Elay eta orube huts hura Mexikon

2000. urtean, Antzuolako enpresak apustu ausart bat egin zuen nazioartekotzeko: Mexikon lantegi bat zabaltzea, non eta industriarik batere ez zuen Celaya hirian. Gauzak asko aldatu dira ordutik. Celayako lantegiaren 25. urteurrena ospatuko dute gaur.

Elayren fabrika Celayan, Guanajuaton (Mexiko), 2001ean. ELAY
Elayren fabrika Celayan, Guanajuaton (Mexiko), 2001ean. ELAY
Irune Lasa.
2025eko azaroaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

2000ko urteen hasiera hartan globalizazioa abiada bizian ari zen mundua aldatzen. Eta industrian, hainbat euskal enpresak, bezero handien atzetik, nazioartean zabaltzera behartuta ikusi zuten euren burua, haiek hornitzeko. Hedatzea zen bezeroei eutsi eta bezeroak ugaltzeko bidea, irauteko eta hazteko modua. Eta fenomeno horren barruan ulertu behar da Antzuolako (Gipuzkoa) Elay enpresak 2000. urtean Mexikon lantegi bat zabaldu izana.

Garai hartan, Mexikoko industria jada hasia zen bultzada handi bat igartzen, aurrena maquila sistemak eta gero NAFTA Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Itunak emandakoa. Eta testuinguru horretan iritsi zen Elay Mexikora, bezero garrantzitsu batek promestutako lan eskariak bideragarritasuna bermatu zionean. 2000. urteko azaroaren 10ean inauguratu zen Celayan (Guanajuato, Mexiko) Elayren lantegia, Celay izena hartuta. Eta hori gogoratuko dute gaur egingo duten ospakizunean.

Jose Luis Elkoro eta Yon de Luisa

Zergatik Celaya? XVI. mendean euskal abeltzainek sortutako Guanajuato estatuko hiri horretan apenas zegoen industriarik. Nekazaritzagatik eta trenbideen bidegurutzea izateagatik zen ezaguna. Baina Mexikorako egindako lehen prospekzio bileran elkar ezagutu zuten Yon de Luisak eta Jose Luis Elkoro Elayren buruak. Kandido Saseta Euzko Gudarosteko komandantearen iloba zen De Luisa, haurtzaroan gurasoekin Mexikora joana gerratik ihesi. De Luisaren bitartez heldu zen Elay Celayara, eta hura izango zen Celay enpresaren lehen zuzendaria.

«Ikusi genuen Celayan industria garapenerako eta bereziki automobilgintzaren industriaren kokapenerako industria plan garrantzitsu bat zegoela, eta leku egokia iruditu zitzaigun gure enpresa kokatzeko», gogoratu du Kristina Elkorok, Elayko kontseilari ordezkariak.

Celay/ Elay Amerikaren lantegia gaur egun, Guanajuaton
Elay Amerika-Celay enpresaren lantegia gaur egun, Guanajuaton. ELAY

Celaya hiriko lehen fabrika izan zen Elayrena, eta Mexiko osoko ebaketa zehatzeko lehen lantegia ere bai. Handik bi urtera, industrialde hartan bertan, Celay enpresaren ondoan ezarri zuten CIE Autonomotive, eta baita beste hainbat enpresa garrantzitsu ere, tartean euskal konpainien filial gehiago, hala nola Metagra, Panelfisa eta Garay.

Zailtasunak berehala agertu zirela azaldu du Elkorok: «Mexikon kokatzera bultzatu gintuen bezeroak ez zuen bere hitza bete, eta agindutako lana baino askoz gutxiago eman zigun. Ondorioz, premiaz lan bila atera behar izan genuen merkatura, aurreikusitakoa ez betetzeak erabat baldintzatu baitzuen errentagarritasuna eta kolokan jarri baitzuen lantegi berriaren etorkizuna».

«Lehen urteetan, esfortzu eta sakrifizio handiak ekarri zizkigun apustuak, baita estutasunak eta larritasunak ere»

KRISTINA ELKORO Elayko kontseilari ordezkaria

Prestatutako langileak topatzea ere ez zen erraza izan; horrenbestez, hainbat langile ekarri zituzten Antzuolara, prestakuntza jasotzeko, eta Antzuolatik ere joan ziren langileak hara, formakuntza ematera.

Horri talka kulturala gehitu zitzaion. «Pentsatzen genuen mexikarrekin gazteleraz hitz eginez erraz ulertuko genuela elkar, baina eguneroko martxak argi erakutsi zigun bi kultura oso ezberdin genituela: egiteko modu ezberdinak, izaera desberdinak, mundua eta bizitza ulertzeko era ezberdinak, baita lana ulertzeko modu ezberdinak ere», dakar gogora Elkorok.

Ziurgabetasuna

Horrelako proiektu batek familia enpresa ertain batentzat dakarren ahalegin erraldoia nabarmendu du Elayren kontseilari ordezkariak. «Lehen urteetan, esfortzu eta sakrifizio handiak ekarri zizkigun apustuak, baita estutasunak eta larritasunak ere. Zorionez, aurrera egin dugu, eta, egun, Elay Amerika-Celay lantegi oso garrantzitsua da taldearentzat».

Eta etorkizunari aurre egiteko prest dagoela azaldu du Ion Etcheverryk, Elay Amerikako erosketa buruak, noiz eta automobilgintzan ziurtasun falta nagusi denean: «Aldaketaren abiadura bizkortzen ari dela dirudi. Azken bi urte hauetan, merkatu irekiak sustatzetik politika protekzionistetara pasatu gara muga zergekin».

Marka txinatarrak, ibilgailu elektrikoak, jokalari industrial berriak, adimen artifiziala, tresna berriak... Etcheverryren ustez, «egia da horrek guztiak ziurgabetasuna dakarrela, baina baita aukera berriak ere, erronkak argi identifikatu eta haiei egoki erantzutea lortzen dugun heinean».

Elay DATUTAN

Elay Amerika 
Fakturazioa: 42 milioi euro.

Langileak: 328.

Inbertsioa: 10 milioi euro 2000n; 40 milioi gaur arte.

Bezero nagusiak: automobilgintzako hornitzaile handiak, hala nola Brose, Kiekert, ZF, Bosch, Magna.
 

Elay osoa
Ekoizpena: Ebaketa zehatzeko piezak balio erantsiarekin, plastikozko gainmoldaketarekin, doitasunezko akaberarekin edo operazio osagarriak gehituz. Adibidez, autoentzako segurtasun uhaletarako piezak.

Fakturazioa: (2024ko datuak) 105 milioi euro; 187 milioi pieza salduta

Langile kopurua: 591.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.