Astelehenetik ez dira ekoizten Magefesa presio eltzeak Derioko planta historikoan. Itxita dago. Ehun langile inguru kalean geratu dira Bilboko epaile batek hartutako erabakiaren ostean, gehienak 50 urtetik gorakoak. 2008tik Compañia de Menaje Domestico (CDM) enpresaren hartzekodunen lehiaketa kudeatzen duen epaileak Euskomenajeenpresaren itxiera agindu du bideragarritasunak lekurik ez duelakoan. Ertzaintzak zigilaturik dauka eraikina, barruko makineria zaintzeko. 50 urte betetzera zihoan Derioko Magefesak aurten, baina krisialdiak aurrean eraman dituen beste enpresa ezagun hainbaten antzera, ez da urteurrenik ospatuko. Aspaldian galdu zituen enpresa bizkaitarrak ospakizun arrazoi guztiak. Haien lekuan lana galdu dutenen batzarrak daude, esaterako herenegun plantaren atarian egindakoa.
1989tik Damoklesen ezpata handi batek mehatxatzen zuen Magefesa EBtik: Eusko Jaurlaritzak 1986an emandako diru laguntzak legez kanpokoak zirela ebatzi zuen, merkatuaren lehiaketa arauak urratzen zituelako. Hari horrek zigor izugarria ehundu du azkenean: joan den abenduaren 11n Luxenburgoko Auzitegiak 20 milioi euroko isuna jarri zion Eusko Jaurlaritzari diru laguntzak ez berreskuratzeagatik. Dirua itzultzen ez den egun bakoitzeko 50.000 euro hazten da isuna, gainera, eta Magefesa ixterako 23 milioi ingurukoa zen. Babak eltzetik ateratzea ezinezkoa zen.
Likidazioaren azken urratsa egin behar da orain; kudeaketa hori gertutik jarraituko du EBk. Ikusteko dago, halaber, milioika sukaldetan bere lekua izan duen betidaniko markak zerbait utziko duen bizirik, zerbait salbatuko den. Kantabriako (Espainia) enpresari batek Derioko instalazioa erosteko asmoa izan dezakeela zabaldu da. Kalean geratu diren hainbat langilek enplegua aurki lezakete proiektu berri horretan. Ez dago inolako bermerik, ordea.
Langileek diote Euskomenaje ez dela Victor Picok zabaldu zuen lehen enpresaren oinordekoa, ezta Jorge Larrunbidek geroago zuzendu zuen elkartearena ere —Jaurlaritzaren laguntzak jaso zituena—. Euskomenajek Magefesa markako eltzeak merkaturatzeko eskubidea dauka oraindik Europan eta Afrikan. 2009an eratu zuten langileek Elkarte Anonimo Laboral gisa, eta jabeak haiek dira. EBk laguntzak jaso zituen elkartearen jarraitzaile ez direla onartzea nahiko lukete; Gursa, Cunosa eta Indisu espainiarrek lortu zuten hori bere garaian.
Historia pixka bat
1948an fundatu zuen Magefesa Victor Pico Garciak Algortako tailer txiki batean, Getxon. Burdinazko zartaginekin hasi zen. 60ko hamarkada arte ez zituen presio eltzeak ezagutu. SEB frantziarrarekin egindako harremanak ahalbidetu zion produktu berritzaile hori ekoizten hastea. Aluminioan eta altzairu herdoilgaitzean landu zituen hasieran.
1963an zabaldu zen Derioko lantegia, ordurako Magefesaren produktu nagusia zena ekoizteko. Altzairu herdoilgaitzeko lapikoak sukalde gehienetan ikusten ziren jadanik, eta hiru urte geroago 50.000 metro koadro handitu zuten lantegia. Urte hartan jaso zuen garai hartako administrazio frankistak ematen zuen Enpresa Eredugarria saria. Irabazi garrantzitsuak zituen ordurako, eta beste enpresa batzuk bereganatzen hasi zen, produktua dibertsifikatzeko. Limpias eta Guriezo (Kantabria, Espainia) herrietako planta bi erosi zituen mahai tresnak ekoizteko. Han bertan etxetresna elektriko txikiak ere ekoitziko zituzten geroago. Guriezon, bigarren planta, eta Limpiasen beste bi zabaldu zituzten ondoren. Holding-a La Linean (Andaluzia, Espainia) irekitako planta batekin osatu zuen Magefesak.
80ko hamarkadaren hasiera arte ziztu bizian hazi zen Bizkaiko talde enpresariala. Nazioartean ere saltzen zuen, eta esportazio neurri esanguratsuarekin. 1982an, 13.000 milioi pezetako fakturazioa izan zuen Magefesak —5.000 milioi esportazioei esker—; 5.000 langilek ziharduten Euskal Herriko nahiz Kantabria eta Andaluziako plantetan. Irratietan Amaren Egunaren aurretik Magefesaren iragarkia etengabe jartzen zuten garaiak ziren: «Zorionak! Opari iezaiozu Magefesa plantxa bat; zorionak! Opari iezaiozu Magefesa eltze espress bat; zorionak! Opari iezaiozu Magefesa kafe makina...»; ez zuen ematen hilabete gutxian gain behera hasiko zela.
Uholdeak eta Larrunbide
1983ko abuztuan Euskal Herrian izan diren uholde kaltegarrienetakoak gertatu ziren, eta Derioko planta ur azpian geratu zen. Magefesak milioi pezeta askotako inbertsioa egin behar izan zuen lantegia berreskuratzeko, eta sekula ez zion buelta eman egoerari. 1985ean Magefesa kiebran zegoen, eta jabeek Gestiber kudeaketa elkartearen sarrera onartu zuten, sindikatuek eta Eusko Jaurlaritza berak hala eskatuta. Jorge Larrunbide enpresariak hartu zuen modu horretan Magefesaren zuzendaritza, eta 1994 arte egon zen arduradun nagusi gisa.
Dena den, Goiri familiak holding-aren %15i eutsi zion, eta Seb talde frantziarrak, %33,3ri. Zati nagusia (%51,7) fundatzailearen familiaren eskutan geratu zen, Pico familiaren barruan. Enpresaren urrezko aroan, fundatzailearen iloba Fernando Pico bahitu zuen ETApm-k, 1979ko martxoan. 2,7 milioi pezetako erreskatea ordaindu eta gero askatu zuten, bi ordu bahituta eduki eta gero. Victor Pico osaba zen orduan Magefesako zuzendaria, baita CEOE patronal espainiarreko zuzendariordea ere.
Picotarrek eta beste bazkideek Jorge Larrunbideren Gestiberren sarrera onartu behar izan zuten, beraz, 1985ean. Egiturazko birmoldaketari ekin zion Larrunbidek 15.000 miloi pezetako zuloari aurre egiteko. Baina haren taktika oinarrizkoena diru publikoa bereganatzea zen, aurretik beste enpresa batzuetan erakutsi zuen moduan, eta Magefesarako ere lortu zuen diru laguntza garrantzitsua, Jose Antonio Ardanzaren lehenengo legealdiko gobernuaren oniritziarekin.
Diru laguntza horrek erabaki du, azkenean, Derioko fabrikaren patua; 1989an, EBk ikerketa bat zabaldu zuen Lakuak emandako sei milioi euroren laguntza eta bermeen harira. Atzerapen interesek 23 milioi euro bihurtu ditu 1989ko sei milioiak. EBk dio diru kopuru hori berreskuratu behar duela Jaurlaritzak. 2008az geroztik hartzekodunen lehiaketan egonik eta diru kopuru erraldoi hori itzuli ezinda, likidazioa baino ez da geratzen.
Bereiztea eta 2008ko kolpea
Larrunbideren eskuetan Magefesa berriro hasi zen ekoizten hilabeteetako etenaldiaren ostean; 1986ko saioak ere ez zion egoerari buelta eman, ordea. Nahiz eta presio eltze salduena izan, lehiakideek aldea murrizten ari ziren, Fagorrek batik bat, eta 1988an fakturazioak hazteari utzi zion berriro; galerek gora egin zuten.
Larrunbide egoerari eutsi ezinik ibili zen 1992 arte. Urte horretan holding-aren enpresak banatzea erabaki zuen. Hala jaio ziren Migsa (Cadiz) eta Gursa (Guriezo) Elkarte Anonimo Laboralak (SAL). Taldeko beste biak, Cunosa (Limpias) eta Indosa (Derio) Bruselaren aurrean salatu zituzten lehiakideek behin baino gehiagotan, jasotako diru laguntza publikoen karietara. Diru hori itzultzeko ezintasunak hamaikagarren porrotera eraman zuen enpresa berriro. Indosak 1994an egin zuen kiebra. Ordutik Magefesa marka bat besterik ez da. Hainbat elkartek ekoizten dituzte produktuak marka hori jartzeko eskubidearekin; haatik, jatorrizko enpresak itxi du jadanik.
Zortzi urte egon zen aro horretan botere judizialaren menpe. Ostean, enpresa saltzeko saioak egon ziren, baina ez zuten lortu helburua. 2008 arte zor handia pilatu zuen, eta urte horretan zorra pagatzeari utzi zion, berriro. Ordurako hartzekodun nagusiak langileak ziren, ordaindu gabeko lansariengatik —1,5 milioi euroko zorra—. Derioko lantegia 17,89 milioi eurotan tasatu zuten, eta hartzekodunen lehiaketa onartu zuen Bilboko merkataritza epaitegiak. 2009an Euskomenaje eratu zuten langileek; eta 2013a likidazioaren urtea izango da.
Euskal enpresa. Magefesa
Eltzea lehertu da
Euskomenaje, Magefesa presio eltzeen ekoizlea, ixtea ebatzi du hartzekodunen lehiaketa kudeatzen duen epaileak; urte askoan herrestan eramandako egoera ekonomiko okerra lehertu da. EBko Justizia Auzitegiak abenduan jarritako 20 milioi euroko isunak ekarri du egoerak gainezka egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu