Ekonomia

ELAk salatu du beste sindikatuak Bizkaiko metalgintzako patronalarekin bildu zirela

«Atsekabea» onartu du sindikatuak FVEMek plataforma bateratuaren eskakizunak murriztea lortu duelako.

Bizkaiko metalgintzako langileen manifestazioa greba egun batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko abenduaren 3a
13:37
Entzun

ELAren ustez, «aukera historiko» bat alferrik galdu da Bizkaiko metalgintzan lan akordio hobe bat lortzeko, eta ez da baliatu «patronala ahulezia aldi betean» egon izana. Sindikatuak salatu duenez, lan hitzarmena sinatu duten sindikatuek —CCOOk, LABek eta UGTk— bilerak izan zituzten FVEM Bizkaiko metalgintzako patronalarekin Lan Harremanen Kontseilutik kanpo, eta hortik etorri dela «batasun sindikalaren haustura». ELAren arabera, bilera horien ondorioz, sindikatuak euren eskakizunak murriztuz joan ziren FVEMekin akordioa lortu arte.

 

Sindikatuak onartu du, halaber, lan hitzarmenean aurrerapausoak eman direla, baina iritzi dio akordioa ez dela «nahikoa». Alde horretatik, gutxien gustatu zaizkien puntuak deskribatu dituzte. Besteak beste, uste dute hobekuntza egon dela subrogazioan, baina azpikontratetako lankide asko, «prekarioenak», lan bizitzari egonkortasuna emango liokeen eskubide gabe utzi ditu. Era berean, ABLEn erabilera eta kontratazioetarako mugarik ez egotea salatu dute.

 

ELAk borrokari eusteko asmoa plazaratu du, baina enpresaz enpresa. Sektoreko dinamika amaitutzat eman du, eta orain «hitzarmen propio» hobeak lortzen saiatuko da. Enpresak deitu ditu lan baldintza hobeen alde egitera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.