Elkarrizketa Sozialaren finantzaketa ikertzeko eskatu dute ELA eta LABek

Nafarroako Gobernuak Elkarrizketa Sozialaren Kontseilua bertan behera uztea nahi dute, UPNri lotutako «iraganaren parte» delako. Enpleguari buruz eztabaidatzeko prest azaldu dira ELA eta LAB

Mitxel Lakuntza (ELA) eta Igor Arroyo (LAB), atzo, ELAren Iruñeko egoitzan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2017ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Ez dute ulertzen zergatia. Nafarroako Gobernuak Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluan parte hartzeko gonbita egin zien ELAri eta LABi duela bi aste, 2019rako enplegu plana eztabaidatzeko. Atzo, bi sindikatuek esan zuten kontseilu hori «iraganaren parte» dela, eta lotua dagoela CCOO, UGT eta CEN finantzatzeko UPNren garaiko ereduari. «Iragan hori ezagutzen badu, zergatik erabaki du biziberritzea?», galdetu zuen ELAko Mitxel Lakuntzak. «Ezin dira iraganeko tresnak erabili etorkizuneko politikak egiteko», gaineratu zuen LABeko Igor Arroyok. Kontseilu hori bertan behera uzteko eskatu dute, eta hogei urtez hiru erakundeek jasotako dirua ikertzeko.

1999tik 2015era, UPNren gobernuek ehunka milioi euro eman zieten CCOO eta UGT sindikatuei eta CEN enpresaburuen elkarteari, langileentzako ikastaroetarako eta enpleguari lotutako beste zerbitzuetarako, eta, azken egunetan, horren inguruko xehetasun gehiago jakin dira. Agerraldi bateratu batekin erantzun diote ELAk eta LABek.

Arroyoren arabera, hogei urte iraun duen eredu horrek porrot egin du, duela bi hamarkada baino lan eta bizi baldintza kaskarragoak dituztelako egun nafar langileek. «Fartsa bat izan da: elkarrizketa soziala irudikatu da, baina benetan bakarrizketa baino ez zegoen». Haren ustez, CCOOren eta UGTren borondateak erosteko balio izan zuen. «Erregimenaren zutabe sozial bihurtu dira, eta horren truke jaso dituzte fabore politikoak eta dirutza».

Egungo Nafarroako Gobernuak ia amaitu du finantzaketa publiko hori —CENek guztira 720.000 euroko bi hitzarmen ditu, baina gainerakoak kendu dituzte—. Hala ere, Elkarrizketa Sozialaren Kontseilua indarrean izateak bi sindikatu abertzaleen haserrea piztu du, iragan horren ondare gisa ikusten dutelako. Batzorde hori 2014ko udazkenean sortu zuten UPNk eta PSNk. «Antzeko beste organo batzuk bezala, hiru erakundeok finantzatzeko sortu zen. Hasieran 900.000 euroko aurrekontua zuen. Han esertze hutsagatik jasotzen zuten dirua», aipatu zuen Lakuntzak.

Egun, finantzaketa publiko hori kendu bada ere, Lakuntzak ez du ulertzen zergatik hautatu duen gobernuak enplegu plana eztabaidatzeko foro gisa. «Enpleguaren arloan ere memoria beharrezkoa da. Bi sindikatuok finantzatu zituzten beste sindikatuen aurka egiteko, ELAren eta LABen aurka, besteak beste». Horregatik, biek eskatu dute eredu hori erabat bertan behera utzi eta sakon ikertzeko. Lakuntzaren arabera, parlamentuan ikerketa batzorde bat sor daiteke, administrazio arloko espedientea ireki edo Nafarroako Kontu Ganberari txostena egiteko eskatu.

Eztabaidarako gune gisa Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea proposatu dute bi sindikatu abertzaleek, eta prest azaldu dira enpleguari buruz hitz egiteko, baina gai zehatzen inguruan. «Afera ez da hainbat gairen inguruan eztabaidatzearen eta akordioak egitearen kontra gaudela», aipatu zuen Arroyok. «Edukien alde apustu egiten dugu, ez propagandaren alde», zehaztu zuen Lakuntzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.