ELB sindikatuko laborariek prentsaurrekoa egin dute Maider Azarete eta Sebastien Renoux baratzezainen etxaldean, Saran (Lapurdi): «Orain arte isilik eta ahantzirik» egon den Euskal Herriko fruitu eta barazki sailari laguntza ekartzeko galdetu dute.
Besteak beste, eskatu dute laborantzarako kalamitateak aitortu beharra, ohiz kanpoko laguntzetarako eskubideak ezartzeko beharra, eta uzta galduz gero gizarte kotizazioak ukaiteko eskubidearen bermatzeko beharra. Diru laguntzen garatzea ere galdegin dute: «Laborantza ikastetxeetan fruituak eta barazkiak ekoizteko komunikazioa eta prestakuntzak garatzeko, etorkizuneko elikadura autonomia planteatzeko, hobeki ekoizteko, material ergonomikoan inbertitzeko, enplegatzeko, ekoizpenak izurriteetatik babesteko...».
Sail bereizia
Politikariei eta kontsumitzaileei mintzatu zaizkie, adierazteko zer heinetakoa den «gaur egungo egiteko urgentzia» saila mantendu ahal izan dadin eta «landare ekoizpenetan gazteak plantatzeko». Hala, sailaren berezitasun azpimarragarriak aitzineratu dituzte: «Landare ekoizpenean diren etxaldeak eremu ttipietan egoten dira —hektarea bat langileko, gutti gorabehera—, oso efizienteak izanez —20 bat tona barazki hektareako—, eta enplegu sortzaileak, eskuzko lan anitzekin».
ELBren arabera, fruitu eta barazkien ekoizpenaren %75 laborantza ekologikoan egiten da, «osoki lokalki eta zuzenean salduz», merkatuetan, ekoizle dendetan, etxaldeetan berean...
Alta, salatu dutenaz, ekoizleen sarea «ezin ukatuzko laguntza eskasian» dago. Azaldu dute landare ekoizpenean instalatzeko prozesua —usu familiatik kanpo egiten dena, hots— trabaz betea dela. Lehen zailtasuna «lur egokituak aurkitzea da», zeren Euskal Herrian klimaren gorabeheren eta merkatuaren «presio handia» jasaten baitute ekoizleek; horrek ondorioztatzen du laborarien etekinak are menturazkoak izatea. «Paraleloki, gaur egun ez da kalteen hartzeko molderik plantan ezarria».
Gainera, azaldu dute «bizi proiektu baten muntatzea eskatzen duen» instalazio bat dela: «Hutsetik, eremu soil batetik, eta kapital gutirekin; gero, maileguak erregularrak dira». Baina, ELBk salatu duenaren arabera, ekoizpen sail horrek kasik ez du Laborantza Politika Bateratuaren diru laguntzarik, hektareatan kalkulatzen baitituzte laguntza horien banaketak.
Zentzuzko lanbidea
«Laborariak beren lanaren zale amorratuak dira: zentzuzkoa den lanbide bat da, lurraldea elikatzen duena, baserrialdea biziarazten duena». Halere, ez du kentzen lurraren «errealitate gordinak eta laguntza faltak» hor dirautela. Eta, errealitate horren konkretuki adierazteko, zenbakitan azaldu dute: «Frantzian, landare etxaldeen %23k lehen sei urteetan uzten dute bere aktibitatea, hau da, lau etxaldetarik batek».
Ipar Euskal Herrian, gaur egun, «fruitu eta barazkien %80 inportatuak dira». Horregatik galdetu dute, hain zuzen, landare ekoizpena garatu behar izatea: «Guttienez bost aldiz biderkatu beharko genuke gure elikadura beharrak estaltzeko. Erronka ekologikoa da, soziala eta ekonomikoa bezainbat».
Laborariek oroitarazi dute, bestalde, «fruitu eta barazkien ekoizpena elikadura orekatuaren oinarria dela», eta elikadura burujabetza lortzeko «zinezko engaiamendua beharrezkoa» dela hautetsi eta Frantziako Estatuaren partetik.