ELAk ez du gutxieneko soldata propioaren aldeko borroka alboratzeko asmorik, eta hura izango da sindikatuaren aldarrikapen nagusia aurtengo Maiatzaren Lehenean. Martxoaren 17ko greba orokorra mugarri bat izan zela iritzi dio, eta euskal gizarteak bere egin duen eskakizun bat dela. Sindikatuak harro esan du aldarria «auzi politiko» bat dela, eta horregatik saiatuko da alderdi politikoak eta erakundeak estutzen.
Azken urteetan bezala, Bilbon eta Iruñean egingo ditu mobilizazioak ELAk, LGS 1.500 euro: jo eta ke hemen erabaki arte lelopean. Greba orokorrera LABekin batera deitu zuen arren, Maiatzaren Lehenean sindikatu bakoitza bere aldetik mobilizatuko da, eta, Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak azaldu duenez, ez dute estrategia bateraturik egun horri begira.
«Confebask gizartetik gero eta urrunago dago. Argi dago zein den haren posizioa egungo egoera politikoan: industria militarraren alde eta edozein posizio etikoren gainetik ekonomiaren interesak defendatzea»
MITXEL LAKUNTZA ELAren idazkari nagusia
«Greba orokorrak agenda politikoan kokatu du gutxieneko soldata propioa, eta gizartea polarizatu du haren alde. Hori albiste ona da», azaldu du Lakuntzak. Horregatik, bide politikoa «arakatzen» jarraituko dute, hala Madrilen nola Euskal Herrian. Madrilen EH Bilduren, ERCren eta BNGren baiezkoa jaso dute, eta haren aldeko jarrerak biltzen jarraitu nahi dute Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten alderdien artean: «Euskal alderdientzat lehentasuna izan beharko luke haien harremanetan».
EH Bilduren baiezkoa bermatuta, EAJri egingo diote dei Maiatzaren Lehenean —Lakuntzak azaldu du bi alderdi horietan jarrita dutela itxaropena—. Izan ere, sindikatua jeltzaleen jarrerarekin kezkatuta dago, besteak beste Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin eginiko eskumenen inguruko aldebiko azken bileretan ez zutelako gutxieneko soldataz hitz egin.
Jaurlaritzaren zain
«Lehendakariak bere gain hartu beharko luke ekimen hori, baina zera baizik ez du egin: desagertu», kritikatu du. Gehitu du lehendakariak esan dien gauza bakarra negoziatu nahi ez duen patronal batengana joatea dela, eta Mikel Torres lehendakariordeak hitzeman zuen proposamenaren zain daudela: «Zein da haien plana gai honetarako?», galdetu du.
Eusko Jaurlaritzari egingo diote dei Maiatzaren Lehenean, baina baita Nafarroako Gobernuari ere, Maria Txibite «CCOOren eta UGTren agindupean» ikusten dutelako, «zentralismoan» eta politiken «espainiartasunean» murgilduta.
Soldata arrakalen aurka
1.500 euroko gutxieneko soldataren alde egitea «soldata arrakalen» aurka egitea dela nabarmendu du Amaia Muñoa ELAren idazkari nagusiaren albokoak. Pluralean mintzatu da, hainbat aipatu baititu, eta Maiatzaren Lehenean guztiak salatuko dituztela nabarmendu du. Gogoratu du gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakala %13koa dela EAEn eta %20koa Nafarroan. Bertoko langileen eta migratuen artekoa, berriz, %30ekoa da.
Confebaski ere zuzenduko zaio sindikatu abertzalea, gutxieneko soldata ez negoziatzeko arazoak ez baitira juridikoak, «borondaterik eza baizik». Lakuntzak zehaztu du patronaleko buruek badakitela hori: «Lan hitzarmenen oinarri izango den gutxieneko soldata bat negoziatuko luketela esatean, erakusten dute badakitela ez dagoela legezko arazorik».
Era berean, gaitzetsi du Confebask gizartetik «gero eta urrunago» dagoela, eta hori argi ikusten dela gaur egun munduan dagoen gerra testuinguruarekin erakusten ari den «isiltasunean eta epelkerian»: «Argi dago zein den haren posizioa: industria militarraren alde eta edozein posizio etikoren gainetik ekonomiaren interesak defendatzea».