Laneko ezbehar hilgarria eguerdian jazo da Adunako (Gipuzkoa) Goiburu auzoan, Aburuza sagardotegitik hurbil, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak azaldu duenez. Sagar bilketan lanean ari zen 35 urteko emakume bat hil egin da, zeraman atoidun traktoreak, atzerantz labaindu, eta zuhaitz baten kontra talka egin duenean.
Osasun zerbitzuak eta suhiltzaileak istripuaren gunera iristerako, langilea hilda zegoen. Ertzaintzak ikerketa zabaldu du ezbeharraren nondik norakoak argitzeko, eta Osalaneko teknikari bat ere izan da tokian, ezbeharrari buruzko datuak biltzeko.