Aitor Argote. Mercabilbaoko zuzendari nagusia

«Elikagaiak garestitu izanaren arrazoi nagusia erregaien prezioa da»

Pandemiak mesede egin dio elikadura denda txikien sektoreari, eta Argortek azaldu du aurten iazko joera onari eutsi diotela. Argi du Mercabilbaok lurzoru handiagoa behar duela: «Hemendik atera behar dugu»

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Basauri
2021eko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Euskal Herriko elikagai merkatu handiena da Mercabilbao, eta, bide batez, sektorearen egoera aztertzeko termometro onenetariko bat. Azarora arte 235.177 tona elikagai banatu dituzte, eta abenduan iazko urte historikoko datuak hobetuko. Barazki eta frutek gora egin dute; arrainak, aldiz, behera. «Txikizkako merkatuaren joera da hori», azaldu du Aitor Argote azpiegiturako zuzendariak (Barakaldo, Bizkaia, 1966). Euskaraz erantzun ditu galderak.

Nolakoa izan da urtea? 2020a oso ona izan zen.

Balantzea ona da. Merkaturatze datuak oso onak dira. Arraina pixka bat jaitsi da, baina hori iazko datuekin alderatuta diot, eta haiek oso-oso onak izan ziren. COVID garaian, eta batez ere itxialdian, askoz gehiago saldu zen dendetan. Jendeak tokiko merkataritzara jo zuen merkataritza guneetara jo beharrean.

Askotan esan duzu pandemia ona izan dela elikadura sektorearentzat.

Egunero jaten dugulako. Handizkako saltzaileek esaten dute itxiera perimetralek mesede handia egin zietela. Eta joera ona mantendu da aurten. Arrain azokan nabaritzen da jaitsiera; supermerkatuak ondo ari dira. Fruta eta barazkietan, berriz, kalea aldatzen ari dela diote banatzaile handiek: saltzaileak, ordutegiak...

Txikizkako saltzailea aldatu egin dela esan nahi duzu?

Bai. Fruta arloan etorkinak dira nagusi, ia-ia gehienak, pakistandarrak, arabiarrak... Igande batean baldin bazatoz, kostata ikusiko duzu euskal herritarrik. Etorkin horiek ondo egiten ari dira lan. Atzerrian oso ohikoa da etorkinek eramatea fruta dendak, eta hona ere iritsi da.

Sentsazioa da fruta dendak asko ugaritu direla.

Bai, egia da. Fruta denda muntatu eta kudeatzea erlatiboki erraza da: ez du behar inbertsio handirik. Saltzaile berri hauek ordu gehiago sartzen dituzte dendan; gogor egiten dute lan. Bilbon sei fruta denda ireki dituen pakistandar batekin hitz egin nuen aurrekoan, eta oso ondo doakio. Oso ondo kudeatzen dute fruta; ondo ikasita dute. Era berean, sinesmen faltsu bat aldendu nahiko nuke. Badago jendea dioena fruta dendak irekitzen dituztela zergak-eta ordaintzen ez dituztelako: hori faltsua da.

Hori da arrazoi nagusia?

Bai, baina beste arrazoi batzuk ere badaude. Elikadura osasuntsua bilatzen dugu, baina arrainak manipulazio bat eskatzen du, eta frutak ez. Fruta jatea erraza da.

Eta arrandegiak?

Aurkakoa gertatzen da. Arrandegi bat ixten bada, ez du beste batek irekitzen. Zailagoa da. Fruta dendak ez du hotzik behar; arrandegiak, berriz, instalazioa behar du. Hastea kostu handiko kontua da.

Arrain kontsumoa jaisten ari da.

Hemen ikusten dugu. 12 urteko ikasleen bisitak izaten ditugu, eta askok ia inoiz ez dute arrainik jan. Datuetan ikusten dugu arrain salmenta behera doala; lau enpresa joan zaizkigu azken urtean.

Merkataritza gune handiak indartsu sartu dira arrainean.

Ondo ari dira. Horiek itsasontzi osoa erosten dute. Arrain salmentan dugun arazo handiena da arrandegiak ixten ari direla. Haientzat ordutegia arazo bat da, gehienek bakarrik goizez irekitzen dutelako. Fruta dendei gauza bera pasatu zitzaien: arratsaldez irekitzen hasi behar izan zuten. Erosketak arratsaldez eta jatorduetan egiten dira egun. Handizkakoek diote arrandegiek arratsaldez ireki beharko luketela, eta apustu horri eutsi. Dena moldatu behar da agian, eta hona 04:00etan etorri beharrean 07:00etan etorri, eta beranduago ireki arratsaldean egoteko. Argi dago hona 04:00etan etortzen bazara ezin duzula egon 20:00ak arte.

Estatistikek diote elikagaiak garestitu egin direla. Nabaritu al duzue?

Igarri dugu, bai. Salmenta kopuruan, berriz, ez. Jan egin behar da, eta jendeak beste nonbaitetik kenduko du, baina elikatu egin behar dugu.

Zein da arrazoia?

Arrazoi nagusia, nire ustez, erregaiak dira, gasolioaren prezioaren gorakada. Aurrekoan garraiolari batek esan zidan urte hasieratik hona 27 zentimo garestitu diotela erregai litroa. Pila bat da. Logistika da errege hemen, eta hark erregaia behar du.Laranjak Espainiatik datoz, eta sagarrak, Frantziatik. Aurten erregaia izan da arrazoi nagusia; duela bi urte izozteengatik izan zen. Kalabazinaren prezioa bikoiztu egin zen orduan: bi eurotik laura. Iaz COVIDarengatik ere garestitu zen, Andaluzian ez zeukatelako langilerik, edo ez behintzat erregularizatu gabeko langilerik. Eta erne, saltzaile batzuek oraindik ez dute preziora eraman gorakada hori.

Garraiolarien grebaren beldur al zinen?

Ardura sortzen zidan, batez ere arrainean. Errepidean piketeak baleude, akabo. Itsaskiak Europatik etortzen dira, Eskoziatik. Baita mihi arraina ere. Ganbak, Huelvatik (Espainia). Arraina merkantzia galkorra da. Pentsa almeja... Hor beste arazo bat dago: Ingalaterratik datoz gehienak; han landatzen dituzte, eta asko hil egin dira. Handizkako batek esan zidan 500 kiloko enkargua egin eta 300 bakarrik bidali ahal izan dizkiotela. Almejaren prezioa asko igotzea espero da.

50 urte bete ditu Mercabilbaok: zer moduz dago?

Osasun ona du, baina etorkizunakEuskal Herri osorako polo agroalimentario bat sortzea izan behar du. Hona Euskal Herri osoko saltzaileak etortzen dira, baita Iparraldekoak ere. Sagarrak ekartzen dituzte, eta beste fruta bat eraman.

Merkataritza gune handiak konpetentzia gogorra dira. Hala ere, eusten diozue.

Hemen beste gauza batzuk ere egiten direlako. Zuk hotel batean gosaltzen baduzu, fruta moztuta eta prest ikusten duzu. Nik uste nuen han prestatzen zutela, sukaldean jo eta fuego; bada, ez, normalean hemen egiten da hori, eta hala irteten da. Zukuak berdin: laranjak hemen zukutu, eta bost izarreko hotel batera doa botiletan. Eraldaketa hemen egiten da, 4. eta 5. gama delakoa. Elikagai eraikin handiak dira etorkizuna.

Txiki gelditu al da Mercabilbao?

Bai, lekua behar dugu. Hamahiru hektarea ditugu, eta lepo gaude; hemendik atera behar dugu, bai edo bai. Tira, ateratzen ez bagara, berdin jarraituko dugu. Gainera, ibaia eta autobidearen artean gaude; iragan astean ibaiak goraka egin ez zezan begira ari ginen. Leku berri bat behar dugu, baina ez merkatua bakarrik izateko: merkatua, eta eraldaketa eta logistika zentro bat. Erakunde publiko guztiekin hitz egiten ari gara. Azpiegiturak Bizkaian beharko luke, berrogei hektarea gutxienez, ondo komunikatua errepidez... Bizkaian ez da erraza berrogei hektareako orube bat aurkitzea. Toki batzuk begiratu ditugu, baina ezin dugu ezer esan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.