urteroko soldata igoerak KPIaren oso gainetik aplikatzea (+%3,5); LABek, aldiz, %100eko baja osagarriak lehen egunetik. Balio sinboliko handia du eskaerak, LABek salatu baitu patronala eskubide hori kentzen saiatzen ari dela beste lan hitzarmen batzuen negoziazioan.
Bizkaiko metalgintzako lan hitzarmenak 59.000 langileri eragiten die; hau da, langile kopuru handienari eragiten dion Euskal Herriko ituna da. Izan ere, enpresa askotan hitzarmen propioa izan arren, sektorekoa hartzen dute oinarri gisa. FVEM patronalak eta sindikatuek urte osoa dute negoziatzeko, eta sindikatuen ordezkaritza honela dago banatuta: ELAk %40,6 du, CCOOk %23,6, LABek %22 eta UGTk %13,8. Aurreko hitzarmena ELA ez beste hiru sindikatuek sinatu zuten, 2023an.
Bere eskaera plataforman, ELAk «soldata igoera errealak» lortzeko bermea aipatu du, eta horregatik eskatu du soldatak igotzean KPI+%3,5 erreferentzia kontuan har dadila —azken bi urteetakoa KPI+%2 eta +%2,5 izan dira—. Halaber, urteko lanaldia nabarmen murriztea proposatu du: urteko 1.688 ordutik 1.656 ordura. 32 ordu gutxiago lirateke, ia aste oso bat. Azpikontratazioa mugatzeko eta subrogazio osoa bermatzeko neurriak ere eskatu ditu.
Hurrengo bilera, 16an
LABek ez ditu hainbeste zehaztu bere eskaerak, baina argi du soldata eguneraketak «KPItik gorakoa» izan behar duela, bai tauletako soldatetan bai taulen gainetik dauden horietan. Horrez gain, bajak bere osotasunean eta lehen egunetik ordaintzea eskatuko du. Eskaera logikoa da, baja osagarrien aldeko kanpaina bat hasia baitu sindikatu abertzaleak. Sindikatuak salatu du enpresarien elkarteak osagarri horiek murrizten saiatzen ari direla absentismoaren aitzakian.
Urteko lanaldia murriztea ere eskatuko du LABek, eta aldi baterako laneko enpresen erabilera gehiegizkoa mugatzea. Azken eskari hori ez da berria, eta FVEM patronalak kritikatu izan du. Enpresarien argudioa da sindikatuek ezin dutela baldintzatu enpresariak noren bitartez kontratatzen dituzten langileak.
CCOOk ere bajen estaldura hobetzea sartu du bere zerrendan, eta «antzinatasuna berreskuratzea» eskatu du. Kontratuen subrogazioa —azpikontrataturiko enpresa bat aldatzen bada, aurretik jardun horretan zebiltzan langileak kontratatu behar ditu enpresa horrek— sektore guztietara zabaldu nahi du, eta aldi baterako laneko enpresen erabilera mugatu ere bai. Era berean, deskonexio digitala arautu behar dela uste du.
Negoziazioak, dena dela, hasi baino ez dira egin, eta ikusi beharko da noraino eusten dioten eskari horiei. Iazkoa urte gogorra izan zen industriarentzat, eta FVEMek esana du sektorea ez dagoela bere onenean. Hurrengo bilera otsailaren 16an izango da, eta patronalak sindikatuen eskaerei erantzuteko konpromisoa hartu du.