Ekonomia

Elkarrizketa Sozialerako Mahaia utziko du CCOOk, han erabakitakoa bete arte

Eusko Jaurlaritzari hitzemandakoa betetzeko konpromisoa falta zaiola salatu du

Iker Aranburu.
2016ko martxoaren 17a
08:23
Entzun

Herren jaio zen Eusko Jaurlaritzak antolatutako Gizarte Elkarrizketarako Mahaia, ELAren eta LABen parte hartzerik gabe, eta are herrenago geratzeko arriskuan dago. Azaroan Berria-ri eskainitako elkarrizketan ohartarazi zuen Unai Sordok ez zegoela gustura mahai horren emaitzekin, eta orduan iragarritakoa bete du: ez da berriro Jaurlaritzarekin, Confebaskekin eta UGTrekin mahaiaren bueltan eseriko hitzartutakoa bete arte.

Agiri baten bidez, Euskadiko CCOOk ziurtatu du "onargarriaren mugak" gainditu dituela Jaurlaritzaren jarrerak. Bi dira, Sordoren sindikatuaren esanetan, bi dira indarrean jarri beharreko neurriak: errelebo kontratua sustatzea, eta etxebizitzak zaharberritzeko plana. 

Bi egitasmo horiek abian jartzeko ardura Lanbiderena dela uste du CCOOk, baina iruditzen zaio Jaurlaritzaren enplegu zerbitzuei "bost axola" zaizkiola Gizarte Elkarrizketaren Mahaian erabakitakoak, "aparatu burokratiko bat" delako. "Tran-tran-ean ari da jokatzen, pilota aurrera botatzen".

Errelebo kontratuaren bidez gazteak erretiroa hartzera doazen adineko langileen lanpostuetarako prestatzen dituzte, ondoren ordezkatzeko. Etxebizitzak zaharberritzeko plana, berriz, "enplegurako politika aktiboek funtziona dezaketela erakutsi behar zuen programa pilotu bat" zen.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.