Lan karga eskasaren garaia amaitzen ari da Euskal Herriko siderurgiarentzat. Arcelor Mittalek jakinarazi du merkatua suspertzen ari dela, eta horrek handitu egingo duela Euskal Herriko fabriketako lan karga. ELAren ustez, horietako bat, Bergarakoa (Gipuzkoa), ez dago horretarako prestatuta.
Azken urteak «bereziki gogorrak» izan dira Bergarako lantegiarentzat, sindikatuak azaldu duenez, lantaldea etengabe murriztu da, eta duela hamarkada batzuetako ehunka langileetatik ehun inguru baizik ez dira geratzen gaur egun. Gainera, lantaldea berritu ez denez, batez besteko adina oso handia da, 50 urtetik gorakoa. «Azken urteotan ez da ia kontrataziorik egin. Enpresak ekoizpen mailei aurre egiteko egin duen apustua azpikontratazioaren hedapen puntuala izan da, kontrataziorik egin gabe». Gainera, ELA kexu da multinazionalak «aspaldi» egin zuela azken inbertsioa. «Lantegiak langileen ahaleginari esker eusten dio».
Egoera horri aurre egiteko, ELAk eskatu du lantaldea berritzea eta langile gehiago zuzenean kontratatzea. Ordezkapen kontratuak ere eskatu ditu, langilea gazteak sar daitezen eta zaharrenek erretiro partziala har dezaten.
Premiazko inbertsioak eta fabrikaren etorkizuna bermatuko duen industria plana ere galdegin ditu sindikatuak.
ELAk gogorarazi du azken urteetan Arcelor Mittalek itxi egin dituela Zumarragako eta Aguraingo plantak eta Industrias Zarra osagarria (Etxebarri, Bizkaia), eta «desindustrializazioa» eteteko esku hartzeko eskatu die erakunde publikoei.