Aste erabakigarria da hau Europako Batasunarentzat Mercosurren akordioari dagokionez. Itunak Europako industriari on egin beharko liokeen arren, hori lehen sektorearen kontura izango dela salatu dute nekazariek eta abeltzainek, eta EBko agintariei presioa egiten ari dira: gaur Liejako aireportuan batuko dira, eta bihar Bruselan izango dira, Europar Kontseilua han bilduko delako. Mobilizazioen antolatzaileetako bat da Andoni Garcia Arriola (Karrantza, Bizkaia, 1962), Bizkaiko EHNEko buruzagitzako kidea, eta Espainiako COAGeko eta Europako Via Campesina koordinakundeko ordezkaria.
Europako Batzordeak larunbatean sinatu nahi du akordioa Mercosurrekin. Sinatuko al du?
Europako Batzordeak ziurtzat jo izan du hasieratik akordio hori, baina, oraingoz, parlamentuak eta kontseiluak ez dute erabakirik hartu. Frantziak, Irlandak, Austriak eta Poloniak, adibidez, akordioaren aurka egin dute zuzenean, eta jakiteko dago Italiak ere uko egiten dion. Bide horretan, akordioa blokeatuta gera daiteke. Ez dakigu nola egingo duen parlamentuak, hilaren 20a baino lehen, Mercosurren inguruan behin betiko akordioa adosteko. Hortaz, aste hau ezinbestekoa da argi uzteko, mobilizazioen bidez, Europako nekazariok ez dugula akordioa onartzen.
Beraz, mobilizazioen helburua akordioa etetea da?
Bai, noski. Akordio horrek hautsi egiten ditu elikadura subiranotasunean oinarritutako politika baterantz aurrera egiteko aukerak. Itzuli egin da Europako Batasunaren plana, nekazaritza eta elikadura negozio elementu bihurtzekoa, esportazioan aritzen diren eliteen mesedetan. Eraginak jasanezinak izango lirateke nekazarientzat, eta, babes klausulak onartuko balira ere, ez dira ez eraginkorrak ez nahikoak izango itun horrek izango dituen eraginei aurre egiteko.
«Itzuli egin da Europako Batasunaren plana, nekazaritza eta elikadura negozio elementu bihurtzekoa, esportazioan aritzen diren eliteen mesedetan»
Europako Batzordeak kuota batzuk ezarri ditu, eta, adibidez, 99.000 tona behikiri erraztuko diote sarbidea. Hori EBko ekoizpenaren %1,5 da soilik. Hala ere, mehatxu dira esportazio horiek?
Zalantzarik gabe. Aztertu beharra dago merkatuek nola funtzionatu ohi duten horrelako merkataritza libreko akordioak egiten direnean. Oro har, inportazioak une erabakigarrietan egiten dira, eta barne merkatua hondoratzen dute. Ez gara soilik kopuruez ari, prezioez ere ari gara, eta inportazioak erabili ohi dira prezioak jaisteko. Haragia inportatuko da haragirik behar ez duen merkatu batera. Merkatua oso ahula da, gainera, eta inportazioek merkatua ezegonkortuko dute. Zer zentzu du haragia inportatzeak haragirik behar ez duen merkatu batean? Zer zentzu du hemengo kontrolak betetzen ez dituen haragi bat ekartzeak?
Batzordeak, aldiz, esaten du inportatzen den haragiak kontrola gaindituko duela.
Bai, baina badakigu herrialde horiek, Brasilek adibidez, ez dutela gaitasunik bere haragia hormonekin ekoitzita ez dagoela bermatzeko. Europak esaten du kontrolatu egingo duela, baina badakigu ez dagoela kontrol sistematikorik mugetan, eta kontsumitzailearengan arazoak sortu direnean bakarrik egiten direla halako kontrolak.
Europako herrialdeek akordioaren inguruko jarrera ezberdinak izan dituzte. Zergatik?
Interes geopolitiko argiak daude. EBk akordioa itxi nahi du, nekazarien kontura. Ezin dugu ahaztu EB planteatzen ari dela armen gastua handitzea Nekazaritza Politika Bateratuan nekazarien aurrekontua murriztearen kontura. Aldi berean, pentsatu behar da Alemaniak autoen salmentarekin dituen interesetan, adibidez. Akordio hau ikuspuntu geopolitikotik neurtzen da.

Horrelako akordioak negoziatzen direnean, argi azaldu beharko litzateke nori egingo zaion mesede eta nori kalte. Kasu honetan, ez dago inpaktuen azterketa nahikorik. Baina, hala ere, Europako Batzordeak onartzen du nekazariengan eragina izango duela, konpentsazio ekonomikoez eta babes klausulez hitz egiten ari dira eta. Bi neurri horiek ez digute balio, eta eztabaidak beste bat izan beharko luke. Europa bere elikaduraren burujabetza sakrifikatzen ari da, beste interes batzuen mesedetan. Zuzenean ari da nekazarien eskubideak urratzen, baina baita kontsumitzaileenak ere. Hori da eztabaida.
«Haragia inportatuko da haragirik behar ez duen merkatu batera. Merkatua oso ahula da, gainera, eta inportazioek merkatua ezegonkortuko dute»
Nekazaritza ereduak ere ezberdinak dira Europako herrialdeetan. Alde horretatik, ikusten al duzu akordioaren inguruko jarrera ezberdinik sektorearen barruan?
Esango nuke EBko nekazaritza eta abeltzaintza sektoreko protesta ahobatezkoa dela. Analisi komun bat dago, eta mobilizazio komunak planteatu dira. Badakigu eraginak handiagoak izango direla nekazari eta abeltzain txiki eta ertainentzat, baina sektore osoari egingo dio kalte.
Zeintzuk izango dira zuen ustez kalterik nabarmenenak?
Uste dugu kalte handiak izango direla batez ere etxaldeen eta ustiategien galerari eta prezioen jaitsierari dagokienez. Lehia desleiala izango da. Ezin da lehiatu hango prezioekin eta ekoizpen kostuekin. Horrek guztiak eskala handiko ekoizpen ereduetara bideratzen gaitu; Mercosurreko herrialdeetan ere ekoizpen eredu horiek bultzatzen dira. Hango nekazari txikiak eta ertainak ere ez daude ados itun horrekin, esportaziora bideratutako ereduak bultzatzen direlako. Eredu horiek nekazari eta abeltzain txiki eta ertainak ordezkatzen dituzte.