Protesta

Enplegu «duinaren» alde inplikatu dadila eskatu diote administrazioari

50 langile batzordek eta kolektibok, indarrak batu, eta «administrazioen axolagabetasuna» salatu dute Gasteizen eginiko manifestazio batean: «Zuen pasibotasuna, gure izurritea».

Gaur arratsaldean egin dute manifestazioa Gasteizen, "Enpleguaren defentsan" lelopean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko urtarrilaren 30a
19:53
Entzun

Birusak gogor jo ditu hainbat sektore. Murrizketak egin dituzte enpresa askotan, eta baita hainbat langile kaleratu ere. Negozio batzuek ere ateak itxi dituzte, egoerak behartuta. Osasun krisia hasi geroztik, beraz, hainbat izan dira kalera protestatzera eta beren egoera salatzera ateratzea erabaki duten beharginak, erantzuleen eta erantzunen eskean. Gaur ere hala izan da, Gasteizen. Kirol zerbitzuetako, ostalaritzako, aeronautika sektoreko, irakaskuntzako, osasun arloko eta beste hainbat zerbitzutako langileek aldarriz josi dituzte Arabako hiriburuko kaleak, kezka nagusi baten bueltan: «Gure bizitzak arriskuan daude».

Hainbat enpresatako eta sektoretako langileek egin zuten joan den astean protestarako deialdia, Arabako enplegu «duinaren» alde egiteko. Hala ere, Aernnova enpresako langileek Gasteizko Los Angeles elizan eginiko itxialdia dago oinarrian, gaur arratsaldeko manifestazioa horren emaitza izan dela azaldu baitzuten. Hain zuzen, hainbat eragilerekin, langile batzorderekin eta elkarterekin hitz egin, eta ondorio batera iritsi ziren: haietako bakoitzaren kasua «partikularra» da, baina guztiek «antzeko arazoak» dituzte. Beraz, indarrak batu, eta «administrazioen axolagabetasuna» salatzeko garaia dela uste dute, erantzun «bateratu, global eta plural bat» emanda. Horretarako, 50 langile batzordek eta kolektibok egin dute bat mobilizazioarekin, eta baita sei sindikatuk ere.

17:00etan zen hastekoa manifestazioa, Bilbo plazan, eta hala izan da, baina aurrez dagoeneko nagusi zen auto karabanaren turuta hotsa. Taxi gidariek, banatzaileek eta kamioilariek zabaldu diote bidea manifestazioari, eta atzetik, manifestariak, osasun neurriak gogoan, lerroak osatuta, Enpleguaren defentsan lelopean. Hala ere, baziren azpialdarriak ere, mobilizazioari atxikimendua eman dioten guztien borroken adierazle; nork bere aldarria zeraman, eta, guztira, hamabost pankartak osatu dute aurrealdea. Oihuak, berriz, kaleratzeen eta administrazioaren jarreraren aurkakoak izan dira: «Zuen pasibotasuna, gure izurritea».

Frantzia kaletik egin du aurrera mobilizazioak, eta Santiagoko ospitalera iristean osasun langileen eta gainontzeko manifestarien arteko elkartasunak eztanda egin du. Osakidetzako langileak enplegu publikoaren alde lelodun pankarta ezarria zuten ate nagusi baten aurrean, eta erabateko osasungintza publikoaren aldeko aldarria ere nagusi izan da. Bien bitartean, langile borrokaren aldeko oihuka nagusitu dira, eta txalo zaparrada batez egin du aurrera mobilizazioak.

Mezua administrazioari

Ordubeteren ostean iritsi da pankarta nagusia Andre Maria Zuriaren plazara, euritan. Musikariak eta bertsolariak izan dira oholtzara igotzen lehenak, eta gaurko elkartzearen arrazoia izan dute gogoan: «Usain liteke gaur hemen dagoen haserrearen lurrina/ guztiontzako eskatzen dugu enplegu on eta duina».

Kirol zerbitzuetako langile batek eta Aernnovako beste batek hartu dute azkenik hitza. «Espero dezagun administrazio publikoak zuzentzen dituztenek gaurko manifestazioa gogoan hartzea, instituzioetako ardurak urtebete baino gehiago baitarama konfinatuta». Haien arabera, badaude formulak egoera hau «arazo komun gisa» ulertzeko, eta «iraultzeko». Uste dute administrazioak gai honetan ere «ardura» duela, eta «parte aktiboa» izan beharko lukeela. Beraz, pertsonen bizitzak «okertzen» ez dituzten erabakiak aldarrikatu dituzte. Halere, jakinarazi dute borrokarekin aurrera jarraituko dutela: «Hau ez da hemen amaitzen»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.