Espainiako Gobernuak dekretu bidez onartu eta Hego Euskal Herriko administrazioek aplikatuko dituzten murrizketak salatu dituzte, berriz ere, sindikatuek. Behin eta berriz salatzeari ezinbestekoa deritzo Adolfo Muñozek; haren ustez, defizita gutxitzeko gastua murriztea ez den bestelako aukerak badirela ezkutatzen zaiolako gizarteari. «Alternatibak badaudela jakingo balitz, zailagoa gertatuko litzaieke beraien gezurra kudeatzea».
Gastua gutxitu ordez sarrerak handitu behar direla esan du ELAko idazkariak Zapateroren murrizketak aztertu eta kritikatzeko eginiko agerraldian. Horretarako, zerga politika aldatzeko eskatu die alderdiei. EBko herrialdeen batez besteko zerga mailarekin EAEn 4.000 milioi euro, Nafarroan 1.300 milioi eta Espainian 90.000 milioi gehiago bilduko liratekeela gogorarazi du.
Gobernuburuak, alabaina, «krisia sortu dutenen zerbitzura makurtu» direla salatu du Muñozek. Gizartea sektore publikoko langileen kontra jarri nahi izatea leporatu die agintariei eta, murrizketak eginda, gainera, patronalari mezu argi bat bidaltzen dietela uste du: «Gobernuak langile publikoen lanpostuak eta soldatak jaisteko eredua bere egingo dute enpresaburuek».
Murrizketa nagusiak
Joan den astean onartutako dekretuaren azterketa ELAko arlo sozialeko arduradun Mikel Novalek aurkeztu du. Legeak jasotzen dituen murrizketa nagusiak azpimarratu nahi izan ditu sindikatuak, «komunikabideetan oso gutxi zabaldu direlako». Funtzionarioen soldata murrizteari, batetik, negoziazio kolektiboaren aurkako «eraso zuzen» deritzo. Pentsioetan, bigarrenik, 2011ko izoztearekin batera, erretiro partzialeko zein pentsioa jasotzeko 15 urteko kotizazio ezaldia eskatzen duen erregimen iragankorrak kendu dituztela azpimarratu du Novalek.
Gainerako neurri «atzerakoien» artean, menpekotasun arloko diru laguntzak murriztea, haur jaio berrien 2.500 euroko txekea bertan behera uztea eta tokiko erakundeen gastua kontrolatzeko neurriak gaitzetsi ditu. Patxi Lopezek iragarritako gastu murrizketak ere arbuiatu dituzte ELAko buruek.
ELAk uste du patronalak bere egingo dituela sektore publikoko murrizketak
Muñozen arabera, Europako zerga mailarekin Hegoaldean 5.300 milioi gehiago bilduko lirateke
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu